NAIZ

Maite Etxemendi-Axiari militante feminista eta kultur eragilea hil da

Militante feminista, Buhamiak emazteen abesbatzako kidea eta oro har kultur eragile inplikatua zen Maite Etxemendi-Axiari hil da, 73 urte zituela. Hileta larunbatean eginen diote Ezpeletan.

Maite Etxemendi-Aixiari Beñat bere senarrarekin batera. (Argazkia: EKE)
Maite Etxemendi-Aixiari Beñat bere senarrarekin batera. (Argazkia: EKE)

Formakuntzaz psikologoa zen Maite Etxemendi-Axiari hil da, gaur, otsailaren 10ean, gaixotasun larri baten ondorioz.

Militante feminista, Buhamiak emazteen abesbatzako kidea eta, oro har, kultur eragile prestua zen Maite Etxemendi-Axiari sortzez ezpeletarra zen.

Memoria osatzeko eta transmisioa bermatzeko eginiko "Sukaldetik plazara" dokumentalean bere lekukotasuna utzi zuen Maite Etxemendi-Axiarik. Horra lotura.

Ezkandrai elkarteko sortzailea, bere senarra Beñat Axiarirekin batera, hainbat kultur ekimen sustatu zituen, besteak beste Baionako Les Ethopiques jaialdia edo Itsasun ospatzen den Errobiko Festibala. ‘Gerezien Denbora’ pastolaren antolaketan ere jardun zuen.

Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko presidentea den Jean-Rene Etchegarayk dolumin mezua zabaldu du twitter sarearen bidez Maite Etxemendi-Axiarik eginiko ekarpena nabarmenduz eta bere familiari dolumin agertuz.

Militante feminista, badira 15 urte sorturiko emazteen Buhamiak abesbatzaren partaide izan zen Maite Etxemendi-Aixiari.

Berarekin batera koro horretan jardun duen Cecile Lafittek Mediabask hedabideari eginiko adierazpenen bidez horrela mintzatu da hil berri den ezpeletarrari buruz: «Engaiamendu handiko persona zen, tolerantzia eta feminismoaren baloreak atxikitzen zituena».

Maite Etxemendi-Axiariren aldeko hiletak otsailaren 13an, larunbatarekin, 14.30ean iraganen dira Ezpeletako elizan.