NAIZ

Azpeitia izango da lehena energia iraunkorra sortzeko herritar kooperatibak sustatzen

Ekiola Energia Sustapenak elkarte berria sortu dute, udalerrien energia ikuskera aldatzeko eta herritarrei parte hartzeko aukera emateko xedez. Bakoitzak kontsumitzen duen adina elektrizitate berde sortzea nahi dute.

Azpeitia izango aitzindaria halako eguzki plakak jartzen. (GETTY IMAGES)
Azpeitia izango aitzindaria halako eguzki plakak jartzen. (GETTY IMAGES)

Azpeitia izango da, luze gabe, Ekiola Energia Sustapenak elkarte berriaren barrenean eguzki parke bat jarriko duen lehenbiziko udalerria. Gainera, datozen egunetan, Araba eta Gipuzkoako foru aldundiek akordio bana sinatuko dute sozietatearekin, dagokien lurralde historikoan gisa horretako instalazioak sustatze aldera.

Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon Taldeko Krean erakundeak sortu dute Ekiola, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerri eta eskualdeetan eguzki parke txikiak bultzatuz herritarrak energia berriztagarrietan inplikatzeko eta ahalduntzeko asmoz. Proiektu horiek 300 eta 500 kide artean izango dituzten kooperatiben bidez antolatuko dira. Asteon aurkeztu dute egitasmoa, Hernaniko Txillida Leku museoan, Lakuako eta Mondragon Taldeko ordezkariek. Bertan izan da Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea ere.

Azaldu dutenez, kontsumitzaileen parte-hartze zuzena bideratu nahi dute, udalen eta tokian tokiko administrazio eta eragileen esku-hartzearekin batera, energia sortzeko instalazioen kontrolean.

Hurbileko energia sortu, bertakoen onura gogoan

Bultzatzaileek zehaztu dutenez, eguzki parkeek 1 MW eta 5 MW arteko potentzia izango dute eta hurbileko energia sortuko dute, kooperatibako pertsonen eta familien onurarako.

Asmoa da kideek kooperatibaren jabetzaren zati bat eskuratzea, bakoitzaren etxebizitzaren kontsumo elektrikoaren baliokidea eta faktura elektrikoan jasota geldituko dena.

Kooperatiba bakoitzak eraiki eta erabiliko du bere instalazioa, sorkuntza-kostu egonkorrarekin, epe luze batez (25 urtez edo gehiago). Etekinak bazkideentzat izango dira, faktura elektrikoaren bidez. Bakoitzak bere instalazioaren emaitzak ikusiko ditu urtero, eta horien askotariko eragina ebaluatuko du: ingurumenean, iraunkortasunean, tokiko aberastasunaren sorreran eta ekonomian.

Partaideek inbertsio bat egingo dute, instalazioa osatuko duten panelak erosteko. Diru hori berreskuratzen edo itzultzen joango da pixkanaka-pixkanaka, proiektu bakoitzeko berreskuratze planaren arabera.

Dagoeneko hasi dira harremanak udal eta administrazio batzuekin. Lehen kooperatibak aurten eratzea da asmoa eta, aipatu bezala, Azpeitia da aitzindaria.