Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Gasteiz eta Bilbo udazkeneko unerik zailenean baino txarrago daude jada

Urte hasierako oldarraldi honetan, Araba, eta batez ere Bizkaia dira koronabirusaren eragina modu bortitzenean pairatzen ari diren herrialdeak, eta, Gasteizek eta Bilbok gainditu dute dagoeneko udazkenean izan zuten intzidentzia mailarik altuena. Nafarroa, aldiz, ematen du egonkortze bidean doala.

Bilboko Basurtoko Ospitaleko Larrialdien sarrera.    (Marisol RAMIREZ I FOKU)
Bilboko Basurtoko Ospitaleko Larrialdien sarrera. (Marisol RAMIREZ I FOKU)

Iragan udazkenean, Nafarroa, lehenengo, eta Gipuzkoa, geroago, izan ziren Hego Euskal Herrian koronabirusaren oldarraldia modu larrienean pairatu zuten lurraldeak. Urte hasierako olatu berri honetan, ordea, Araba, eta batez ere Bizkaia dira birusak bortitzen kolpatu dituenak. Eta horren adibide da Bilbok eta Gasteizek dagoeneko gainditu egin dutela azaroan izan zuten intzidentzia mailarik altuena. Eta oraindik goranzko bidean doaz.

Urtea hasi zenetik hirukoiztu ondoren, Bizkaiko hiriburua 765 kasuko intzidentzia metatua izatera heldu da. Udazkenean 755 kasutan jo zuen goia, beraz, orduan baino egoera okerragoan dago jadanik. Ostegunean 235 kutsatu berri atzeman zituzten Bilbon, eta, azken egunetako bilakaera ikusita, litekeena da denbora asko behar izatea eremu gorritik ateratzeko. Are gehiago duela lau aste zuen mailara jaisteko, orduan 250 kasuko intzidentzia baitzuen.

Gasteizek, Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuak baino nabarmen hobeto igaro zuen udazkeneko olatua, eta 560 kasuen bueltan egon zen egunik gogorrenetan. Orain, ordea, aise gainditu du zenbaki hori, eta Osakidetzaren azken txostenean 633 kasuko intzidentzia tasa zuen, ostegunean 130 positibo berri zenbatuta.

Udaberriko olatutzarra alde batera utzita, pandemiako zenbakirik okerrenak dituzte Bilbok eta Gasteizek, eta gauza bera esan daiteke Arabari buruz, 615 kasuko intzidentziarekin azaroko 551 kasuen gainetik pasa baita. Bizkaia ez da oraindik orduko mailara heldu, baina gutxi falta zaio; 687 kasuko intzidentzia dauka –atzoko datuak kontuan hartuta–, eta 751 izatera heldu zen azaroaren 12an.

Gainera, Bizkaian egoera larria bizi dute nagusien egoitzetan, eta atzo Aldundiak adierazi zuenez, beste sei egoiliar hil dira azkeneko 48 orduetan. Dagoeneko 185 dira uda ostean zendutakoak.

Nafarroa, egonkortze bidean

Araba eta Bizkaia baino zertxobait hobeto ari dira birusaren hedapenari eusten Gipuzkoa eta Nafarroa, azken lurralde hori batez ere. Izan ere, intzidentzia metatu oso altua duen arren, oraindik ez da bostehun kasuen mailara heldu, eta, gainera, azken egunetan bilakaerak egonkortzeko bidea hartu duela ematen du, astelehenetik ostegunera intzidentzia lau puntu bakarrik hazi baita: 457 kasutik 461 kasura. Dena den, asko dira oraindik eta ikusteko dago egonkortze horrek hobekuntza baten hasiera adierazten ote duen.

Gipuzkoak gainditu du jada bostehun kasuen langa, baina urrun du azaroko mila kasuko intzidentzia. Dena den, hamasei udalerri ditu eremu gorrian, nahiz eta Zumaiak hortik ateratzea lortu duen.