NAIZ

‘10.000km baietz!’, Laudioko Zumalakarregi etorbidea euskaraz beteko da martxoaren 14an

Laudio ikastolak 2021eko Araba Euskarazeko ekintzen plangintzaren baitan euskararen aldeko erronka batean parte hartzea proposatu die laudioarrei. ‘10.000km baietz!’ izena du eta martxoaren 14an egingo da, 9.00etatik arratsaldeko 19.00ak arte, Zumalakarregi etorbidean.

Laudio Ikastolak, Araba Euskarazen jaialdiaren baitan, ‘10.000km baietz!’ erronka aurrera eramango du martxoaren 14an. «Zerbait ludikoa, herrikoia eta parte-hartzailea izatea nahi dugu, jendarteak euskarari, kulturari, kirolari bidea zabal diezaion», adierazi du Jon Bengoetxea ikastolako zuzendariak.

Erronka hau goizeko 9.00etatik arratsaldeko 19.00ak arte Zumalakarregi etorbideari nahi beste joan-etorri egitean datza, bertaratutakoen artean 10.000 kilometro edo gehiago osatu arte. Ekimen honetan edozeinek har dezake parte; korrikan, oinez, txirrindaz, patinetan... Aldez aurretik izena ematea gomendatzen da, hala ere, egunean bertan ibilbidean kokatuko diren kontrol guneetan ere aukera egongo da apuntatzeko.

Ibilbidearen muturretan, hau da, anbulatorio inguruan edo Gurutze Gorriaren inguruan kokatuko diren erregistro guneetako batean eman beharko da izana. Gune hauek egindako kilometroen kontrola eramateko ere baliatuko dira, hau da, parte-hartzaileek izango duten txartelean euskararen alde egindako distantzia markatzeko. Helburua 10 ordutan 10.000 kilometro egitea izanik, 5 kilometro, 5 joan–etorri, egiten dituzten 2.000 pertsona biltzea litzateke erronka. Orduro gutxienez 200 pertsona.

«Zumalakarregi etorbidea euskaraz betetzea da asmoa. Horretarako Laudioko ikastetxe zein eragileei bidea zabaldu nahi diegu, haiekin harremanetan jarriko gara, elkarrekin euskarari bidea zabal diezaiogun» azaldu du zuzendariak.

Horretaz gain, ibilbidea girotzeko asmoa dute antolatzaileek, ahal dela musikaz, ikastetxeetako ikasleek egindako euskararen aldeko mezudun oinatzez, etab. «Punta batetik bestera kilometro bat dago, 5 joan-etorri egiteko prest? Ekimena arrakastatsua izanez gero, 2 urterik behin antolatzeko ardura hartuko genuke», ohartarazi du Bengoetxeak.

Jendeari parte har dezan deitzeko, ‘10.000 km baietz!’ youtube kanala ireki dute. «Bertan erronka honetara batuko diren hamarnaka laudioarren gonbita biltzen joango gara, baina zu ere ager zaitezke» azaldu du Ikastolako lehendakariak, norbanakoek bideoa bidal dezaten animatuz.