Asier Aiestaran

Garaipen sufritua eskuratu du Bidasoak Asobal Ligako euskal derbian (27-25)

Lehen zatiaren amaieran eta bigarrenaren hasieran sinatutako partzialei esker ireki du tartea etxeko taldeak, nahiz eta Anaitasunak azken segundora arte estutu duen talde irundarra. Sierra atepean eta Rodrigo erasoan izan dira etxekoen jokalari inspiratuenak.

Julen Aginagaldek minutu batzuk jokatu ditu nahiz eta arazo fisikoekin ibili den azkenaldian (Gorka RUBIO / FOKU)
Julen Aginagaldek minutu batzuk jokatu ditu nahiz eta arazo fisikoekin ibili den azkenaldian (Gorka RUBIO / FOKU)

Bidasoa-Irunek asko sufrituta irabazi du Helvetia Anaitasunaren aurkako Asobal Ligako euskal derbia. Azken emaitzak, 27-25, ederki erakusten du Artalekun izan den parekotasuna. Nahiz eta irundarrak ia beti aurretik ibili diren markagailuan, nafarrek etengabe estutu dute talde gipuzkoarra, azken segundora arte.

Lehen zatian bi taldeak oso indartsu hasi dira defentsan, eta erasoek arazo handiak izan dituzte jaurtiketa erosoak aurkitzeko. Nafarrei dagokienez, Patrick Bols atezaina oso fin aritu da lehen jokaldietan, meritu handiko hiru geldiketa sinatuz, eta irundarren ohiko 6:0 defentsa ere oso gogor aritu da.

Gol eskasi horretan, Edu Fernandez izan da Anaitasunari eutsi diona erasoan, eta Rodrigo Salinas izan da Bidasoako jokalari inspiratuena, ez horrenbeste berak sartu dituen golengatik, taldekideei eman dizkien pase bikainengatik baizik: bi ikusgarriak izan dira, Crowley eta Da Silvari, markagailuan 8-5 ihes egin eta lehen tartea irekitzeko.

Quique Dominguezek lehen hutsartea eskatu behar izan du eta bere argibideek eragina izan dute. Racotea errumaniarra bi minutuz kanporatua izan dela baliatuz, bi gol sartu dituzte iruindarrek gizon bat gehiagorekin zeudela, eta 8-7 inguratu dira markagailuan.

Lehen zatiko azken minutuak ere borrokatuak izan dira. Julen Aginagalde azkenean kantxaratzeko moduan izan da arazo fisikoak izan arren, eta atepean Jose Manuel Sierra beteranoa berotzen joan da gelditu eder batzuekin, baina gazteak izan dira erasoan ardura hartu dutenak, Santanok eta Nietok sartutako golak horren adibide.

Kanpotarren artean, aldiz, Del Arco izan da garaiz esnatu eta bi gol egin dituena. Azken kolpea, ordea, etxekoek eman dute, Azkuek eta Rodrigok sartutako golei esker atsedenaldira 13-10 aurretik joateko.

Amaitu bezala hasi

Eta bigarren zatiaren hasiera ere hobea egin dute Jacobo Cuetararen mutilek. Crowley, Tesoriere eta Rodrigoren golekin 17-12 ipini dira aurretik etxekoak eta, esan liteke, hortik aurrera errenta horrekin jokatzen jakin izan dutela.

Torriko eta Xabier Etxeberriaren golekin Anaitasunak behin eta berriz erantzun die jasotako kolpeei. Bidasoak zutoinetara bidalitako baloiengatik batzuetan eta bigarren zatian irten den Cancioren geldituei esker besteetan, bi goletara hurbildu dira nafarrak, baina hesi hori ez dute inoiz gainditzerik lortu.

Sierra gero eta handiagoa egin da atepean eta erasoan Crowley eta Rodrigok –goleatzaile nagusiak seina golekin– bikain asmatu dute Anaitasunak gero eta aurreratuago ipini behar izan duen defentsako marra gainditzen.

Hori bai, azkenean 27-25ekoa izan da emaitza eta Redondo gaztearen azken baloi loratua langara joan delako, bestela lehen itzuliko neurketan bezala gol bakarreko aldearekin amaituko zen dema.

Garaipenari esker Bidasoa-Irunek sendo jarraituko du sailkapeneko bigarren postuan, eta Anaitasunak erdialdeko borrokan jarraitu beharko du, oraingoz gorago egiterik ez baitu lortzen.