NAIZ

Landis Blair eta David Carlson-en ‘L'accident de chasse’ garaile, Angulemako komiki jaialdian

Landis Blair eta David L. Carlson-ek kartzelako mundua gai hartuta osatutako ‘L'accident de chasse’ komikiak lortu du Angulemako (Estatu frantsesa) komiki jaialdiko sari nagusia. Publikoaren saria Anaïs Nin idazlearen bizitza jasotzen duen ‘Anaïs Nin, sur la mer des mensonges’ komikiak jaso du.

‘L'accident de chasse’ komikiak irabazi du Angulemako sari nagusia. (NAIZ)
‘L'accident de chasse’ komikiak irabazi du Angulemako sari nagusia. (NAIZ)

‘L'accident de chasse’ (‘Ehizako istripua’), Landis Blair eta David L. Carlson estatubatuarren kartzelako mundua gai hartuta osatutako komikiak lortu du Fauve d'Or sari nagusia Angulemako (Estatu frantsesa) komiki jaialdian. Saria publikorik gabe ospatu den ekitaldian iragarri du epaimahaiak.

Komikia 1959. urteko Chicagon (AEB) dago girotua eta gezurren eta mafien mundura daramate irakurlea. Charlie Rizzo eta bere aita Matt dira kontakizuneko protagonista nagusiak: Matt itsua da, eta Charliek beti uste izan du aita ehizako istripu baten eraginez geratu zela itsu, baina bere etxera bizitzera etorri behar duenean gertakari horren gainean eraiki diren gezurrak erortzen hasiko dira.

Epaimahaiak sari berezi bat ere eman du, hau ere ingelesez idatzia, Steven Applebyren ‘Dragman’. Berariaz emakumeentzat diseinatutako arropak janzten dituenean hegan egitea lortzen duen supereroi baten istorioa kontatzen du.

Publikoaren saria Léonie Bischoff-en ‘Anaïs Nin, sur la mer des mensonges’ (‘Anaïs Nin, gezurren itsasoan’) komikiak eskuratu du. Bertan Nin-en bizitzaren hainbat pasarte bildu ditu autoreak, esaterako, berak idazle izatearekin amets egiten bazuen ere 1930ean bere eginbehar nagusia bankari baten emaztea izatea zela ekartzen da gogora, garaiko egitura sozialek horretara mugatzen baitzuten emakumea. Nin-ek egoera zail horretan egindako bidea kontatzen du komikiak.

Azkenik, autore berri onenaren saria Maurane Mazars-ek eraman du, ‘Tanz!’ lanagatik. 1957. urtean girotua, dantza eskola prestigiotsu bateko 19 urteko ikasle baten bizipenak ditu ardatz komikiak: bere bizitza goitik behera aldatuko da dantzari estatubatuar bat ezagutu eta Brodwayn froga egiteko aukera irekitzen zaionean.