Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota

Atzelari jotzaileenek jarritako erritmoan jokatu da Binakako txapelketaren lehen itzulia

Sailkapena hiru multzo nagusitan banatu da eta bikote bakoitzak nahiko argi du dagoeneko zein den bere helburu nagusia.

Zabaleta eta Albisu dira orain arte gehien nabarmendu diren pilotarietako bi. (Iñigo URIZ/FOKU)
Zabaleta eta Albisu dira orain arte gehien nabarmendu diren pilotarietako bi. (Iñigo URIZ/FOKU)

Binakako txapelketak jokatu du dagoeneko bere lehen fase luze honetako lehen erdia eta gauzak dezente argitu dira, bikote bakoitzak duen helburu nagusiari begira bederen. Gauzak laburtze aldera, esan genezake sailkapena hiru multzo nagusitan banatu dela, lehen bi tokietan dauden Elezkano-Zabaleta eta Altuna III.a-Mariezkurrenarena, bi puntuko aldearekin, erdiko multzo nagusia –Olaizola II.a-Rezusta, Peña II.a-Albisu (4 punturekin), Urrutikoetxea-Imaz eta Ezkurdia-Ladis Galarzak (3 punturekin) osatutakoa, eta zuloan geratu diren Artola-Aranguren eta Jaka-Martijarena, garaipen bakarrarekin.

Oraindik beste zazpi partida geratzen diren arren, esan daiteke bikote bakoitzaren helburuak ere maila berean mugituko liratekeela, hau da, lehen biek zuzenean finalerdietan egoteko borrokan, erdiko multzokoek play-offa jokatu eta ahal dela aurreko bietakoren bat harrapatu eta azken biek txapelketan aurrera egiteko lehia horretan sartzeko ahalegina egitea.

Zenbakiez harago, nabarmentzekoa da baita ere, normalean titularrak eta laudorioak aurrelariak eramaten badituzte ere, Binakako txapelketa honetan atzelariek protagonismo handia hartu dutela. Esan genezake, jotzaile handiek jarritako erritmoan ari dela jokatzen Binakakoa. 2020ko urte arraro horretan Martijaren txapela nolabaiteko salbuespena izan bazen, aurten koadroko lau jotzaile nagusiak Zabaleta, Mariezkurrena, Albisu eta Rezusta euren legea ezartzen ari dira, nahiz eta bergararra ez den orain arte bere mailarik onenean egon. Hori bai, azken jardunaldian asko jokatu zuen Zabaletaren aurrean eta hobekuntza horretan dago Olaizolarekin batera osatzen duen izen handiko bikotearen  lehen bi postu horietako baten jabe egiteko esperantza.

Zabaleta agintean

Izen propioei erreparatuta, orokorrean Jose Javier Zabaleta izan da orain arteko pilotaririk nabarmengarriena, partida guztietan sekulako maila erakutsi du etxarrendarrak eta jotzaile bat baino askoz gehiago ere izan badela erakutsi du. Iaz ere hala bikain aritu zen eta Erik Jakaren gaixotasun batek utzi finaletik kanpo eta arantza hori kendu asmoz ari da.

Hori bai, ezbairik gabe, kasurik deigarriena Jon Mariezkurrenarena litzateke, ezin baitugu ahaztu orain hiru hilabete afizionatuekin ari zela Baikotik kanpo gertu ostean. Asperekin lehen mailara itzulita, segituan uxatu zituen izan zitzakeen zalantzak, partida bakarra izan du txarra eta partida gehienetan agintzea lortu du bere eskuin zoragarri horrekin. Egia da Jokin Altunarekin jokatzeak dena erraten duela asko, baina azken partidan Berriozarrekoa izan zen egoera zail bat aurrera atera zuena.

Eta ezin Jon Ander Peñaren izena ere inola ahaztu. Titular bezala jokatutako lehen txapelketan, tolosarra onenekin lehiakor izan daitekeela erakusten ari da, erasoan ausart eta eraginkor. Eta debut honetan bere aita ponteko Jon Ander Albisuren lanari ere azpimarra egitea beharrezkoa da. Irregulartasuna izan zitekeen Baikoko gipuzkoarren arrakalarik handiena, baina momentuz oso seguru ari dira eta bere hutsak murrizteko gai denean, ataundarra atzelarien aretan puntaren puntan egoteko pilotaria da.

Txanponaren beste aldean, duten ahalmenetik oso urrun egon direlako, Jaka eta Martija aipatu beharko genituzke. Izan ere Buruz Buruko eta Binakako txapeldunen arteko konbinazioak ez du esperotako neurria eman. 2020ko urte zail baina euren kasuan emankorraren «biharamonak» hustuta utzi ditu Aspekoak, atzelariak arazo fisikoren batzuk ere izan ditu eta, garaipen bakarrarekin, esperotako mailarik ez dute eman. Play-offean sartzea litzateke euren helburua eta gero, partida bakarrean, edozeini susto bat emateko gaitasuna, izan, badute.

Salaberria-Etxebarria, galdu ez duten bakarrak

Baina zazpi aste hauetan partidarik galdu ez duen bikote bakarra topatzeko Promozio mailara begiratu beharra dago. Iker Salaberria debutaria eta Oier Etxebarria, 2019ko txapelduna dira partida guztiak irabazi dituzten bakarrak. Bikote oso sendoa osatu dute goizuetarrak eta Igorrekoak eta lan erditan, bi puntuko aldea ateratzen dizkiete bigarren postuan berdinduta dauden Elordi-Garmendia eta Zabala-Erostarbe bikoteei. Jarraitzaileekiko beste bi garaipenetako zuloarekin, Aspeko bi bikoteak lirateke, teorian behintzat, finalerdietara zuzenean sartzeko bigarren txartelaren borrokan egon beharko luketenak. Sailkapenaren zuloan, garaipen bakarrarekin, Arteaga-Elizegi daude, baina puntu bakarrera dute Alberdi-Salaverriren seigarren postua eta ezin dute amorerik eman.