Arnaitz Gorriti

Viny Okouo, Gipuzkoa Basketen ezusteko hobekuntzaren ikurretako bat

Echeniquek min hartuz geroztik, Brazzavilleko pibotak aurrerapauso bat eman eta 10,5 puntu eta 5 errebote lortu ditu batez beste. Estudiantesen aurkako garaipenean 15 puntu eta 8 errebote pilatu zituen eta donostiarren barruko erreferente bilakatu da Bilbao Basketen aurkako derbiaren bezperetan.

Viny Okouo Estudiantesen aurka irabazteko GBCren zutabeetako bat izan zen. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Viny Okouo Estudiantesen aurka irabazteko GBCren zutabeetako bat izan zen. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Urtarrilaren 2an, Bilbao Arena pabilioian, RETAbet Bilbao Basketen aurka Jaime Echenique Acunsa Gipuzkoa Basketeko pibot izarra lesionatu egin zen, denboraldi osorako gainera. Une hartatik aurrera GBCko pibot titularra izatera pasa zen Viny Okouo pibot kongotarra.

Ezustean, urtarrilaren 2az geroztik jokaturiko lau partidetatik hiru irabazi ditu Gipuzkoa Basketek, eta Brazzavilleko erraldoiak –2,14 metro– zerikusi nabarmena izan du bolada horri begira: 10,5 puntu eta 5 errebote, orotara batez beste pilatu dituen 7,7 puntu eta 4,6 erreboteen ondotxo gainetik.

Are gehiago, hedabideek asteazken honetan gogorarazi diote Estudiantesen aurka GBCk lorturiko garaipenean 15 puntu 8 errebote eta 17ko balorazioa lortu zuela. «Partida hura gainerakoak bezain garrantzitsua zen, eta egia esan oso ondo gaude», onartu du Okouok.

Urte hasiera ona izaten ari da talde donostiarrarentzat jokoari eta emaitzei dagokienez, baina «hobetzea beti da posible», iritzi dio pibot afrikarrak.

Larunbatean 20.45etatik aurrera, berriz ere Bilbao Basket izango dute aurrean Illunben donostiarrek.  «Guretzat partida guztiak dira garrantzitsuak. Guk jokatu eta pistan gozatzen jarraitu behar dugu», azpimarratu du Okouok hedabideen aurrean.

Donostiarrak ez bezala, bilbotarrak bolada txarrean datoz, GBCri irabazitako partidaz geroztik ACB Ligako bost neurketa segidan galduta. Dena den, Viny Okouoren iritziz, «gogotsu etorriko dira, eta guk ere haien aurka jokatzeko gogoa dugu, eta, egia esan, oso partida ona izango da».

Aurkaria aztertuz, «kontzentrazioa» izango dela gakoa adierazi du Brazzavilleko jokalariak. «Amaierara arte jokatu beharko dugu eta beraiek baino gogotsuago jokatu. Egia da Balvin oso jokalari garrantzitsua dela Bilbao Basketentzat, baina kalte egin diezaguketen askoz jokalari gehiago ditu. Adi egon behar dugu jokalari guztiekin», ohartarazi du.

Maila pertsonalean, hasieran esan bezala, hobekuntza nabarmena izan du denboraldian zehar Unicajako harrobiko jokalariak.

«Egia esan, oso pozik nago. Jaimeren –Echeniqueren– lesiotik honantz, taldeko jokalari garrantzitsuenetakoa, ia pibot bakarra naiz –Julen Olaizola ere hor dago–, eta horixe egin behar nuen, maila handiagoa eman eta gauzak egiten eta taldeari laguntzeko hobetzen saiatu», adierazi du.

Akatsen gainetik, jokatzen jarraitu

Gipuzkoa Basketen hobekuntza xehetasun askorekin adierazi liteke, baina Xabi Oroz, taldeko kapitainaren iritziz, «akatsen gainetik jokatzen jarraitzea» da hobekuntza honen gakoetako bat.

«Dinamismo handiagoarekin ari gara jokatzen eta egiten ditugun akatsei ez diegu hainbeste garrantzia ematen. Akatsak saskibaloiak berez duen gauzetako bat dira, baina daukana baino garrantzia handiagoa emanez gero, norbere kontra joan liteke. Ausardia handiagoarekin ari gara jokatzen, ondorioz. Hala, puntu gehiago sartzera iristen ari gara erasoan eta defentsan ere sendoago gaude», laburbildu du azkoitiarrak.

Urtarrilaren 2ko partida horri begira, GBCko kapitainak onartu du «arantza txiki bat» sartuta geratu zitzaiela Marcelo Nicolarenei. «Partida hura nola joan zen ikusita, arantza txiki bat geratu zitzaigun. Taldeak itxura ona eman zuen derbi hartan eta irabazteko hiru jaurtiketa izan genituen baina txanpona ez zen gure alde erori, baina porrot horretatik oraingo egoerarako asko ikasi genuela uste dut, baina era berean, larunbateko derbiari begira, motibazio handiagoa ematen digu horrek», gaineratu du.

Saski Baskoniak, fitxaketarik ez

Asteazkena otsailaren 24a da Euroligan jokatzeko fitxaketa berriak egiteko azken eguna. Saski Baskoniak fitxaketarik ez egitea deliberatu du. Aldiz, Euroligan izena emandako jokalarien zerrendan hainbat gazte sartu ditu talde gasteiztarrak. Batzuek ezagunagoak, Pape Sow senegaldarra, esaterako, Dusko Ivanovicen partidaren bat edo bestetan jokalarien zerrenda osatzeko erabili baitu, edota Pavel Savkov errusiarra, 2002an jaioa, eta joan den asteburuko FIBA Lehioetan Errusiako selekzio nagusiarekin debuta egin berri duen jokalaria.

Beste izen batzuek, hala nola Txekiar Errepublikako Ondrej Hanzlik edo Argentinako Lucas Sigismonti ez dira horren ezagunak. Bai, ordea, Ioseba Kerejeta, 2003an jaiotako antolatzailea, Josean Kerejeta presidentearen seme gaztea.

Yaiza Lazaro bilbotarra, Zaragozara

Emakumeen Saskibaloi Ligari dagokionez, Yaiza Lazaro pibot bilbotarra Basket Zaragozak fitxatu berri du. Aragoiko taldeak Laura Nicholls pibot kantabriarra galdu du, Euroliga jokatzen ari den Fenerbahçe taldearekin kontratua sinatu baitu. Bere lekuan Yaiza Lazaro bizkaitarra –1,90 metro, 1944an jaioa– fitxatu dute.

Sei urte Gernikan jokatu zituen Lazarok baina azken denboraldietan Andaluzian izan da Ingenia Solar Energy C.B. Almeria taldean. Aurtengo denboraldian 19 partidatan jokatu du bilbotarrak eta batez beste 8,6 puntu, 5,5 errebote eta asistentzia bat lortu ditu 24 minutu pasatxoan.