NAIZ
Usurbil

Elkarrek ez du aurrera egingo bere proiektu berria Usurbilen eraikitzeko egitasmoarekin

Elkar Taldeak Usurbilen proiektu berria eraikitzeko zuen asmoa bertan behera geratu da. Covid-19ak sortutako «testuinguru latza» da erabakiaren arrazoi nagusia.

Elkar Taldeak hainbat denda ditu Euskal Herriko hiri eta herri desberdinetan; irudian, Donostiakoa. (Gorka RUBIO / FOKU)
Elkar Taldeak hainbat denda ditu Euskal Herriko hiri eta herri desberdinetan; irudian, Donostiakoa. (Gorka RUBIO / FOKU)

2018an dago proiektuaren abiapuntua. Elkar eta Gureak enpresek zituzten beharrei jarraiki, proiektu bateratu bat landu dute biek ala biek azken urteotan. Usurbilgo Zapategi eremua zen hautatutako lekua. Elkarrek bere jarduera eta biltegia bilduko lituzkeen pabilioi bat eraikitzeko beharra zuen, azken urteetan banaketaren arloan izandako garapena tarteko. Gureaken kasuan, lau pabilioi eraikitzekoak ziren, Lasarte-Oriako tailerra zaharkiturik zegoelako. Donostian eta Errenterian zituen tailerrak ere Usurbilera eramatea zen asmoa.

Elkar Taldeak, Gureak enpresak eta Usurbilgo Udalak ohar batean adierazi dutenez, 950 lanpostu ziren Usurbilera eramatekoak. Elkarlanean aritu dira hiru eragileok, pandemiak eztanda egin duen arte. «Osasun krisi latza eragiteaz gain, krisi sozial eta ekonomikoa eragin ditu, ageriko ondorioak eraginez alor eta eremu guztietan, herritarren bizitzetan zein erakunde publiko eta pribatuetan: Zapategi eremuko hirigintza hitzarmena ere bete-betean jo du», adierazi dute.

Oharraren arabera, pandemiak «Usurbilgo proiektua gelditzera behartu du Elkar: inbertsio txikiagoa behar duen beste planteamendu bat egitera». Proiektua bertan behera uzteko erabakia ez dela Elkarren gustukoa izan argudiatu dute oharrean, «taldeak ikusten baitzuen Usurbilen zuela bere beharretarako propio egokitutako egoitza eraikitzeko aukera. Baina une honetako egoerak enpresa behartzen du baliabideak neurriz erabiltzera, ziurtatu behar baitu hurrengo urteetan bere jarduerak aurrera jarraituko duela eta lanpostuei eusteko gaitasuna izango duela».

Usurbilgo Udalarentzat «kolpe gogorra» izan dela adierazi dute. «Ez da berri ona ez Usurbilgo Udalarentzat, ez Usurbilgo herriarentzat».

Elkarlanean jarraituko dute

Elkar Taldeak bere bidea hartu duen arren, hiru eragileek elkarlanean jarraituko dute, Gureak-ek ezin baitio bakarrik aurre egin adostutako proiektuari. «Orain, Elkar gabe bada ere, proiektu berriarekin buru-belarri ari gara lanean, eta horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere. Oso eskertuta gaude gu ere urteotan Elkar Taldearekin zein Gureak-ekin izandako elkarlanagatik, eta zinez etorkizun emankorra opa diegu bi-biei», adierazi dute.