Jon Ormazabal

Nahi baino gehiago sufritu dute Ezkurdia-Galarzak lehen puntua eskuratzeko (22-14)

Aspeko nafarrak 16-1 aurreratu dira markagailuan, Zubizarreta-Albisu ataundarrak 18-14 gerturatu dira baina Albisuk azken aldera egindako hutsek aukerarik gabe utzi dituzte.

Joseba Ezkurdiak ez dio aukerarik eman Zubizarretari. (Jon URBE/FOKU)
Joseba Ezkurdiak ez dio aukerarik eman Zubizarretari. (Jon URBE/FOKU)

Binakako honetan garaipen errazik ez dela inork baino hobeto dakite Joseba Ezkurdia eta Ladis Galarzak, hiru porroten ostean, eskuetan zuten lehen puntua eskuratzeko nahi eta behar baino gehiago sufritu behar izan dutela Zubizarreta-Albisu ataundarrei 22-14 irabazteko. Gorabehera handiko lehia batean, Aspeko nafarrak 16-1 aurreratu dira arerioen gainetik pasata, baina ez dute lehenengoan partida amaitzen asmatu eta ia «otsoek» harrapatu dituzte, 18-14 gerturatuta. Albisuk, ordea, lurrera bota du bi eta erdian aukera aukerako pilota bat eta hortxe amaitu dira goierritarren esperantzak, nafarren lasaitasunerako.

Partidak gorabehera handiak izan ditu, hein handi batean materialak baldintzatuta, bikote bakoitzak min handia egin baitio besteari kantxan eroso sentitu denean. Lehen hiru tantoak ikusita, inork gutxik espero zezakeen lehiak hartu duen bidea. Ikusgarriak izan dira, batez ere urdinen lehenengoa –beste hiru pilotariek txaloak jo dizkiote Albisuk bostetik boleaz egindako bi paretakoa– eta gorrien bigarrena, Ezkurdiak atzean lortua tanto bikain baten ostean, baina hortik aurrera Aspekoek ihes egin dute markagailuan.

Ezkurdia izan da ihesaldi horri indarra ematen lehena, Zubizarreta ezinean aritu baita arbizuarrak pilotari eman dion abiaduraren aurrean. Lehen partida zuen aurrelari gazteak Ezkurdiaren aurka eta defentsan aritzea kosta egin zaio Binakako txapeldunaren potentziaren aurka. Atzean ere Ladis Galarzak jarri du bere alea, denbora ematen zion pilota batekin Albisuri eusteaz harago, bizkarra ere erakutsi diolako.

Berandu heldu den erreakzioa

Gorriak txapelketako lehen jardunaldian jaso zuten egurra itzultzeko moduan zirela zirudien (16-1), baina Ezkurdiak txapara bota du pilota bat, goierritarrek pilota biziagoak jarri dituzte jokoan bera gainetik pasatzeko asmoz eta partida erabat aldatu da. Goriek eurek ordura arte egin ez dituzten akatsak egin dituzte, baina batez ere kantxan deserosoago aritu dira, Albisu gailentzen joan da eta Zubizarretak ere, asmatu egin du izandako hiru erremateetan. Epaileek ere lagundu diete, 16-5ekoan barruan zen Ezkurdiaren pilota bat txartzat emanda eta Baikokoak 18-14 gerturatzea lortu dute, arerioei beldurra barruraino sartuta.

Emandako aldea, ordea, gehiegizkoa zen eta euren lehen akatsa heldu denean Ezkurdia-Galarzak ez dute barkatu.

 

Ezkurdia-Ladis Galarza: 22

Zubizarreta III.a-Albisu: 14

 

Pilotakadak: 538. Iraupena: 60,42 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 16-1, 16-10, 18-10, 18-14, 22-14. Sakeak: 2 Ezkurdiak eta 1 Zubizarretak. Tantoak: 11 Ezkurdiak, 1 Ladis Galarzak, 3 Zubizarretak eta 3 Albisuk. Hutsak: 3 Ezkurdiak, 4 Ladis Galarzak, 3 Zubizarretak eta 5 Albisuk. Gorabeherak: Binakako txapelketaren laugarren jardunaldiko jaialdia Tolosako Beotibar pilotalekuan.