Asier Aiestaran

Jaka-Martija eta Bengoetxea-Aranguren, bigarren itzulian egoera iraultzeko ilusioz

Ostiral gauean hasiko da Urdulizen Binakako Txapelketaren lehen faseko bigarren itzulia, eta Bilbon izango du jarraipena larunbat arratsaldean. Lehia zailak dituzte sailkapenaren zuloan dauden bi bikoteek, baina ez daude amore emateko prest.

Julen Martijak ezin izan du Urdulizen egon gaurko aukeraketan (ASPE)
Julen Martijak ezin izan du Urdulizen egon gaurko aukeraketan (ASPE)

Binakako Txapelketak lehen faseko bigarren itzuliari hasiera emango dio asteburu honetan, eta ostiral zein larunbatean jokatuko diren partiden material aukeraketak gaur egin dituzte Urdulizen eta Bilbon.

Ostiral gauean Urdulizen Jaka eta Martija Altuna III.a eta Mariezkurrenaren aurka neurtuko dira; larunbat arratsaldean Bilbon Olaizola II.a eta Rezusta Bengoetxea VI.a eta Arangurenen kontra. Bi neurketek badute antzekotasun bat, goialdean dabiltzan bikoteek behealdean daudenen aurka jokatuko dute, sailkapenean zuloak are gehiago handitzeko aukerarekin.

«Gozatu eta orain artekoaz ahaztu»

Ostiralekoarekin hasiz, kontrastea nabaria da: Altuna-Mariezkurrenak jokatutako zazpi partidetatik sei irabazi dituzte, orain arteko zenbaki onenak Elezkano-Zabaletarekin batera. Jaka-Martika, aldiz, azken postuan daude puntu bakarrarekin.

«Orain arteko emaitzak hasieran espero genituenak baino askoz okerragoak dira», aitortu du Erik jakak material aukeraketan. «Dena gaizki irten zaigu: Martijaren lesioa, gero Bikuñarena partida jokoan zela… Zortea ez dugu lagun izan», gaineratu du lizartzarrak.

«Sailkapena oso zaila jarri zaigu, baina guk lanean jarraituko dugu eta sentsazioak ez dira txarrak. Neurketa bat irabaztea behar dugu konfidantza berreskuratzeko. Lortuz gero ziur naiz egoerari buelta emango diogula», esan du Julen Martijak Aspek jasotako adierazpenetan. Izan ere, atzelariak ezin izan du Urdulizen egon ingenieritzako praktikak egiten ari delako.

Hori lortzeko, ordea, egutegiak ez die asko lagunduko, asteburu honetan eta hurrengoan juxtu sailkapeneko bi bikote onenen aurka jokatu beharko dutelako –hurrengo jardunaldian Elezkano eta Zabaletaren aurka jokatzen dute–.

«Entrenamenduetan egiten dugun lan ona ateratzen badugu neurketa horietan irabazteko aukerak izango ditugu. Kantxan gozatu egin behar dugu, orain arteko emaitzekin eta gertatutako guztiarekin ahaztu», eskatu du atzelari nafarrak garaipena lortu ahal izateko.

Jokoarekin pozik, baina...

Bilboko aukeraketari dagokionez, Aimar Olaizola eta Beñat Rezusta irtengo dira faborito moduan, sailkapenean lau puntu dituztelako. Oinatz Bengoetxeak –Artolaren ordezko jarraituko du aste honetan ere– eta Aitor Arangurenek bakarra lortu dute, nahiz eta azken neurketekin nahiko pozik amaitu duten.

«Partida zaila daukagu. Bikote handia osatzen dute: Beñatek atzean badakigu nola agintzen duen eta Aimarrek aurrean harrapatzen duenean azkar amaitzen du. Baina saiatu egin beharko dugu irabazten. Uste dut dinamika onean gatozela eta saiatuko gara puntua eskuratzen», aztertu du Aginagako atzelariak.

Azken neurketan 17 tanto egin zizkioten Altuna-Mariezkurrenari, aurrekoan lehen puntua eskuratu zuten Jaka-Martijaren aurka, Ezkurdia-Galartzari ere 19 egin zizkioten… Ez da nahikoa izan sailkapenean gora egiteko, baina joko maila onari eutsi beharko diote puntuak biltzen hasi nahi badute.

«Bikote honek erakutsi du azken neurketetan edozeini irabazteko gai dela, eta beraz lana egin beharko dugu. Beraiek, jokatu duten mailarako, emaitzetan zorte txarra izan dute zenbait unetan, eta partida zaila izango da», erantzun du Aimar Olaizolak ere larunbateko aurkariez galdetuta.