Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Belharran birtualki surf egiteko aukera ikusle guztien esku

Iaz argitaratu zen «Bizi Belharra» filma Bilboko Surf Film Festibalean izango da. Olatu handien kategorian 360 graduko irudiekin egindako munduko lehen filma euskaraz emango da.

Iaz Ipar Euskal Herrian ekoitzitako bi film izango dira aurtengo Bilbao Surf Film Festibalean, “Rame Pour ta Planete” eta “Bizi Belharra”. Bi lan horiek eta mundu zabalean ekoitzitako beste hainbat film Bilboko Itsasmuseumen ikusi ahal izango dira otsailaren 4tik 7ra bitartean.

“Rame Pour ta Planete” 52 minutuko dokumentala, Sabina Hourcadek eta Lucie Francinik ekoitzi eta argitaratu zuten 2020ko otsailaren 28an. Alternatiba mugimenduak 2018an klimaren alde antolatu zuen bizikleta martxa sostengatzeko dozena bat lagun lehen aldiz itsasoratu zirenetik, Arraun Planetaren Alde Mugimendua sortu eta egun ehunka lagun mobilizatzen dituen mugimendu zabala eratu arteko ibilbidea erakusten du dokumentalak.

“Bizi Belharra” filma, ostera, osasun krisiak baldintzatutako testuinguruan aurkeztu zen, abuztuaren 17an, Biarritzen, La Maison du Surf egoitzan. Julien Rouland “Surf Session” aldizkariko editorearen laguntzarekin antolatu zuten filmaren aurkezpena eta ordutik soilik egileekin zuzenean harremanetan jarri direnek ikusi ahal izan dute 360 graduan filmatutako irudiekin osatutako lana. Ordea, Bilboko ekitaldiak olatu handien kategorian lehen aldiz errealitate birtualean egin den surf filma publiko zabalaren esku jarriko du.

2020ko otsailaren 14an izan zen itsaskiak Belharrako olatua esnarazi zuen. Egun hartan Gautier Garanx eta Julien Molia surf egitera bertaratu ziren. Filmak egun hartan Donibane Lohizuneko portutik atera ziren unetik bizi izan zituzten esperientziak erakusten ditu eta ikuslea birtualki surflarion azalean jartzen du.

Errealitate birtuala

Pierre Lapeyradek (Angelu-1991) eta Nanda Fernandezek (1971-Hondarribia) egindako lanak 17 minutuko iraupena du, baina ez da ohiko filma: berau ikusteko kasko berezi bat jarri behar da, ikuslea zuzenean filmeko irudietan kokatzen duena.

Alegia, ikuslea lekuan balego bezala sentituko da. Ikusleak burua itzultzen badu, filmaketaren unean kameren atzean gertatzen ari zena ere ikusiko du. Adibidez, kameraren aurrean norbait ari da hitz egiten, baina, ikusleak burua itzultzen badu, kameren atzean gertatzen dena ere ikusten du. Hots, une horretan norbait footing egiten pasa bazen, ikusleak pertsona hori korrika egiten ikusiko du.

Uretan ere gauza bera da, surflaria olatuan behera doanean, inguruan gertatzen den guztia ikus daiteke. Ikusleak albo batera begiratzen badu, surflariak une horretan burua mugituko balu ikusiko lukeen gauza bera ikusiko du, adibidez, olatuaren aparra edo gibelean duen olatuaren malda, eta, beste aldean, ontzietatik jendea begira.

Halako irudiak hartzeko material egokia behar da. Egileek hamar kamera desberdin dituzte 360 graduko irudiak hartzeko. Horrela, planoen arabera erabili beharreko kamera hautatzen dute. «Kanpoko plano finkoak hartzeko kamera lodiagoak ditugu eta sekulako kalitatea duten irudiak har ditzakegu kamera horiekin. Uretan, berriz, Go-Pro markakoak erabiltzen ditugu», azaldu du Lapeyradek.

Olatu gaineko irudiak nola hartzen dituzten ere argitu du egileak: «Bi kamera ditugu, biak 360 gradukoak, bata nik eramaten dut jet-skian eta bestea surflariak darama bere kaskoan. Hori bai, surflariak behin olatua hartzen duenean, bere zentzu guztiak olatuan jarri behar ditu, beraz, nik bere inguruan dagoena ahalik eta plano gertuenetik hartu behar dut».

Paristik Angelura, «Uretan»

Materiala eta esperientzia ez dira egun batetik bestera eskuratzen, eta Belharrako proiektua egitera iristeko aurrez zenbait urrats eman behar izan dituzte egileek. Lapeyradek “Space In VR” marka sortu eta muturreko kirolekin 360 graduko filmak egiteko proiektua Parisen nola sortu zuen kontatu du, izan ere, “Argien hirian” ezagutu zuen bere egungo lankidea, Nanda Fernandez, sortzez donostiarra baina Hondarribian hazia.

Lapeyrade Parisen errealitate birtualari lotutako lanetan ari zen 2014an: «Zinema estudio batera deitu ninduen enpresako buruak, baita Nadia ere, eta bertan ezagutu genuen elkar, bera ere Parisera joana baitzen bideo bat egiteko. Nik drone bereziak gidatzen nituen errealitate birtualeko kamerak igotzeko, eta berak ere gauza bera egiten zuen beste enpresa batean».

