NAIZ

Pandemiak telebista aitzinera eraman gaitu

Euskaltelek emandako datuen arabera, telebista ikusten emandako denbora batez beste egunean hiru ordu baino gutxiago izatetik bost ordu baino gehiago izatera pasatu da. Ordaindutako plataforma digitalak dira nagusi.

Koronabirusak telebistaren aurrean denbora gehiago ematea eragin du. (GETTY IMAGES)
Koronabirusak telebistaren aurrean denbora gehiago ematea eragin du. (GETTY IMAGES)

Pandemiak herritarren telekomunikazio arloko kontsumo ohituretan izandako eragina azaldu du Euskaltelek. 2020an inoiz baino denbora gehiago eman genuen etxean –konfinamenduagatik, eskolak itxi zituztelako, telelanagatik eta mugikortasun-murrizketengatik–, eta horrek aisirako eta entretenimendurako tresna nagusi bihurtu du telebista.

Hain zuzen, Euskaltelen bezeroen %70ek telebista-zerbitzu aurreratuak erabili dituzte 2020an, eta telebista ikusteko denbora batez beste egunean hiru ordu baino gutxiago izatetik egunean bost ordu baino gehiago izatera pasatu da iazko martxotik.

Eskari handiena izan duten edukiei dagokienez, haurrentzako edukiak eta eskaripekoak nabarmendu behar dira. Azken horien eskaera ia %60 hazi da. Horrekin lotuta, guraso eta euskaltzale talde batek Disney+ plataforma euskaraz eskaintzearen aldeko ekimena aurkeztu zuen asteazken honetan Gasteizko Legebiltzarrean.

Trafikoan %90eko igoera

Ordaindutako plataforma digitalak dira nagusi: pandemiaren aurretik zuten trafikoa ia %90 handitzera iritsi dira. Zerbitzu horiek erregistratutako zifrak egoera epidemiologikoaren eta gaitzaren hedapena kontrolatzeko hartutako neurrien arabera aldatu dira. Konfinamendua iritsi zenean, plataformen eskaera %61 handitu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Udan, berriz, oporrekin bat etorriz, eskaera txikitu egin zen pixka bat. Ikus-entzunezko onlineko edukien eskaerak goia jo zuen berriro azaroaren hasieran, ostalaritza lehen aldiz itxi zutenean, eta Gabonetan % 86raino igo zen.

Emaitza on horiek aurten ere errepikatzea espero du Euskaltelek; izan ere, 2021eko lehen zifrek erakusten dutenez, ordainpeko plataforma digitalen batez besteko trafikoa 2020ko urte osokoa baino ia %35 handiagoa izan da urtarrilean.

Telekomunikazio sektorearen errekorra

Telebistarenak bakarrik ez; konfinamenduaz geroztik, zerbitzu guztietako trafikoa handitu dela ikusi du Euskaltel konpainiak.

Herritarrek gehien estimatzen dituzten zerbitzuen artean, onlineko ikus-entzunezko edukietara sartzeko ordainpeko plataformak eta Facebook daude. Konfinamenduan, Facebookeko trafikoa %46raino hazi zen, eta, Gabonetan, %50era iritsi zen. Badirudi 2021ean joera horri eutsiko diola. Urtarrilean Facebookeko trafikoa 2020 osokoa baino %36 handiagoa izatera iritsi zen.

Elkar entzun eta ikusteko beharra

Telefonoari dagokionez, mugikorraren eta finkoaren erabilera bikoiztu egin da, eta deien kopurua ez ezik, deien iraupena ere handitu egin da. Jendeak elkarri entzuteko beharra zuen, eta gehitu egin ziren ahots-deiak; baina elkar ikusteko beharra ere bazuten, eta horregatik hazi da hainbeste Whatsappen erabilera (%300), bideo-deien zerbitzuarena, batez ere.

Konektagarritasun beharren ondorioz, interneteko trafikoa ere handitu egin da. Goizetan, telelanaren eta onlineko klaseen ondorioz, trafikoa handia izan da, eta banda zabaleko sarbidea %82 haztera iritsi da.