NAIZ

Migrante adingabe bat babesik gabe kanporatua izan dela salatu du Cimadek

Migranteei laguntza ematen dien Cimade elkarteak Estatu frantsesak daramatzan praktika ilegalak salatu ditu beste behin ere. Otsailaren 3an adingabe bat Baionako tren geltokian hartu eta gero, poliziak bere eskubideen berri eman gabe mugaren bestaldera kanporatu zutela jakinarazi du.

Cimadek antolatu elkartaratzea Baionako polizia-etxearen aitzinean. (BOB EDME)
Cimadek antolatu elkartaratzea Baionako polizia-etxearen aitzinean. (BOB EDME)

Otsailaren 3an Estatu frantseseko indar armatuek adingabeko bat, Baionako geltokian hartu eta gero, zuzenean Espainiar estatura kanporatuko zutela jakinarazi zioten, legalki horren berri emateko behar den epea errespetatu gabe, eta dagozkion errekurtso aukerak zeintzuk diren azaldu gabe. Cimade elkarteak, kasu honen berri ematearekin batera, Estatu frantsesak beste behin ere migranteek eskubideak errespetatzen ez dituela salatu du.

Migranteei babesa eta laguntza eskaintzen dien Cimade elkarteak 2005ean jaio zen Tidaneri (alegiazko izena) gertatutakoaren berri eman du. Adingabea dela zalantzarik jarri gabe ere, Estatuko indarrek 18 urte beherakoei Estatu frantsesean dagozkien eskubideak kontuan hartu gabe zuzenean Irunera eraman zuten. Bertan polizia-etxean zenbait ordu eman eta gero kalean utzi zuten bakarrik.

Hori dela eta, migranteen babesaren aldeko elkarteek, Cimadek barne, salatzen dute: «Praktika ilegal hauek migrazioan dauden pertsonen eskubideak urratzen dituzte mugetan, eta agintari frantsesi eskatzen diegu haurrak babestu ditzaten, ondoko estatuetara kanporatu beharrean».

Estatu frantses eta espainiarraren arteko muga

Estatu frantseseko Administrazioak adingabekoen ardura eta babesa hartu behar du, Nazioarteko Haurren Eskubideen Hitzarmeneko sinatzaile gisara dagozkion betebeharren baitan. Baina 16 urteko Tidaneren kasuan ituna ez zela errespetatu salatu du Cimadek, eta aldi berean, horrelako egoerak eta indar armatuen praktika ilegalak ohikoak direla oroitarazi dute.

Zentzu horretan, horrelako jokabideak bereziki errepikatzen direla Estatu frantses eta espainiarraren artean nabarmendu dute.

Egoera honek Estatu frantsesean dauden barne mugen kontrolen ondorioak agerian uzten dituela adierazi dute elkartetik. «2015ean eman ziren plantan, eta geroztik etengabe berrituak dira, horren lehen ondorioa mugetako indar armatuen praktika ilegalak dira, zenbait jenderen bizitza arriskuan emanez egunero, haurrak barne».