Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Laborismoaren patriotismoaz

Egiazkotasuna ez da fabrikatzen, egiazkotasunera iristeko ez dago bidezidorrik, ezta bide azkarrik ere.

Adi-adi segitzen ari naiz Alderdi Laboristak patriotismoaren eta banderaren inguruan zabaldu berri duen eztabaida. Union Jack-a, bandera britainiarra, beren ekitaldietan lau haizeetara astintzea eskatu diete alderdikideei, ekitaldietan beti presente egon dadila, gerra handietan hildakoen omenaldietan dotore jantzita joatea gomendatu dute, horrela boto emaileei «egiazko balioekin konprometituta» daudela argi uzteko. Lehen arazo bat dauka horrek: egiazkotasuna ez dela fabrikatzen. Eta horregatik egingo du porrot Jeremy Corbynen ondarea lurperatzeko estrategia errebantxazale horrek. Ahalik eta distantzia handiena jarri nahi dute Corbynek haragitzen zuen memoriarekin, nonbait aberria ez zuelako «behar bezala maite».

Laborismoak bere egin nahi duen patriotismoaren muinean ideia ezberdinak daude: Armada Britainiarraren handitasuna, munduan izan zuen supremaziaren aitorpena. Omen, gerra beterano eta egungo militarrentzat alderdia erakargarriagoa egitea nahi dute. Nago, baina, hori laboristek behar duten erantzunetik oso urrun dagoela, eta beldurra ematen dit ea hori izango den aurrerantzean ordezkatuko duen irudia. Egungo egoera dislokatuotan, iragan inperial handi bateko oihartzunak baliagarri direnik ez dut uste. Justiziaren eta aurrerabidearen alde borrokatzen diren irakasleekin, erizainekin, langileekin, herri horrekin guztiarekin bat egiteak ematen du konexioa, zentzu politikoa. Izatekotan, horiek izan daitezke nazio harrotasun positibo baten sinboloak.

Baina, jakina, bide zailagoa da. Konfrontazioa eskatzen du boteretsuarekin. «Interes britainiarren» kontra lan egiteagatik behin eta berriz salatuak izango direla barneratzea. Kontserbadoreen patriotismoaren tronpetarekin ezingo dute garaipenera martxarik egin, alferrik dabiltza loro bat bezala hura errepikatzen. Aberriaren inguruko elkarrizketan beraiek jarri beharko dute gaia eta gai ordena, jakinda egiazkotasunera ez dagoela bidezidorrik, ezta bide azkarrik ere. Konbikzio sakona behar du horrek, ez kalkulu taktikoa.