NAIZ

Milaka familiak bizi duina izateko energia falta dutela salatu du LABek

EAEko 200.000 lagun baino gehiagok ezin dute neguan etxean tenperatura egokia mantendu. Zifra hori 2008koaren bikoitza eta handitzen ari da covidak eragindako krisiaren ondorioz.

Koronabirusaren egoeraren hirugarren astean, apirilean, argia itzali zuten hainbat etxetan kobratzen denaren aurreko protesta gisa. Irudian, Gasteiz. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Koronabirusaren egoeraren hirugarren astean, apirilean, argia itzali zuten hainbat etxetan kobratzen denaren aurreko protesta gisa. Irudian, Gasteiz. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako milaka familiak bizi duin bat izateko beharrezkoa den energiara sarbiderik ez dutela salatu du LABek. Zehaztu duenez, Lakuaren Pobrezia eta Gizarte Ezberdintasunei buruzko azken Inkestaren arabera, EAEn bizi diren 200.000 pertsona baino gehiagok ezin dute tenperatura egoki bat mantendu euren etxeetan neguko hilabeteetan. Zifra hori 2008koaren bikoitza da eta, covid19-ak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz, handitzen ari da.

Sindikatuaren arabera, «pobrezia energetikoa langile klaseak pairatzen dituen prekaritate eta pobrezia egoeren aurpegi bat gehiago da, bestelako pobrezia egoerekin lotura zuzena duena».

Espainiar Estatuko Gobernuak joan den urtearen bukaeran onartutako dekretuan zerrendatzen diren neurriek –«kasuistika eta pertsona andana kanpoan uzten dituena»– eta Lakuaren eta Nafarroako Gobernuaren «pasibotasunak» ez dute, LABek ziurtatu duenez, energiarako eskubidea bermatzen.

Arazo estrukturalei aurre

Sindikatu subiranistak ohartarazi duenez, gaur egun daukagun babes sozialeko sistema ez da inondik inora nahikoa langile klaseari bizitza duin bat bermatzeko, ezta alor energetikoan ere. «Baina errealitate honetatik harago, arazo estrukturalei aurre egin behar zaie, sektore energetikoaren pribatizazioa eta oligopolioaren sorrera enpresa transnazionalaren zerbitzura egon delako eta dagoelako. Gutxi batzuen irabaziak pertsona guztiek energiarako dugun eskubidearen gainetik kokatu dira».

Orain dela aste batzuk argiaren prezioa %27 igo izana horren adibide garbia da LABentzat, eta norabidez aldatzea beharrezko ikusten du. Babes sozialerako sistema indartzea, horniketa eteteak benetan debekatzea, energia sektorea publiko egitea, prezioak kontrolatzea eta energia burujabetzarako tresnak sortzea proposatu ditu.

«Beste eredu energetiko bat eraiki behar dugu, iturri berriztatzaileetan, logika publikoan eta deszentralizatuan oinarrituta egongo dena; helburua, gizarteari bizi kalitate duin bat eskaintzea da», laburbildu du.