Amalur Artola Belamendia
Elkarrizketa
Eider Moreno
Marrazkilaria

«Tabu hori, lotsa hori, zikinkeria kutsu hori kendu behar zaio abortuari»

Estatistiken arabera, bost haurdunalditik bat amaitzen da abortuan, baina egitate hau ez da errealitatean ispilatzen. Eider Morenok abortua naturalizatu eta normalizatzeko gonbidapena luzatzen du ‘Kattalin ez da jaio’ komikian.

Eider Moreno Zubiaga, komikiaren aleak eskuartean dituela. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Eider Moreno Zubiaga, komikiaren aleak eskuartean dituela. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Nik abortua bizi izan nuenean ez nuen inolako informaziorik. Ez nekien nora jo, bazirudien inork ez zekiela ezer abortuari buruz», deitoratu du Eider Moreno Zubiagak. Erraietan sortu zitzaion korapiloa askatu eta egoera berean dauden emakumeei esku bat luzatzeko sortu zuen, ia instintiboki, ‘Kattalin ez da jaio’ (Zoila Ascasibar argitaletxea), abortuaren tabua irauli nahi lukeen komikia.

Esperientzia pertsonal batetik abiatzen da proiektua. Nola erabakitzen duzu abortuaren gaia mahaigainean jartzea?
Badakigu emakume askori gertatu zaiela, baina ez dakigu zeini, abortuarena oso isilpean eroaten den gaia delako, eta beharrezkoa ikusi nuen mahaigainean ipintzea, bere espazioa ematea, gai inportantea delako eta emakumearen bizitzan sekulako inpaktua izaten duelako. Tabu hori, lotsa hori, zikinkeria kutsu hori kendu behar zaio abortuari, gaia normalizatu eta naturalizatu behar da, ezin du ezkutuko kontu bat izaten jarraitu.

Tabu hitza aipatu duzu. Nondik dator abortuaren inguruko isiltasun hori?
Emakumearen intimitatearekin lotuta dauden kontuak ezkutatuak izan dira, erditze prozesua bera, hilerokoa… emakumeak pairatu duen bazterketarekin lotuta dago dena. Geroz eta gehiago ari dira azaleratzen gai hauek, baina kostatzen ari da. Abortuaren kasuan, ez da soilik emakumearen ‘mundu’ horretako gaia dela, tartean heriotza ere badagoelako. Dolu bat dago. Beraz, emakumeari lotutako gaia gehi heriotza, tabu bikoitza.

Isilpeko gaia izateaz gain, oso pertsonala ere bada. Kosta zitzaizun zure esperientzia komikira eramatea?
Ez. Kasik berez etorri zen. Gertatu zitzaidanean, istorio hau kontatu behar nuela garbi ikusi nuen, ia nire kanpotik zetorren zerbaitek bultzatzen banindu bezala sentitu nintzen eta arkatza hartu eta karratu bat marraztea irten zitzaidan. Bineta bat amaitzerako buruan nuen hurrengo marrazkia. Berez irten da komikia. Egia da pasarte intimo batzuk berriro bizitzea ere ekarri didala, baina horiei bere denbora eman diet.

Emakume askok sentituko zuten kontatzeko behar hori. Eta kontatzeko ezintasuna.
Bai, ziur. Ideia, pentsamendu, sentimendu asko daude hor, eta marrazkiek balio dute hitzekin esan ezin direnak ateratzeko. Nik ez nuen, kontzienteki bederen, terapia moduan egin, baina uste dut badagoela berba egiteko behar bat, normalizazioarekin batera barrua askatu egiten delako. Pare bat aurkezpen egin ditut eta jendea hurbildu zait euren kasua kontatzera, eskertu egin didate gaia kaleratzea. Emakume bakoitza, eta egoera bakoitza, da ezberdina, baina askok konpartitzeko ezintasuna, barruan eraman beharra aipatu didate. Abortua momentu sakona izan daitekeelako. Baina espazio intimo horietan irteten dira gai hauek, pauso asko dago emateko.

