Xole ARAMENDI

Azpeitia, agertokirik gabe egotetik «kulturaren herria» izatera

Hamar urte joan dira Sanagustin kulturguneak ateak ireki zituenetik. Paretsu etorri zen Soreasu, gero Dinamo. Ez da makala lortutakoa, sortzaileak, herritarrak eta udal ordezkariak saretu eta elkarlanean aritzea. Ametsa bizirik da, sustrai sendoak dituen seinale.

gara-2021-02-21-Reportaje

Ametsak egia bihurtzea ez da erraza, are zailagoa da denboran zehar irautea. Sustraiak sendo eta lurra ongarritua. Lanaren ordaina da Azpeitian lortu dena. Elkarlanarena. Sortzaileak, herritarrak eta udal ordezkariak saretu eta helmuga bererantz elkarrekin abiatu ziren egun batean. Bidea aurrera doa.

Ezohikoa eta Euskal Herrian erreferentea da Azpeitian kulturgintzak lortu duena. Lorpenak eta erronkak aletzeko une aproposa.

«Desertua izatetik oasia izatera pasa gara eta balioa eman behar zaio». Eneritz Albizu Azpeitiko kultur zinegotziaren hitzak dira.

2006tik 2011ra agertokirik gabeko herria izan zen Azpeitia, bi zinema aretoak –Zelaitxo eta Soreasu– eraitsi ondoren. «2011n Soreasu eta Sanagustin ireki eta pixkanaka dinamika berria sortu zen. Dinamo etorri da gero. Agertokirik gabeko herria izatetik, hain denbora gutxian, kulturaren herria izatera pasa gara; etengabe martxan dagoen makineria da kultura gure herrian», esan du.

Kulturzaleak, heldu, gazte zein haur, badu non aukeratu. Kontzertuak, ikuskizunak, tailerrak, hitzaldiak... 2019an astean lau ekitaldi egin ziren batez beste, bakoitzean 268 ikuslerekin. 2020an, izurriaren eraginez, ekitaldi kopurua astean bira jaitsi zen, saio bakoitzean 200 pertsona inguru bilduz. Garai zailak bizi arren, nabarmentzekoa da 2020an 23.246 ikus-entzule batu izana.

Espresio desberdinen eskaintza, euskara eta herritarren parte hartzea –%55 bertako sortzaileak izatea da helburua– ardatz dituen kultur programazio jarraitua eta oparoa. Albizuren esanetan, «kulturgunea izatetik topagunea izatera pasa da Sanagustin», .

Sortu, eman, hartu, transmititu. «Agertokiak ditugu herritarrek haien sorkuntzak erakusteko, baina sormen prozesu osoari bere lekua eta denbora eman nahi diogu», dio zinegotziak. Abian dituzten egitasmoen artean, Oholtzaberri –antzerki taldeentzako egonaldia eta hortik sortutako antzezlana Azpeitiko Antzerki Topaketetan aurkezteko aukera–, musika taldeentzat Arkupehotsak, Hitzaren Eskola eta Dapa dituzte martxan, besteak beste. Ezin ahaztu sormen bekak, 12.000 euroko diru partida dutenak.

Eguna gogoan dute azpeitiar askok, 2010eko abenduaren 11. Sanagustin kulturguneak ateak ireki zituenekoa. Hilabete batzuetara, 2011ko uztailaren 22an, pausu bat aurrera eman zuen eliza, kartzela eta ospitale izandako XVI. mendeko eraikinak, ostalaritza zerbitzua ere eskainiz. Kudeaketa Sanagustin Kulturgunea Kooperatiba Elkarteak –gaur egun Kulturaz– hartu zuen bere gain. Eragile ekonomiko, kultural eta sozial eraginkorra da. 25 langilerekin, aurten milioi eta erdi euroko aurrekontua du.

Lanean da hamargarren urteurreneko ospakizun ekitaldiak antolatzea helburu duen Herri Batzordea. Kultur Mahaia, Kulturaz kooperatibak, bi udal taldeek eta herritar batzuek osatzen dute. “Beste hamaika bizitzeko/ entzuteko/ idazteko/ gozatzeko” lelopean hainbat ekitaldi egingo dira.

Nabarmentzekoa da datozen lau urteetarako lankidetza hitzarmena sinatu dutela Udalak eta Kulturaz kooperatibak hiru eraikinak proiektu berean, osotasunean, kudeatzeko, orain arte ez bezala. Kulturaz Kooperatibari 150.000 euroko dirulaguntza emango dio Udalak.

Kultur mahaia

2006tik lanean ari zen Kultur Mahaia, Azpeitiko kultur talde guztiek, norbanakoek zein bi udal taldeek eta kultur teknikariak osatua. Herritarrak udal organoetan integratu ordez, udal ordezkariak dira herritarrez osatutako mahaiaren kide. EAJren agintean jarri zen abian, 2011ko maiatzetik EH Bilduk du alkatetza.

Hazia 1998an erein zen, Uztarria Kultur Koordinadoraren sorrerarekin. «Kultur taldeen nahia zegoen ate joka, beste modu batera antolatzekoa –gogoratu du Albizuk–. Uztarrian kultura, euskara eta komunikazioa alorrak lantzen hasi ziren. Bertan piztu zen Kultur Mahaia osatzearen eta kultur ildoa herritik lantzearen aldarrikapena. Uztarriak komunikazio talde izaera hartu zuen gero eta, Kultur Mahaia behin sortuta, handik bideratu zen kulturako lan lerroa».

