Euskal kontalaritzan, atzoko kontuak biharko ote?

Kontalaritzaren egoera Euskal Herrian eta sorkuntzaren eta ondarearen arteko harremana aztergai izan ditu Leire Diaz de Gereñu Lasagak Euskal Kultur Erakundeko Etnopoloak ostegun honetan antolatu duen mintzaldian. Online izan da, osasun neurriek ez baitute bestela egiteko paradarik eman.

Leire Diaz de Gereñu Lasaga EKEk antolatu online mintzaldia ematen. (NAIZ)
Leire Diaz de Gereñu Lasaga EKEk antolatu online mintzaldia ematen. (NAIZ)

Gasteizeko Euskal Herriko Unibertsitateko bulegotik mintzatu da Leire Diaz de Gereñu Lasaga, Uztaritzen dagoen Euskal Kultur Erakundeko Etnopoloak ostegun honetan antolatu duen mintzaldian. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketetako doktore eta irakasleak ‘Ondarea eta sorkuntza: begirada gurutzatu bat kontalaritzari’ gaia aztertu du sarean konektatu diren ikus-entzuleen aurrean.

Pandemia dela eta, ikasturteko lehen mintzaldia izan da, osasun neurriek aurreikusi data gibelatzera eraman baitzituen antolatzaileak, baina azkenean online egitea deliberatu dute. Horren berri eman du mintzaldia aurkeztu duen Terexa Lekunberri etnologoak, eta Euskal Etnopoloaren koordinatzaileak.

Euskal kontalaritzak azken hamarkadetan bizi izan duen galera izan da mintzaldiko ardatzetako bat, izan ere, inguruko beste hizkuntzetan ez bezala, eta beste hizkuntza gutxituetan ez bezala, ez du garapenik izan. Inguruan, kontu praktika berriak izan dira, baina ez euskaraz. Toki bakoitzean dauden berezitasunak kontuan hartu behar direla azaldu du hizlariak: «Ez dago formularik».

Azken 40 urteetan bertsolaritzak izan duen garapena edo euskal antzerkigintzak duen egoerarekin konparatu ditu hizlariak, hizkuntza ardatz duten beste adierazpide horietan ez bezala, tradizioa galtzen joan baita.

Linguistikoki egiten duen ekarpena nabarmendu du eta, aldi berean, elebitasunak aberasten duela ere adierazi du, euskal kontalaritzaren ezaugarria dela gaineratuz.

«Ondo kontatzeko, ondo entzuna»

Egun Euskal Herriko ipuin kontalari nagusietako bat bezala izendatu duen Koldo Amestoyren hitzei erreferentzia egin die, non entzuleria orokorrean prestaturik ez dagoela esaten duen: «Ondo kontatzeko ondo entzuna izan behar da».

Kontalaritza hizkuntza sorkuntza baita, kontalariak ikus-entzulegoaren arabera moldatzen du bere diskurtsoa, heldu zein txikien arteko egiturak aldatuz, errepikapenak gehituz edo gutxituz edota publikoaren atentzioaren arabera digresioak gehiago edo gutxiago sartuz, bestak beste. Joxe Migel Barandiaran Aierberen hitzak gogoan hartu ditu hori azpimarratzeko, zeinak esan zuen legendak eta ipuinak ez direla berdin kontatzen.

Mintzaldiari izenburua ematen dion sorkuntza eta ondarearen arteko harremanari buruz adierazi du: «Konta-praktika berriak kulturen arteko truke eta dialogoa gero eta indartsuagoaren adibide ona dira eta gurena ere garatu dira, euskal kulturaren ondarea erabiliz (eta hau aberastuz) eta era berean, sorkuntza beraren ondorioz ondare bilakatu dira».

Online partekatuz

Ordenagailuaren atzetik trukeak berdinak ez badira ere, izan dira elkarrizketak eta esperientzia kontakizunak. Mintzaldiaren hastapenean, «baieztapenak baino, galderak dauzkat zuekin partekatzeko, eta aniztasunetik dator ekarpena» esan du doktoreak, eta horrelakoa izan da bukaera.

Diaz de Gereñu Lasagak behin baino gehiagotan aipatu duen Amestoy entzuleen artean izan da, eta hitza hartu du mintzaldia bukatzean. Doktore eta irakasleak egindako aurkezpen zientifikoari erreferentzia eginez, kontalarien hitzak biltzeko egin duen lana laudatu du eta, aldi berean, berak zerbait kontatzean edo asmatzean parametro horiek ez dituela kontuan hartzen esan du, baina «joko bat» bezala gehiago sentitzen duela, bere buruari eta publikoari «ezusteko» batzuk emanez.

«Horregatik pizten dira kontrolatu ezin diren gauza batzuk, antzerkian edo bertsolaritzan kontrolatu behar direnak, baina guk askatasun handiarekin lan egiten dugu. Horrek egiten du beharbada beste era bat, eta horregatik erakundeek ez dute gure lana hain ongi ulertzen. Profesionalki ezin dugu gure lana arte bezala agertu, askatasunaren berezitasun hori beldur ematen duen edo, ez dakit» gaineratu du Amestoyk.

EHUko kideak anitzetan kontalaritza testu bat ikasi eta ahoz ematea besterik ez dela uste dela baieztatu du, «eta ez da hori, landu egin behar da, helburua da erantzunaraztea jendaurrean, interakzio horretan, ez dakizu inoiz zein izango den emaitza, horregatik nik konta-saioaz hitz egiten dut prozesu bat bezala, emaitza bat baino. Publikoari eman behar zaio, eta horretarako inprobisatzeko gai izan behar da».

Sortu berri den kontalarien belaunaldi berria aipatu du etorkizunera begirako bidea bezala, baina aldi berean egindakoaren biltzea, sailkatzea, transkribatzea eta aztertzearen lana badela aztertu, aldi berean aitortu du «ni ez naiz denetara heltzen».

Etnografoa eta lizeo irakaslea

Okzitaniako Tolosatik Josiane Bru Zientzia Sozialen Ikasketa Handietako Eskolako Antropologia zentroko adituak ere parte hartu du. Erretretan dagoen ikasketa ingeniariak ‘Le conte populaire français, contes merveilleux’ liburuaren idazlea ere bada, besteak beste. Eta Diaz de Gereñu Lasagari Amestoyren zenbait fitxategi eman diezazkiokeela esan du bere hitzartzean.

Urte luzez lizeoan Historia eta Geografia ikasgaiko irakasle izandako Mikelek, bigarren hezkuntzako ikasleen artean ere, historia kontagintzaren parametroetatik kontatuta lortzen den atentzioa eta eragin positiboa nabarmendu ditu.

Bukatzeko, Lekunberrik hartu du hitza, mintzaldian esandakoa borobilduz: «Ulertu dugu euskarazko kontalaritzari buruz anitz badela ikertzeko, eta egiturak eskasak direla». Zentzu horretan, gaineratu du: «Kontalaritza berpizten hasi berria da, baina transmisioa hautsi da, eta horregatik egungo egoera hain da eskasa. Bada lana horretan hurrengo urteetan».

Hurrengo hitzordurako gomita luzatzen amaitu du Etnopoloaren koordinatzaileak, otsailaren 18an izanen da hizlaria Eric Dicharryren eskutik. Orduan ere, seguruenik egoerak bestela ezin ahalbidetuko duenez, online ere izan beharko dela esanez amaitu du.