NAIZ

‘Naparra’-ren desagerketan argia jartzen egindako lanagatik saritu dute Jon Alonso

‘Naparra. Kasu irekia’ ikerketa liburuaren bidez orain 40 urte desagertutako iruindarraren auzia mahai gainean jarri zuen iaz Jon Alonsok. Hargatik, Prentsa ataleko Argia saria jaso du.

Jon Alonso, saria eskuetan. (Dani BLANCO)
Jon Alonso, saria eskuetan. (Dani BLANCO)

Lau hamarkada bete ziren iaz Jose Miguel Etxebarria ‘Naparra’ iruindarraren desagertu zenetik, baina auziaren muinak argitzeke jarraitzen du. Afera horretan argi egiten saiatu zen Jon Alonso idazlea, ‘Naparra. Kasu irekia’ (Elkar) ikerketa liburuaren bidez eta saiakera horregatik jaso du Prentsa ataleko Argia saria.

«Lau hamarkadatan denetariko uneak izan dira Naparra auzian, batzuetan asko hitz egin da, gehienetan gutxi. Hedabide batzuek maiz jarraitu dute, gehienek eta handienek nekez. Desagerketak etengabeko lorratza utzi du urte hauetan guztietan. Auziaren muina, ordea, argitzeke dago: Naparra-ren gorpuzkinak ez dira oraindik agertu, eta haren familiak sufritzen jarraitzen du», ekarri du gogora epaimahaiak, eta ‘Naparra kasua’, «bahitu eta hil zuten militante baten kasua ez ezik, gupidagabe torturatu, jipoitu, hankapetu eta zigortu duten haren familiaren kasua ere badela» nabarmendu dute.

Alonsok ezagutu egiten zuen desagertua, umetan elkarrekin jolasean arituak ziren Iruñean, eta haren memoria jasotzeko beharrak bultzata murgildu zen ikerketan. Erreportaje honetan bildu zituen NAIZ-ek ikerketaren eta ‘Naparra kasua’-ren gako nagusiak.

Epaimahaiak balioan jarri duenez, lanak kasua erditu zuen garaiaren hamaika zertzelada ere biltzen ditu, 1980ko hamarkada hobeto ulertzen lagunduz. «Halaber, ez dio ihes egin auziak izandako etengabeko ika-mikari: ‘Nire ustez Batallón Vasco-Españolek bahitu eta hil zuen’», nabarmendu du, eta kasua «ahanzturaren zingiran usteltzen» ez utzi izana goraipatu du. «Ez da prentsa lana, baina kazetaritza idatzia da, ikerketa kazetaritza», ondorioztatu du.