«Euskalgintzak testuinguru berriarekin bat datorren aterki ideologikoa behar du»

Euskalgintzaren aterki ideologikoari buruz aritu dira Idurre Eskisabel, Andoni Olariaga eta Onintza Odriozolak Plaza Hutsak antolatutako mahai-inguruan. Iraganari eta orainari begira, etorkizuneko erronkak izan dituzte hizpide.

Idurre Eskisabel, Andoni Olariaga eta Onintza Odriozola, ‘Aterki ideologiko (zahar)berritua’ mahai-inguruan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Idurre Eskisabel, Andoni Olariaga eta Onintza Odriozola, ‘Aterki ideologiko (zahar)berritua’ mahai-inguruan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Euskararen inguruko gogoetari ekin dio gaur Sorturen Plaza Hutsa dinamikak. Goizean egoera soziolinguistikoaren azterketa egin ondoren, bazkalostean ‘Aterki ideologiko (zahar)berritua’ mahaingurua izan da Idurre Eskisabel kazetari eta antropologoa, Andoni Olariaga filosofoa eta Onintza Odriozola EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeko kidearen eskutik.

Eskisabel izan da hitza hartu duen lehena. Hasteko, gaur egun euskaraz bizitzea «hautu bat» dela argi utzi du. «Ez da berez datorkigun zerbait. Oso kontzienteki eta oso erne egunero egin behar dugun ariketa bat da. Berez datorkiguna espainieraz edo frantsezeraz bizitzea da», azaldu du. Gainera, hori euskararen arnasguneak izan daitezken eremuetako errealitatea ere dela nabarmendu du.

Aipatutako hautuari esanahi eta balio bat «etengabe» eman behar dela adierazi du eta hor aterki ideologikoa edo zoru diskurtsioboaren garrantzia sartzen dela jokoan. Euskaldunek zoru diskurtsibo hori baduten galdetu dio bere buruari, eta iraganari begiratu dio erantzuna emateko: «Euskarak bizirik iraun du milaka jende urteetan zehar euskaraz bizitzeko hautua egin duelako, eta hori egin badute, zoru diskurtsiboa izan dutelako da, naiz eta zoru diskurtsibo horrek beste batzuekin talka egin duen».

Era berean, zoru diskurtsibo horren eguneraketaren beharra nabarmendu du Eskisabelek. Gaur egungoa XX. mendeko azken hamarkadetan sortu zela adierazi du eta «XXI. mendeko jendeon izatearekin bat egiten duen zoru motibagarri bat» behar dela azpimarratu du.

«Jauzi kualitatiboa»

Bide horretatik jarraiki, ikuspuntu filosofiko bat eman dio Olariagak. Euskalgintzak jauzi kualitatibo bat eman behar duela nabarmendu du, eta euskarak «mundu oso bat hitz egin edo espresatu behar duela».

«Agian, gustatzen ez zaizkigun edo berezkoak ez ditugun eremuetan espazioak sortu behar ditugu. Izugarrizko literatura dugu baina beste eremu batzuetan hankamotz gaude», hausnartu du Olariagak. Honi lotuta, Korrikako 2019ko edizioaren euskal-trap kantarekin sortu zen eztabaida ekarri du gogora eta euskarak eremu guztietan «naturalizazio erradikal bat» behar duela esan du.

Odriozolak iraganari begira hasi du bere interbentzioa. Aurreko belaunaldiek egindakoari buruzko hausnarketa egin du, eta Txillardegik aurreko mendean plazaratutako ideiak eraman ditu mahaingurura.

Alde batetik, hizkuntza eta kultura nazio bati «batasuna eta identitatea ematen dioten elementuak» direla nabarmendu du, eta bestetik, Estatuaren tresnaz mintzatu da: «Hizkuntza indartsuek gobernatzeko botere politikoa dute».

Aliantzak

Euskararen borrokak beste zapalduen borrokekin aliantzak sortu behar dituela aipatu du Odriozolak. «Aurreko mendean euskara eta euskal kulturaren aldeko borroka prozesu iraultzaile batean kokatzen zuten, gaur egun, prozesu independentista eta ezkertiar batean jarri behar dugu», adierazi du.

Aterki ideologikoaren gaiarekin jarraituz, gaur egungo aterkiaren erakargarritasuna jarri du zalantzan Odriozolak. «Diskurtsoak gaurko testuinguruetara eguneratu behar dira. Zaila den arren, XXI. mendeko testuinguruarekin bat etorriko den eta erakargarriagoa den zorua egiten saiatu behar gara», nabarmendu du.