NAIZ

Letamendia, Etxarren, Ibisate, Andiazabal eta Torrealdai omendu ditu Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiak Juan Antonio Letamendia, Jean-Baptiste Etxarren, Angel Ibisate, Pierre Andiazabal eta Joan Mari Torrealdai omendu ditu, azken bi urteetan zendutako bost euskaltzainak alegia. Euskararekiko eta euskal kulturarekiko izan zuten «konpromiso irmoa» eskertu zaie.

Donostiako Tabakalerak hartu du azken bi urteetan zendutako euskaltzainak ohoratzeko ekitaldia. (Maialen ANDRES | FOKU)
Donostiako Tabakalerak hartu du azken bi urteetan zendutako euskaltzainak ohoratzeko ekitaldia. (Maialen ANDRES | FOKU)

Euskaltzaindiak urtarrileko lehen Ageriko bilkura baliatu du azken bi urteetan hildako bost euskaltzainei gorazarre egiteko. Horrela, iaz zendutako Jean-Baptiste Etxarren, Angel Ibisate, Pierre Andiazabal eta Joan Mari Torrealdai omendu ditu Akademiak Donostiako Tabakaleran; baita 2019ko abenduan zendu zen Juan Antonio Letamendia ere.

Andres Urrutia euskaltzainburuak zendutako euskaltzainek euskara eta euskal kulturarekiko erakutsi zuten «konpromiso irmoa» azpimarratu du ekitaldian, eta goraipatu du euskara eta eusk0al kultura sustatzeko guztiek egin zuten ahalegin «izugarria».

Jose Antonio Mujika euskaltzain urgazleak irakurri du Juan Antonio Letamendia (Donostia, 1940 – Hondarribia, 2019) euskaltzain urgazlearen hilberri-txostena. Mujikak Letamendiaren ibilbide osoa berrikusi du, baina bere profila labur zehaztu du hitzaldiaren hasieran: «Gaztetan euskaldunduta, emaitza bikainak eskaini zituen euskalgintzan: idazle hasieran; irakasle gero, metodogile trebe; itzultzaile eta ikertzaile ere izan zen neurri batean; eta euskarazko komikigintzan ere ale bikainak eskaini zituen». Adibide gisa aipatu zituen, besteak beste, euskara ikasteko berak ezarri zuen Jalgi Hadi metodoa, Bakarka saila -lehen hiru liburuak Letamendiak egin zituen-, edo Euskaltzaindian eginiko lan eskerga, batez ere, Dialektologia batzordean.

Jean-Baptiste Dirassar ohorezko euskaltzainak irakurri du Jean-Baptiste Etxarren (1928-2020, Donazaharre) euskaltzain urgazlearen hilberri-txostena: «Euskal ondarea maite zuen, idazle fina zen, euskaraz ala frantsesez berdin trebe, gazteleraz ere bai (…). Euskal Herria zuen maite, eta bereziki Nafarroa. Mugaren bi aldetan txoko gehienak ezagutzen zituen». Dirassarrek gogoratu du Nafarroako historia jorratu zuela batez ere Etxarrenek: «Ikerketa sakonak akuilatu zituen lehengo bizimoldeetaz, lehengo lanez eta gaineratikoez. Nafar guztien arteko elkartasunaren sustatzaile porrokatua izan zen». ‘Herria’ astekarian publikatu zuen artikulu ugari, «biziki interesgarriak», eta zenbait liburu argitaratu, tartean, ‘Luzaiden gaindi’ (Elkarlanean, 2002-2009).

Ibisate, Arabako AEKren sortzailea

Elena Martínez de Madina euskaltzain urgazleak irakurri ditu Angel Ibisate (1932-2020, Gasteiz) euskaltzain urgazlearen bizitzako pasadizoak. Arabako AEKren sortzaileetarikoa izan zen Ibisate, eta urte askotan Gasteizko Elizbarrutiaren Seminarioko bibliotekari izan zen. Orduan hasi zen haren ikerketa-lana. «Zehatza eta zorrotza zen datuen bilketa-lana egiterakoan», adierazi du Martínez de Madinak, eta idatzi zituen artikuluen zorroztasuna nabarmendu du. Eta artikulu bitxi bat aipatu du: ‘Fórmula del Juramento en Álava en el siglo XVI (El testimonio de Fray Juan de Victoria)’. Idazlan honetan Araban erabiltzen zuten zin egiteko euskarazko esamoldea agertu zuen Ibisatek: «Bai, ziertu (Vay çiertu)». Gainera, «iturrien ezagutza handiari esker, beste autore batzuen lanak datu berriez hornitu zituen Ibisatek». Hori bai, hilobira eraman zuen sekretu bat: inori ez zion inoiz esan zergatik ekin zion euskara ikasteari: «Nire sekretua izango da, betiko», esan zuen hil aurretik eginiko elkarrizketa batean.

Xipri Arbelbide ohorezko euskaltzainari egokitu zaio Pierre Andiazabalen (Urruña, 1923 – Kanbo, 2020) apaiz eta itzultzailearen biografia aletzea. Arbelbidek adierazi du garrantzi handia izan zuela meza euskaraz ematearen aldeko mugimenduan: «Euskarazko liturgiaren aita izan zen». Horrela, 3.000 orrialdetik gora itzuli zituen, ‘Othoizlari’ aldizkarian publikatu zirela gehienak. «Pierreri zor diogu, besteak beste, eliza guztietan dozena mila aletan zabaldua dagoen Igandetan Elizan liburuxka, mezako otoitz eta kantuekin hornitua». Lapurdi Irratian ere ibili zen, baita ‘Herria’ aldizkarian ere. Eta Txilardegiren gidaritzapean egin ziren Euskal Idazkaritzako batzar bat bera ez omen zuen galdu. 1964an Idazkaritza horretan landu zirela beranduago Arantzazuko biltzarrak hartuko zituen erabakiak.

Torrealdai, euskal kulturaren gidaria

Azkenik, Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzainak Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942 – Usurbil, 2020) euskaltzain emerituaren ibilbidea izan du gogoan. Gauza guztien gainetik, Torrealdai «euskal kulturaren gidaria eta behatzailea» izan dela esan du Agirrebaltzategik. «Kazetaria, idazlea, irakaslea, ikertzailea, kultur sustatzailea (...) Zenbait aldizkariren zuzendari (‘Gure Izarra’, ‘Anaitasuna’, ‘Jakin’) eta kudeatzaile (‘Euskaldunon Egunkaria’, ‘Jakin’) izan zela gogoratu du. Produkzio izugarria utzi zuen, langile aparta zenez: «Liburuak eta artikuluak zabal eta ugari: 24 liburu, 47 lankidetza, 517 artikulu, hiru itzulpen-lan, bi edizio-lan... 13.614 orrialde denetara», zehaztu du bere hitzaldian ohorezko euskaltzainak.

Torrealdaik Euskaltzaindian egin zuen lana ere ez du ahaztu Agirrebaltzategik. Argitalpen-batzordeko kide eta Azkue liburutegiko bibliotekari akademiko izan zela gogoratu du, baita Euskaltzaindiaren historia idatzi zuela ere, Imanol Muruarekin batera.

Donostiako Tabakalerako ekitaldia Joxan Goikoetxea musikariak eta Klara Mendizabal abeslariak girotu dute, Goikoetxeak berak moldatutako hiru pieza interpretatuz: Xabier Leteren hitzak dituzten ‘Nafarroako azken erreginak Donapaleun’ eta ‘Jardin bat zuretzat’; eta Pedro Mari Otañoren ‘Donostiyako ziudadia’.