NAIZ

Barbado eta Zelaiaren aurkako zigorra eta «muntaia poliziala» salatu ditu EH Bilduk

Espainiako Auzitegi Nazionalak Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteei ezarritako zigorrak «muntaia polizial batean» oinarritzen direla eta haren prestakuntzan Ertzaintzak «parte hartze zuzena» izan zuela azpimarratu du EH Bilduk.

Barbado eta Zelaia, epaiketa hasi aurretik egin zen mobilizazio batean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Barbado eta Zelaia, epaiketa hasi aurretik egin zen mobilizazio batean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Ohar baten bitartez, lau urteko espetxe zigorra jaso duten Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteei elkartasuna adierazi nahi izan die koalizio subiranistak.

Gogorarazi dutenez, «Barbado eta Zelaia zigortzeko probak muntaia polizial batean oinarrituta» egin ziren eta Ertzaintzak «parte hartze zuzena» izan zuen haren prestakuntzan. 

Era berean, «denboraz eta lekuz kanpo dagoen salbuespeneko epaitegi batek» zigortu izana ere gaitzetsi dute. « Muntaia polizial baten oinarritutako frogak eta salbuespenezko epaitegi batean epaituak izatea nahikoa ez, eta Barbado eta Zelaia epaitu dituen epaimahaia Bateragune auzian agertutako partzialtasunagatik zigortu du berriki Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak», gaineratu du EH Bilduk.

Azkenik, adierazi dute «gure herria bakea eta bizikidetza eraikitzeko lanean» ari dela eta «euskal gizartearen gehiengo handi bat ildo horretan urratsak ematea eskatzen» ari dela: «Bi euskal gazte horien aurkako zigorrak, muntaia polizial batean oinarrituta eta salbuespenezko auzitegi partzial batek emanda, ez du batere laguntzen euskal gizarteak eskatzen duen bakearen eta bizikidetzaren eraikuntzan».

Beste ohar batean, Sortuk azpimarratu du halako operazio, epaiketa eta sententziek «gure herria iraganean kateatzeko» helburua dutela eta hori «onartezina» dela.

Beste ohar batean, Sortuk azpimarratu du halako operazio, epaiketa eta sententziek «gure herria iraganean kateatzeko» helburua dutela eta hori «onartezina» dela.

Azken urteetan, «euskal jendarteko esparru zabalen borrokari esker, konponbidean «urrats esanguratsuak»eman direla eta presoen auzian ere «Estatuen posizio gotortuak mugiarazi» direla ere nabarmendu du Sortuk.

Hain zuzen, horren guztiaren aurka «poliziako, judikaturako eta, oro har, sakoneko Estatuko zenbait sektore bakearen eraikuntza prozesua oztopatzeko jardunean» ari direla ohartarazi du alderdi abertzaleak eta hortxe kokatu du Barbado eta Zelaiaren aurkako auzia.