Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Pandemiaren eraginaren zain, berdinketa hirukoitza inkestetan

Lau egunkarik baliatu zuten, atzo, inkestak plazaratzeko legezko azken eguna. Emaitzetan bada alderik, baina titular nagusian bat datoz guztiak: ERC, Junts eta PSCren arteko berdinketa teknikoa goiko postuetan, hirurak botoen %20ren bueltan eta hogeita hamarna diputaturekin.

Salvador Illa, kanpaina hasieran. (Lluís GENÉ/AFP)
Salvador Illa, kanpaina hasieran. (Lluís GENÉ/AFP)

Demoskopia enpresek oso garbi daukate, eta horrela ez bada, bakarra ere ez da ausartzen gehiengoaren iritzia ezbaian jartzen. Atzokoa zen inkestak plazaratzeko legezko azken eguna, eta ezagututako azken lau ikerketa demoskopikoek titular bera utzi zuten: berdinketa hirukoitza ERC, Junts eta PSC artean.

Esparru subiranistan, “Ara” egunkariarena izan zen inkesta bakarra: ERC garaile, PSC bigarren eta Junts hirugarren; 29 eta 32 diputatu artean hirurek. Esparru unionistan, ‘El Periódico’, ‘El Mundo’ eta ‘La Razón’ egunkarietako demoskopia lanek PSC jarri zuten garaile, baina hirurei aurreikusten dizkiete hogeita hamarna eserleku inguru.

Gehiengo independentista

Alderdika, garailea boto gutxi batzuek erabaki dezaketela dirudi, beraz. Blokeka, ordea, inork ez du zalantzan jartzen independentisten gehiengo osoa. PSCko hautagai Salvador Illaren inguruan sortutako aparrak uneren batean sorpasso unionista izan zitekeela iradoki bazuen ere, Madrilgo egunkariek ez dute jada hori aurreikusten.

Kontrako bidean, independentismoak eskura dauka %50eko langa lehen aldiz gainditzea –PDeCat gehituta, errazago–. Horrela dio, behintzat, ‘Ara’-k. Aukera hori atzemanda, eta Illaren aukerak murriztuta, atzo asko ziren Madrilgo egunkarietan Kataluniako blokeo egoerari eta kale itsuari buruz hitz egin zuten analistak.

Pandemiaren mehatxuak

Aritmetikoki –eta teorikoki–, independentismoaren gehiengoak alternatiba bakarra dauka: aspaldiko "Tripartit” eraberritua. Inkesta guztiek aurreikusten dute ERC, PSC eta En Comu Podemek 68 diputatuko langa aise gaindituko dutela. Baina politikoki artikulaezina dirudi gehiengo horrek, ERCk behin eta berriz esan baitu kanpainan ez duela 155aren ordezkariekin gobernurik adostuko.

Inkestek, edozein kasutan, zail daukate aldagai garrantzitsu bat kalkulatzea: noraino iritsiko da pandemiaren eragina? Zifra ematen dutenen artean, %60ren bueltan kalkulatu dute parte hartzea, eta denak bat datoz jaitsiera nabarmena izanen dela.

Bestetik, pandemiarekiko beldurrak mahai batzuk osatzeko arazoak sor ditzake. Osatu gabe geratzen direnetan, bozketa hurrengo asteartean eginen da, eta horrek emaitzen inguruko informazioa atzera dezake. Atzo, edonola ere, Generalitateak jakinarazi zuen mahaien %99 osatzea bermatuta duela.