NAIZ

Euskal kultur sormena sustatzeko Top Araba egitasmoa abiatu du Oihanederrek

Euskarazko kultura sormena sustatzeko, berrikuntza suspertzeko eta sareak sortzeko asmotan, Oihaneder Euskararen Etxeak egitasmo berria jarri du martxan: Top Araba. Araban bizi diren diziplina anitzetako sortzaileak harremanetan jarri eta baliabideak eskainiko zaizkie.

Arratsaldeko saioan izena emateko Araban erroldatuta egon behar da. (NAIZ)
Arratsaldeko saioan izena emateko Araban erroldatuta egon behar da. (NAIZ)

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak Top Araba egitasmoa jarri du martxan. Azaldu dutenez, kultura diziplina ezberdinetako norbanako sortzaile arabarrei zuzendutako proposamena da eta euskarazko kultura sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea ditu helburu.

Egitasmoak abiapuntua otsailaren 27an burutuko den topaketan izango du. Goizeko saioan, diziplinarteko sormen prozesuetan esperientzia duten Euskal Herriko 3 pertsona erreferentek parte hartuko dute: Harkaitz Canok, Amançay Gaztañagak eta Xabier Gantzarainek. Partehartzaileek profesional hauen ikuspegia eta esperientzia gertutik ezagutuko dituzte. Helburua diziplina ezberdinak uztartzen dituzten sormen prozesuen osagaiez jabetzea izango da. Goizeko saioa irekia da, eta kulturan interesa daukan edozeinek har lezake parte.

Arratsaldeko saioak, laborategi formatua izango du. Kultur sortzaileen txanda izango da: diziplinarteko proiektu bat sortzeko ideia landu beharko dute taldeka. Honez gain, sortzaileen arteko saretzea lortu nahi da saio parte-hartzaile honetan. Saioa Teklak enpresak dinamizatuko du.

Saio hauetarako izena emateko epea zabalik dago eta, Oihanederretik zehaztu dutenez, goizeko saioa irekia bada ere arratsaldekoan izena soilik Araban erroldatuta dauden 18 urtetik gorako sortzaileek eman dezakete.

Topaketaren ostean fase berri bat irekiko da: topaketan landu diren diziplinarteko proiektuak aurkezteko epea irekiko da. Hautatuak diren proiektuetarako 7.500 euroko poltsa egongo da. Proiektuak 6 hilabeteko epean aurkeztu beharko dira eta horien aurkezpen publikoa Oihaneder Euskararen Etxeak hartuko du.