Lan molde berri batekin amestu zuten eta baita lortu ere. Komunitatea eta kultur ekosistema ehuntzeko pizgarri izan dena, sormena, transmisioa eta sustapena ardatz.

Kudeaketa ereduan jarri du fokua Albizuk. «Herri ikuspegia eta estrategia komuna izan ditu ardatz elkarlanak. Udala bide horren parte izan da eta baliabideak dinamika horren esku jarri izan dira», esan du.

Udal agintariak eta herritarrak parez pare ari dira jardunean. «Administrazioaren eta herritarren arteko distantzia hautsi nahi izan dugu eta horretan ari gara», dio.

Mahaiaren bueltan eseri, eta adostasunak bilatu. «Horren adibidea da Dinamo sormen gunea. Soreasu hutsik zegoenez, Kultur Mahaiak parte hartze prozesua abiatu zuen 2014an eta edukiz nola bete erabaki zuten herritarrek; herritarren mandatua hartu eta eta hura egikaritzea izan zen Udalaren zeregina», gogoratu du Albizuk.

Euskal Herriko hainbat tokitan interesa sortu du Azpeitiko esperientziak. Egokitu zaio Albizuri Azpeitiko esperientziaren berri ematea. Bi faktore dira kanpoan nabarmentzen dituztenak. «Batetik, Kultur Mahai indartsua, gai dena hausnarketak egin eta bideratzeko. Udalak borondate onena izanda ere, herritarrak ez badira antolatzen eta kultur mugimendua ez bada modu eraginkorrean artikulatzen, ezinezkoa da egiteko modu hau martxan jartzea. Eta horrekin batera, Udalaren eta herritarren harreman zuzena, eta norabide berean lan egitea».

Ignacio Arakistain musikaria Herri Batzordeko kidea da. Gazte izanagatik –22 urte ditu– gogoan du herrian bizi izan zuten gabezia. «Nire ume garaian Soreasu zine zaharra botata zegoen eta Sanagustin egiteke; guk desertua ezagutu genuen. Proiektu aitzindaria izan da, dena zegoen egiteko».

Lortutakoa Azpeitiko herriarentzat «egundoko altxorra da, zaindu beharrekoa», bere esanetan. «Mahai bueltako ordu asko dago atzean. Azpeitiko kulturgintza artikulatzea lortu da eta lan ildo desberdinak bultzatuz herriko zein kanpoko sortzaileekin lan handia egin da».

Bat datoz biak. Faktore asko elkartu dira: kultur eragileak batzea, Udalaren babesa eta herritarren erantzuna. «Herriak eman duena eta antolatzeko eduki duen gaitasuna eta borondate politikoa, bi hanka horiek erabakigarriak izan dira», esan du Albizuk.

Hamarkada honetan Azpeitia asko aldatu da. Hala dio. «Tradizioak gordetzen dituen herria da, baina aurrera begira dago, aldaketei irekita, parte hartzailea da. Eta aldaketa horren isla oso esanguratsua kultur mugimenduaren bilakaera da gure ustez. Alegia, herria nola aldatu den erakusten du kultur mugimenduak egin duen bideak».

Sanagustinen hasierako urteetan gazteen hutsunea ikusten zen. «Saiakera egin zen haiengana hurbiltzeko eta gero eta gehiago gerturatzen dira. Kultur bonua erosten dutenen gehiengoa gazteak dira», nabarmendu du kultur zinegotziak.

Aurrera begirako erronkei dagokienez, kantitatea eta kalitatearen oreka aipatu du Arakistainek. «Orain arte sortu eta eraiki egin da, azpeitiarrek herrian zer dagoen ezagutu dezaten, eta, behin hori egin denean, oreka horren bila joan behar da. Eta kultura ez dadila izan kontsumo hutsa, hausnarketarako espazioa baizik».

«Hamargarren urteurrenak balio dezala belaunaldi berriak urte hauetan guztietan egin den lanaz jabetu daitezen», nabarmendu du Arakistainek.

Herrian bakarrik ez. «Azpeitia eta bailaratik irten eta kanpoan gure eredua eta azpiegiturak ezagutzera ematea dugu erronka», gaineratu du Albizuk.

 

Artikulazioa eta herri ekimena eta kooperatibismoa, hausnarketa gai

Hamargarren urteurreneko ospakizun egitaraua prestatzen ari da Herri Batzordea. Batetik, Sanagustineko bizipenak jasotzen dituen argazki mosaiko erraldoia osatzeko deialdia egin zaie herritarrei. «Une bat hainbat iruditan adierazi daiteke eta hamar urte milatan. Mugikorrak dira gure egungo erretina eta badakigu norberaren sakelakoetan argazki eder mordoa ditugula pilaturik. Ez dugu argazki perfektua topatu nahi, ez eta betiko protagonistak soilik oholtzan erakutsi nahi ere. Zure argazki pertsonal hori nahi dugu, Sanagustin bizitzeko zure modua erakutsiko diguna», luzatu dute gonbita.

Udaberrian zabaldu nahi dute erakusketa, Sanagustinen bertan, eta sarean ere ikusi ahal izango dira argazkiak.

Bestetik, udaberrian bi jardunaldi egingo dira, nazio mailakoak: kultur artikulazioaz bat, eta herri ekimena eta kooperatibismoaz bestea.