Haritz Larrañaga

Mayi Larre hil da, bere seme Popo Larrerekin egiaz zer gertatu zen jakin gabe

1983ko abuztuaren 7an Landetan IK erakundeko kideen eta polizien artean izandako tiroketa baten ostean desagertu zen Jean-Louis Larre, Popo. Bere ama, Mayi Larre, 92 urterekin zendu da, bere semearekin zer gertatu zen jakin gabe.

Popo Larreren irudia Baionako Patxa plazan den muralean. ©Guillaume Fauveau
Popo Larreren irudia Baionako Patxa plazan den muralean. ©Guillaume Fauveau

Bere semearekin zer gertatu zen jakin gabe zendu da 92 urterekin Mayi Larre heletarra (Nafarroa Beherea), Jean-Louis Larre, Poporen ama. 1983ko abuztuaren 7an Landetako Leon herrian Iparretarrak taldeko kideen eta polizien artean izan zen tiroketa baten ostean desagertu zen Popo, eta ordutik ez da bere gorpua agertu. Polizia frantsesak dio bere kideek hil zutela eta bere kideek diote jendarmeek hil eta desagertarazi zutela.

Heletan zendu da Mayi Larre, bere senideekin inguratuta. Urte luzez bere semeari zer gertatu zitzaion argituko zenaren itxaropena izan arren, azken urteean bere semea hila zela onartu zuela azaldu dio NAIZi berekin harreman zuzena zuen Filipe Bidartek. «Hastapenean ez zuen sinetsi nahi bere sema hila zela, baina urteak pasa dira eta azkenean onartu zuen bere gorpua agertu ez zen arren, hila zela, dolua egina zuen», adierazi du Bidartek.

«Poliziaren gezurrak»

Popo desagertu eta biharamunean polizia frantsesa bere gurasoen etxea miatzen izan zen. Goizeko zazpietan sartu ziren eta miaketa bortitza egin zuten. Egun berean, Filipe Bidarten etxean ere sartu ziren. Ordutik familiak ez du inoiz autoritateen azalpenik izan, eta Bidarten esanetan, gainera, «sekulako gezurrak esaten zizkieten, haien semea Ameriketan zela eta antzekoak».

Filipe Bidarten iritziz, «oroitu behar da zer gertatu zen, nola jendarmeak etorri ziren sekulako gezurrak esaten, batzuetan esaten birizik zela, horrekin biziki gaizki bizi izan zuen familiak, presioa emanez  eta batzuetan esperantzak piztuz...biziki gogorra izan da familiarentzat, sekulako bortizkeria izan da».

Ondorioz, familia akitua dela aitortzen du Bidartek: «Azken urte hauetan, familiak nahi zuena zen bakea, ez aipatzea gehiago, beti esperantza pizten zen eta gero sekulako desiluzioa, eta berriz zauria ireki...».

Aitzitik IKko militante ohiak nabarmentzen duenez, Poporekin zer gertatu zen argitzeko lana oraindik ez da amaitu. «Beti segitzen dugu oraino xerkatzen, zeren batzuetan agertzen dira gorputz batzuk han eta hemen, eta saiatzen gara, ez ote diren Poporen aztarnak, zeren jakin behar da egia, ea zer pasatu zen eta nor diren arduradunak, eta zer gertatu zitzaion, ez dugu sekula deus jakin».

Tiroketa eta «Epervier» operazioa

Iparretarrak taldeko zenbait kidek polizia frantsearekin topo egin ostean desagertu zen Popo. Antza, Heletarra Landetako ohianean barna sartu zen ihes egiteko eta bere kideek jendarmeekin tiroketa bat izan zuten.  Tiroketaren ondorioz, Yves Guimmarra polizia hila suertatu zen eta Pierre Plouzeau, ostera, arin zauritu zen.

Tiroketaren ostean, IKko militanteek poliziari armak kendu eta haien autoan ihes egin zuten, baina Popo ez zen ihes egin zutenen artean. Polizia frantsesak “Epervier” plana jarri zuen martxan berehala, kontrolak inguruan, miaketak, helikopteroa, eta abar. Halako baldintzetan ihes egitea ezinezkoa edo oso zaila litzateke, baina kideek eta lagunek esperantzari eusten zioten. 

Horrela, Popo bilatzeko saiakera ugari egin ziren, baita beste herrialdeetan ere, baina inoiz ez zen bere aztarnarik topatu. Gainera, auzi honi lotuta, beste gorpu batzuekin ere gertaera ilunak izan dira.

Gorpuaren bila

1983ko abuztuaren 22an Pascal Dumont, 15 urteko gaztea desagertu zen Lacanau-Ocean hondartzan, alegia Popo desagertu zen lekutik gertu eta egun gutxira. Haren ustezko gorpua agertu zenean bere gurasoek ikusi ahal izan zuten, baina haien semea ez zela esan zuten, nahiz eta haren aitak poliziak sinarazi zion txostena sinatu zuen.

Poporen familiako abokatuei ez zieten gorpu haren DNA hartzeko baimenik eman epaileek, baina 2003ko abenduan ezezagun batzuek hilobia ireki zuten, eta Bordeleko auzitegiak hilobi hartan zegoen gorpuaren DNA probak egiteko eskatu zuen. Haien emaitzen arabera, hilobi hartan zen pertsona Pascal Dumont zen.

Ordea, DNA probak egin zituen Bordeleko prokuradorearen txostenean gorputzeko hezur guztiak han zirela esaten zen, baina ezkutuan hilobia zabaldu zuten IKko kideek aditzera eman zutenez, hori ezinezkoa zen, zeren orkatilako hezur bat kendu zioten gorpuari hilobia ireki zutenean.

IKko kideek konfiantzazko bi laborategitan azterketak egin zitzutela eman zuten aditzera, baina ez zuten lortu DNA probak ganoraz egitea, izan ere, hezur haiek hezeegiak ziren emaitza ziurrak ateratzeko.