Sasoi hartan Digital Immersion Frantziako errealitate birtualeko lehen enpresan egiten zuen lan Lapeyradek eta sekulako zortea izan zuela aitortzen du. «2014an oraindik gauza berria zen eta ez genuen lehiarik, beraz, lan anitz genuen».

Hiru urteren ostean, Euskal Herrira itzuli zen Lapeyrade buruan zituen egitasmoak gauzatzera. «Etxera itzuli eta errealitate birtuala surfera eta muturreko kiroletara eraman nahi nuen. Nire bi pasioak elkarrekin eman nahi nituen, nire kabuz», argitu du angeluarrak.

Egiten zuten lana ezagutarazteko zailtasunak zituzten ordea. «Enpresetara joaten ginen gure eskaintza egitera, baina ohartu ginen ez zutela ongi ulertzen zer egiten genuen. Horrenbestez, film labur bat egin genuen bezeroengana hurbiltzean zer egiten dugun erakusteko». Horrela sortu zen hain zuzen ere “Uretan”, 7 minutuko film laburra.

Manoa Larcher 15 urteko gaztea surf egiten hasi eta urte baten buruan izaten duen bilakaera irudikatzen du “Uretan” filmak: «Angeluko gazte baten dokufikzioa egin genuen, alegia, berak maila aski ona du errealitatean, baina filmean deus ez dakien unetik egun duen mailara egindako bidea antzezten du. Surf ikastaroak egiten ditu eta emeki-emeki bere surfa hobetzen doa, baina, egiaz, inork ez du halako maila urte bakar batean lortzen, horregatik da dokufikzioa, fikziozko istorio bat kontatzen duelako».

Covid-19a, egokitu beharra

Hasieratik garbi zuen Lapeyradek abiatuko zuen egitasmo berriaren kudeaketaren ardura osoaren jabe izan nahi zuela eta, horri esker, covid-19ak eragindako osasun krisiaren erdian bere eskaintza testuinguru berrira egokitu ahal izan zuen.

«Nik usaian beste produkzio batzuetan egiten nuen lan. Enpresako filmak egiteko edo publizitatea egiteko deitzen gintuzten, baina, aldi honetan, muturreko kirolen munduan nahi nuen nik lan egin. Nik izan nahi nuen hautuak egiteko aukera, nola egin, norekin, zer egin filmarekin... Horrek egokitzeko aukera eman dit», nabarmendu du angeluarrak.

Hasiera batean taldekako ekitaldiak egin nahi zituzten “Bizi Belharra” filma aurkezteko, hoteletan, elkarteetan edo enpresetan kasu, baina, «jende anitzekin proiekzioak egiteko aukera ez genuenez, banaka edo talde txikitan proiektatzeko egokitu genuen gure eskaintza».

Horrela hasi ziren talde txikietan eta jendearen etxeetan filma aurkezten. Gutxienez lau pertsonako taldea osatzea eskatzen dute, eta 25 euro kobratzen dituzte pertsonako. Lapeyradek aitortu duenez, iragan Eguberrietan dei anitz izan zituzten.

Kritika oso onak

“Bizi Belharra” filmak kritika onak baino ez dituela jaso azpimarratu dute egileek: «Izugarria izan da. Normalean beti izaten da kritika txarren bat egiten duen bezeroren bat, beti bada norbait zerbait kritikatzeko, baina kasu honetan ez dugu kritika negatiborik jaso, ezta bat bera ere! Lehen aldia da halako zerbait gertatzen zaidana».

Filmak izan duen harrera ona ikusita, kaskoak kendu ostean jendeak izan dituen erreakzioak bildu dituzte, Lapeyraden esanetan, «ikusgarriak» baitira. «Gehienek sekula biziko ez duten esperientzia bat bizitzen dute modu birtualean ‘Bizi Belharra’ ikustean. Izan ere, jende gehiena ez da inoiz aterako ontzi batean Belharra gertutik ikustera, are gutxiago olatua hartzera».

Ordea, noizbait Belharrako olatua hartzeko asmotan dabilen surflariarentzat ere lagungarria izan daiteke filma, eta halako bezeroen deiak ere jaso dituzte. Adibidez, Bruno Degert olatu handietako surflariaren xedeetako bat noizbait Belharran surf egitea da eta filmari esker baliagarria izango zaion informazio anitz eskuratu ahal izan du. Degert olatu handietako surflari ezaguna da Lapurdin, olatu handiak diren bakoitzean itsasoratzen baita. «Urteak daramatza Belharran surf egiteko prestatzen eta filma ikusi eta kaskoak kendu zituenean begiak zabal-zabalik zituen. Bikaina zela esan zuen, zinez pozik zen. Berak alde teknikoa begiratzen zuen, noizbait bertan izango dela badaki, eta filmari esker informazio anitz bildu zuen. Unea iristen denean erronka nolakoa izango den irudikatzeko ideia osatuago bat du orain».

Filma ikusteko modua, beraz, ikuslearen arabera aldatu egiten da. Ez da gauza bera surflarien begiekin ikustea edo surfaz ezer gutxi dakien norbaiten begiekin egitea. Denek gozatzen dute, baina surflariak kaskoa jantzi eta etengabe burua mugitzen hasten dira; alde batera, atzera, gora, behera... begiratzen dute. Surfaz ezer gutxi dakitenek, aldiz, filma jarraitzen dute, gutxiago mugitzen dute burua, eta surflariaren ikuspegiarekin gozatzen dute. Edonola ere, batzuentzat zein besteentzat, esperientzia kilikagarria da.