NAIZ

Donostia Ospitaleari emango dio Udalak Hiriko Bandera San Sebastian egunean

Donostia Ospitaleak jasoko du aurten Hiriko Bandera Udalaren eskutik San Sebastian eguna dela eta. Iaz Union Artesanaren 150. urteurrena ospatzeko martxan jarri zen ekimena hau. Aurten ez da urteurrenik, baina pandemiaren aurka egindako lana eskertu nahi da.

Union Artesanak jaso zuen iaz Hiriko Bandera. Aurten Donostia Ospitalarentzako izango da. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Union Artesanak jaso zuen iaz Hiriko Bandera. Aurten Donostia Ospitalarentzako izango da. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Donostiako Udalak Hiriko Bandera emango dio Donostia Ospitaleari. Nahiz eta aurten covid-19aren osasun krisiaren ondorioz San Sebastian eguneko ospakizunak bertan behera gelditu diren, Udalak iaz Union Artesanaren 150.urteurrena omentzeko martxan jarri zuen ekimena mantendu nahi izan du.

Donostiako alkate Eneko Goiak azpimarratu du hilabete hauetan guztietan birusaren aurka borrokatzen egon diren pertsona guztiei eskerrak emateko modu bat dela. Eta horren harian, honakoa esan du: «Hiriko banderak donostiar guztiok batzen gaitu, eta donostiar izateaz harro sentiarazten gaituen gauza bat da. Beraz, San Sebastian egunaren inguruan bizi dugun egoeran Donostia Ospitaleari bandera ematea aurten biziko dugun une berezietako bat izango da».

Hortaz, bigarren aldiz Donostiako Udalak hiriko bandera emango du. Hasiera batean, ekimena urtero urteurren bat ospatzen duen elkarte edo konpainia bati emateko sortu zen, baina osasun krisiak plangintza aldatu du, eta aurten, nahiz eta festarik ez den izango, covid-19aren aurka borrokatzen egon diren pertsonak omentzeko balioko du.

Bandera Konstituzio plazan

Bestalde, hiriko bandera Konstituzio plazan jarrita egongo da San Sebastian egun guztian zehar. Alkateak bihar, bezpera egunean, jarriko du, «ezarritako etxeratze ordutegia baino lehen». Horrenbestez, Udalak osasun krisiak sortutako egoerari egokituta ohiturari eutsiko dio, hain zuzen ere, hiriko bandera Udaletxe zaharrean jarrita egoteko ohiturari. Ondorioz, bandera modu sinbolikoan jarriko da, baina publikorik gabe.