Komikian emakume gehienok bizi izan dugun sentipen bat ere azaleratu duzu: emakumearen gorputzari arrotz zaion medikuntza baten menpe gaude.
Bai, guztiz. Arrotz sentitzen zara hor aurrean duzun horrekiko, ez dakizu garbi zer egiten ari diren zure gorputzean eta bortitza da egoera. Abortuaren kasuan, adibidez, bi aukera ematen dizkizute etengabe, pilulak edo legratua, ez dizute esaten prozesua bere kabuz gerta daitekeela, era natural batean bizi dezakezula zure gorputza sentituz eta gertatu dena barneratuz. Nik ez dut esaten horrela egin behar denik, baizik eta aukerak emakumearena izan behar lukeela, eta ez medikuntzarena. Medikuntzak aukera natural hori ezkutatzen digu.

Lerroartean, amatasunaren atzean dauden zamak ere marraztu dituzu.
Hori azaleratzea garrantzitsua zen niretzat. Abortua da gai zentrala, baina amatasunera narama horrek, haurrak ekartzearen derrigortasunera edo jada bat baduzu bigarren bat ekartzeko beharrera, familia ‘ideal’ hori eraiki nahi baduzu behintzat. Gogorra da emakumeak haurrik ez duela nahi, edo bakarrarekin aski duela, onartzen duen arte bere barruan bizi duen gatazka. Ezezko hori onartzea gaitza da, barne borroka potente bat da.

Korronte nagusiaren kontra egitea ere bada.
Bai, zuk erabakita izanda ere jendeak galdetu egingo dizulako, eta ez duzula nahi esanda ere noiz etorri zain egongo direlako. Zerbait falta zaizunaren sentsazioa sortzen dizute. Emakumeok asko landu behar dugu gure buruarekiko konfiantza. ‘Ideala’-ren molde horretan enkajatzen saiatzen gara besteek onartuak izan gaitezen, uste dugulako kanpotik onartzen ez bagaituzte ezin garela gizartera egokitu. Eta hori ez da horrela: gizartera egokitzeko lehenik norberak onartu behar du bere burua, bere baiezko eta ezezkoekin. Lanketa potentea da hori ere. Eta irudikeriaren gizarte honetan eraiki dugun ideal hori faltsua dela onartzea ere bada.

Solasaldien ostean emakumezkoak gerturatu zaizkizula esan duzu lehen. Zer gertatzen da gizonezkoekin?
Beraiek ere bizi dute egoera hau. Komikian ikusten da, adibidez, nire bikoteak sakon bizi izan zuela. Uste dut gizonek konplikazio erantsi bat dutela gai honetan: gehiago kostatu ohi zaie euren sentimenduekin konektatzea eta are gehiago sentimendu horiek hitzetan jartzea. Pare bat gerturatu zaizkit hala ere, eta hori balioan jartzekoa da.

Amaitzeko, zer uste duzu egin daitekeela gai hau naturalizatzeko?
Lehenik eta behin, mahai gainera atera. Kaleratu, eguneroko gauza bat delako, baina inor hitz egitera behartu gabe. Emakume bakoitza mundu bat da eta prozesuak oso modu ezberdinean bizi ditugu. Eta ezin bada hitzez atera, adierazteko bide bat eman behar zaiola uste dut, leku bat, izen bat. Izan marraztuz, idatziz… bere lekua har dezan. Solasaldietan, hiruzpalau andre etorri zaizkit esanez zergatik ez ditudan tailerrak prestatzen emakumeei euren sentimenduak gestionatzen laguntzeko, hau dena ateratzeko. Horiek prestatzen nabil orain, nire yoga klaseekin batera, nik ere lanketa pertsona handia daramadalako egina azken 12 urteetan eta tresna asko ditut hau gestionatzeko.