Jon Ormazabal

Euren lidergoa sendotu dute Elezkano-Zabaletak Logroñon (18-22)

Olaizola eta txapelketako Rezustarik onenak gauzak zail ipini dizkiete Aspekoei baina sufritzen ere badakitela erakutsi dute lehen itzuliko azken partidan.

Atzelariak nabarmendu badira ere, Elezkanok ere partida handia jokatu du. (Iñigo URIZ/FOKU)
Atzelariak nabarmendu badira ere, Elezkanok ere partida handia jokatu du. (Iñigo URIZ/FOKU)

Emaitzez –bi puntuko aldea ateratzen diete igande honetako galtzaileei– eta jokoz –sufritzen ere badakitela erakutsi dute– euren lidergoa sendotu dute Elezkano II.ak eta Zabaletak gaur Logroñon. Euren defentsarekin, senarekin eta aspaldiko Rezustarik freskoenarekin, Aimar Olaizolak eta bergararrak gauzak estu jarri dizkiete oso maldan gora izan duten partida hamaseina berdinduz, baina sufritzen ere badakitela erakutsi eta garaipen handia lortu dute, lehen itzuli ia perfektua borobilduz.

Gaur ere, perfekzio horretatik oso hurbil egon dira Aspekoak, batez ere partida hasiera ikusgarri batean. Partida askotan jartzea kostatzen zaion arren, Zabaletak bikain ekin dio partidari eta Elezkanok, aurreko astean bezala, ausart eta eraginkor, bikain lagundu dio, jarraian bost tanto lortuz (0-5). Hasiera horretan ahulgunerik gabeko bikotea zirudien Aspekoak eta Olaizola-Rezusta bezalako bikote handi bat nahieran erabili dute, baina Baikokoek ere euren armak atera eta pixkanaka partida orekatuz joan da.

Ofizioa eta sufrimendua

Gehienean dominaturik izan badira ere, ofizioz, sufritzen jakin izan dute, defentsa handia erakutsi dute eta partida gogortuz joan dira, euren aukera iritsiko zenaren zain. Eta ekinaren ekinez aukera hori heldu zaie.

Alde batetik urdinak huts batzuk biltzen hasi direlako eta bestetik Beñat Rezustak ere gora egin duelako nabarmen. Estetikoki, Jose Javier Zabaleta, pilota frontis erdian jota, sekulako ikuskizuna ematen ari bazen, aurreko asteetan baino askeago aritu den Rezusta lehia hori apur bat orekatzeko moduan izan da, batez ere pilotetako batek bote handi xamarra hartu duela baliatuz. Aimar Olaizolak ere bikain irakurri du hori, luze sakatuz eta sake-errematean asmatuta, partida hamaseina orekatzea lortu dute, aurreko astean Bastidan Urrutikoetxea-Imazek egin zuten bezala.

Eta aurreko hartan bezala, gauzak gehien zaildu zaizkienean, liderrek beste martxa bat ere badutela erakutsi dute. Berriz ere atzelaria agintzen eta aurrelaria errematean asmatzen hasi dira, Olaizola II.ak ere azkenerako pilota batzuk bota ditu eta garaipena Elezkano-Rezustarentzat izan da.

 

FITXA TEKNIKOA:

Olaizola II.a-Rezusta: 18

Elezkano-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 554. Iraupena: 61,27 minutu. Markagailua: 0-5, 1-5, 1-6, 2-6, 2-7, 3-7, 3-9, 5-9, 5-10, 7-10, 7-13, 11-13, 11-16, 16-16, 16-21, 18-21, 18-22. Sakeak: 3 Olaizola II.ak. Tantoak: 5 Olaizola II.ak, 1 Rezustak, 10 Elezkanok eta 4 Zabaletak. Hutsak: 6 Olaizola II.ak, 2 Rezustak, 3 Elezkanok eta 6 Zabaletak. Gorabeherak: Logoroñoko Adarragan jokatutako partida.