Arnaitz Gorriti

Kopa irabazteko Baskoniaren hiru osagaiak: «Borondatea, fedea eta borroka»

Ostiral arratsaldean Joventuten aurka gasteiztarrak faborito badira ere, ez dira fidatzen. «Kopa irabazteko nornahi da hautagai eta Joventut Ligan irabazi zigutenean baino indartsuagoa da orain», ohartarazi du Dusko Ivanovicek.

Luca Vildoza, Baskoniak Kopa irabazi dezakeela komentzituta Madrilera bideratu aurretik. (SASKI BASKONIA)
Luca Vildoza, Baskoniak Kopa irabazi dezakeela komentzituta Madrilera bideratu aurretik. (SASKI BASKONIA)

Ostegun luzea izango da TD Systems Baskoniako kideentzat. Goizean entrenamendua, eguerdian hedabideekin prentsaurrekoa –aurrez aurre zein telematikoki egina– eta ostean, Madrilera, ostiral arratsaldeko 18.30etan Joventuten aurka Kopako final-laurdenetako kanporaketa jokatzeko. Ez da berehalakoan baloia airera joango!

Dusko Ivanovic, Luca Vildoza eta Alec Petersek egin dituzte adierazpenak eta argi geratu da Saski Baskoniak bere ibilbideko zazpigarren Kopa nahi duela. Tira, nahi, partehartzaile guztiek nahi dute eta Dusko Ivanovicek horri jarri dio fokua hasteko.

«Kopa oso lehiaketa berezia da. Hiru partida baino ez dira eta bertara sailkatu diren guztiek nahi dute irabaztea, guztiek dutelako irabazteko aukera berbera», adierazi du Montenegrokoak. Jokalariak «behar bezala mentalizatuta» dituela onartu du eta hori ona da besterik gabe ere, nahiz eta «urduritasun apur bat ere antzematen den».

Zer egin behar ote du Baskoniak 2009az geroztik irabazi ez duen Kopa beste behin Gasteizera ekartzeko? Mundu guztiaren barruan dabilen galdera iritsita, Dusko Ivanovicek bere izaera atera du beste behin kanpora. «Taldeak ez du ezer berezirik egin behar, baizik eta orain arte jokatu duen moduan jokatzen jarraitu». Hori bai, hiru osagai gehitu dizkio «betiko moduan» egin beharko duen horri: «borondatea, fedea eta 40 minutuan borrokan ekitea».

Izan ere, final-laurdenak irabazteko hautagai nagusi badira ere gasteiztarrak, gogoan izan du Ivanovicek «Joventuten aurka jokatu dugun azken bi aldietan irabazi egin digu. Beraz, badaki guri nola irabazi, talentua eta jaurtiketa aparta duten jokalariak dituzte eta azkenengoz irabazi zigutenean baino indartsuagoak dira bi jokalari amerikar etorri berritan –Shawn Dawson errekuperatu berria eta Demetrius Jackson fitxaketa–. Hori gutxi balitz, Pau Ribas eta Ante Tomicekin eskarmentu eta talentu asko irabazi dute».

«Beste mentalitate bat daukagu»

Duela bi urte Joventuten aurka final-laurdenetan galdu ostean, malkoei eutsi ezinik atera zen Luca Vildoza prentsa aretora. Nico Laprovittola herrikideak sekulako astindua eman zion Baskoniari, balorazio errekorra ere hautsi zuen orduan Joventuten eta egun Real Madrilen jokatzen ari den jokalari argentinarrak. Hala, esperientzia txar horiek uxatu nahian, Madrilera «beste mentalitate batekin» doazela ziurtatu du Vildozak.

«Duela bi urteko porrota oso mingarria izan zen taldearentzat eta niretzat bereziki. Iaz ez ginen Koparako sailkatu eta hori ere ez zen gustukoa izan. Baina aurten dena da desberdina, batez ere taldearen mentalitatea. Duskok –Ivanovicek– partida oro irabaz litekeela erakutsi digu eta mentalitate horrekin goaz Kopa jokatzera», adierazi du Mar del Platako antolatzaileak.

«Ez goaz duela bi urte Joventuten aurka galdu genuen partida hura dela-eta errebantxa bila. Gure kasuan harrotasun puntu bat da orain Joventuten aurka garamatzana; hau da, Kopan izan garen azken aldietan ez dugu gure aurpegirik onena eman eta hori errotik aldatzea nahi dugu. Horretarako gure mentalitate aldaketa eta lehiarako gogoa», ganieratu du.

Badalonako taldeari halakoetan ohi den errespetua erakusteaz gain, Baskoniako 12 jokalaritik bederatzik Kopan debuta egingo dutela gogorarazi du Vildozak. «Ezin dugu final laurdenetako partidaz harago begiratu, baina horrez gain, debutari asko ditugu Kopan. Horrek urduritasuna sortuko du jokalariengan, baina hemen gaude beste hiru –Diop, Dragic eta Vildoza bera– taldekideei partida hau aurrera ateratzen eta Kopako giroan moldatzen laguntzeko», esan du.

Zentzu horretan, Dusko Ivanovic bera ei dago lasaien, Vildozaren hitzetan. «Berak askotan bizi izan du Kopa eta Kopa hainbat bider irabaztea zer den ere badaki. Gainera, berak atsegin du irabaztera kantxara irteteak sortzen duen presio hori eramatea, eta bere atzetik joan behar dugu gu guztiok ere», amaitu du.

«Lehiarako prest gaude»

Bestalde, Alec Petersek ez du eskarmenturik Kopan –ez ACB antolatzen duenean bederen–, baina lasai hitz egin du, taldea «prest» ikusten baitu asteburu luze honetan lehiakor izateko.

«Madrilen eta Tenerifen garaipen garrantzitsuak lortu berriak gaude eta horrek asko balio izan digu gure konfidantzarako. Gure aukerengan konfidantza izateko eta baita ongi gaudela ziur esateko ere. Lehiarako prest gaude eta hori da taldeak esan dezakeen onena», onartu du Illinoisko jokalariak.

Hegal-pibot postuan ohituta, aurten ohi baino kanporago ari da jokatzen Peters, batez ere Polonararekin kantxan jokatzen duenean. Dena dela, estatubatuarrak «eroso» sentitzen dela onartu du. «Azken urtean kanpotik aurkariei min nola eman lantzen ekin diot eta horrek bertsatilitatea damaio nire jokoari, baina are garrantzitsuagoa dena, taldeari partidak irabazteko mesede egiten ari zaio», adierazi du.

«Achille –Polonara– eta biok elkarrekin gaudenean aurkariei arazo pila bat sortzen dizkiegu. Oso mugikorrak gara eta kantxan bizkor mugitzen gara, eta aurkariek defendatzeko arazoak izaten dituzte, defentsa aldaketa asko sortarazten dizkiegulako», gaineratu du.

Amaitzeko, «asteburu one izango dela» esperoan amaitu du berriketaldia Petersek. «Madrilera bide luzea dugu eta pentsatuko dugu zeozer, baina ziur nago pozarren ospatuko genukeela Kopa irabaztea, aspalditik bertan garaipena lortzeke gaude-eta», onartu du.