Zuzenean ezean, kultura etxetik ikusi ahal izateko behin behineko telebista katea

Osasun neurriek kultur adierazpenak zuzenean debekatzen dituen garai honetan, France Televisions talde publikoak Culturebox behin behineko telebista katea sortuko du. Otsailaren hastapenean emanen da abian eta kulturguneak ireki arte ariko da zuzeneko zein grabatutako kultur emankizunak proposatzen.

Avignoneko antzerki festibalean grabatutako emankizunak ikusi ahal izanen dira Culturbox telebista katean. (NAIZ)
Avignoneko antzerki festibalean grabatutako emankizunak ikusi ahal izanen dira Culturbox telebista katean. (NAIZ)

Culturebox izenarekin behin behineko telebista katea abiatuko da otsailaren hastapenean Estatu frantsesean. France Televisions komunikazio talde publikoaren eskutik osasun neurrien ondorioz kulturguneak hertsiak diren asteetan zehar ariko da. Egunero eta 24 orduz programazioaren oinarria kultur ikuskizunak eta artisten parte-hartzea izanen dira.

Oinarri bera daukan telebista kate bat abian da janeko Belgikan urtarrilaren 21etik, Podium 19 sarean eta kablearen bitartez ikusgai dago. Flandriako zazpi erakunde kulturalen eskutik sortu da, eta haien produkzioak hedatzen ari dira, bai jada ezagunak direnak baita berriak ere.

Estatu frantsesean urriaren 30etik zinema aretoak, antzokiak eta zuzeneko ikuskizunak eskaintzen dituzten guneak itxita daude. Urtarrilaren 7an berriz irekiko zituztenaren itxaropena bazegoen ere, covid-19aren hedapena kontuan izanik Gobernuak gune horiek ez irekitzea deliberatu zuen.

Doako telebista kate berriak, zuzeneko emankizunekin batera, azken urteetan grabatu jaialdiak, kontzertuak, antzezlanak eta dantza ikuskizunak ikusgai emanen ditu. Estatu guztian zehar grabatutakoa izanen dira, itsasoz bestaldeko lurraldeetan bezala, eskualde kontinentalean grabatuak.

Egunero zuzenean kultur munduko aktore ezberdinekin mahai-inguruak eta bestelako hitzorduak eskainiko dira. Gauero jendaurrean egiten diren ikuskizunak proposatuko dira, arte adierazpen ezberdinei tokia eginez. Eta astero ikuskizun berri bat estreinatuko da. Katearen izena, France Televisions taldeak kultur edukiak biltzen dituen webgunearena da.

Ikus-entzunezko talde publikoak azken urteetan produzitutako emanaldiak izanen dira ikusgai, eta jada 500 ikusgarriko katalogoa badute osatua, nahiz eta programazioa oraindik ez den ezagutzera eman.

Urririk

Telebista katea pantaila mota guztietatik izanen da ikusgai, eta bereziki Lurreko Telebista Digitalaren bitartez heltzen diren telebista kate-sorten eskaintzetan urririk proposatuko da. Horren xedea kultura eta kulturgileak sostengatzea dela adierazi dute komunikazio talde publikotik.

Roselyne Bachelot-Narquin Kultura ministroaren eta Ikus-entzunezko Goi Kontseiluko presidente Roch-Olivier Maistreren presidentearen sostengua du telebista kate berri honek, eta aste gutxi batzuetan abian emateko bien laguntza beharrezkoa izan dela baieztatu du Delphine Ernotte Cunci France Televisionseko presidenteak.

5 milioi euro inguru beharko direla aurreikusten da, eta horren gastua France Televisions taldearen gain geldituko da. Ez du publizitaterik izanen, baina babesleak izanen direla aurreikusten da.

Belgikan erakunde ezberdinak elkarrekin

Pandemiak kultura munduan izan duen eta izaten ari den eragin larria dela eta Belgikan eragile ezberdinak biltzera eraman du. Zazpi erakunde kultural flandriar eta VRT eta Proximus telebista kateak elkartu dira eta kultur eragileei, eta ikuslegoari tresna bat eman nahi izan diote, gune kultural birtual bat sortuz.

Urtarrilaren 21etik antzoki birtuala kable bitarteko telebistara ere ailegatu da behin behineko kate baten bitartez.

Sorreran parte hartu duten eragile kultural flandriarrak, Ancienne Belgique, Orchestre symphonique d'Anvers, Brussels Philharmonic, Concertgebouw Brugge, deSingel, Opera Ballet Vlaanderen eta Kunstencentrum Vooruit dira.