Asier Aiestaran

Elezkanok eta Zabaletak erraz menderatu dituzte Ezkurdia eta Galartza Eibarren (8-22)

Emaitza lehen itzulian Irunen jokatutako partidan bezain deigarria izan ez den arren (3-22), igande honetan ere nagusitasun osoz gailendu dira urdinak Astelena pilotalekuan. Zabaletak beste erakustaldi bat eman du atzean eta Elezkanok asko asmatu du aurrean, aurkarien ezina gogor zigortuz.

Elezkano eta Zabaleta ikusgarri jardun dira igande honetan ere. (Endika PORTILLO / FOKU)
Elezkano eta Zabaleta ikusgarri jardun dira igande honetan ere. (Endika PORTILLO / FOKU)

Lehen itzuliko neurketan gertatu bezalaxe, Elezkano II.ak eta Zabaletak oso erraz menderatu dituzte Ezkurdia eta Ladis Galartza igande honetan Eibarren jokatu den Binakako Txapelketako partidan. Aurrekoan gorriek 3-22 galdu bazuten, gaur 8-22koa izan da azken emaitza, baina batzuen nagusitasuna eta besteen ezina oso antzekoak izan dira.

Urdinei dena ongi atera zaie. Une gozoan daude Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta, eta batez ere atzelaria da diferentziak markatzen dituena. Gaur jo bakarrik ez, aurrean ere tantoak amaitzen oso eroso ikusi dugu: harrigarria izan da 1-7koan txokotik zabalera bota duen dejada, baina txokoan moztuta ere beste pare bat sartu dizkio Joseba Ezkurdiari.

«Pozik nabil azkenaldian. Etxanizekin egindako entrenamenduak pozik amaitzen ditut eta arlo fisikoan ere taldean oso lan ona egiten ari garela uste dut», onartu du Etxarrengo atzelariak neurketa amaieran.

Eta Elezkano ere oso fin ibili da gaurkoan. Aurrean izan dituen aukera ia denak baliatu ditu tantoa amaitzeko, zehaztasun ikusgarriz. Zaratamoko aurrelariak 8 tanto egin ditu jokoan, beste bi sakez, eta galdu duen lehen pilota 6-19an txapara joan zaion ormabiko bat izan da –gero beste batek alde egin dio 8-21ekoan–.

Ezkurdia, lur jota

Gorriei, aldiz, ez zaie ezer ongi irten, eta erabat lur jota amaitu dute. Neurketa Ezkurdiak zabalera bidalitako pilota batekin hasi dute, eta ondoren etorri dira Ladis Galartzaren galdutako bizpahiru pilota. Lehen partziala itxi duen 0-5ekoan bakar-bakarrik erori da Baraibarko atzelaria, bizi duen unearen erakusgarri.

Joseba Ezkurdia saiatu da aurrean arriskatu eta zerbait egiten, baina berak ere ez du askorik asmatu eta ezin izan du inoiz estuasunetan ipini bikote urdina.

Gaurko garaipenarekin Elezkanok eta Zabaletak zazpigarren puntua eskuratu dute eta lehen postuan jarraituko dute Altuna III-Mariezkurrenarekin berdinduta.

Ezkurdiak eta Galartzak, aldiz, hiru punturekin segiko dute seigarren postuan, azken bi postuekiko bi garaipeneko tartearekin. Eta hurrengo asteburuan beste erronka zail bat izango dute, hain zuzen ere Altuna III-Mariezkurrenaren kontra.

Pilotakadak: 303. Partidaren iraupena: 43 minutu eta 28 segundo. Markagailua: 0-5, 1-5, 1-8, 2-8, 2-11, 3-11, 3-13, 4-13, 4-16, 5-16, 5-19, 7-19, 7-21, 8-21 eta 8-22. Sakez eginak: 2 Elezkano II.ak. Jokoan eginak: 5 Ezkurdiak, 8 Elezkano II.ak eta 6 Zabaletak. Galdutakoak: 3 Ezkurdiak, 3 Galartzak, 2 Elezkano II.ak eta 1 Zabaletak. Gertaerak: Binakako Txapelketako lehen fasea, Eibarko Astelena pilotalekuan ateak itxita. Lehen sakea, gorri.