NAIZ

Mugi eta Barik txartelak Arabako hiriarteko autobus zerbitzuetan erabili ahal izango dira

Datorren astelehenetik, martxoak 1, ArabaBuseko eta Arabako eskualde mailako garraioko lineetako autobusek Bizkaiko Barik eta Gipuzkoako Mugi txartelak onartuko dituzte ordaintzako modu gisa.

Gasteizko autobus geltokia. (Arabako Aldundia)
Gasteizko autobus geltokia. (Arabako Aldundia)

Ohar batean Arabako Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak adierazi duenez, azken urteetan lanean aritu da hiru lurraldeetako garraio txartelak (Bat Araban, Barik Bizkaian eta Mugi Gipuzkoan) EAEko edozein garraiobide publikotan erabili ahal izan daitezen. Lan horrek dakar garraio publikoko operadoreek softwarean inbertsioak eta egokitzapenak egin behar izatea.

«Horrela, eta administrazio guztiek egindako lanari esker, aspalditik erabil daiteke Bat txartela Bilboko metroko 1. eta 2. lineatan, Bilboko tranbian eta La Reinetako funikularrean, Bizkaian, eta Dbus Donostiako hiriko garraio zerbitzuan, Gipuzkoan», azaldu du Blanca de la Peña Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak.

Datorren astelehenean, beste urrats bat egingo da elkarreragingarritasun horretarako bidean, Barik eta Mugi txartelak sartuko baitira Arabako errepide bidezko ArabaBuseko eta eskualde garraioko lineatan. Bidaiariek bi txartelak erabili ahal izango dituzte ordaintzeko.

Hartara, eta eskudirua edukitzeaz kezkatu behar ez izateaz gain, bidaiariek automatikoki eskuratuko dute, Barik eta Mugi txartelen bidez, Bat txartel orokorrari aplikatzen zaion txartel arruntaren gaineko %20ko deskontua. Era berean, deskontu ehuneko hori handiagoa izango da Barik edo Mugi txartel pertsonala edukiz gero, familia ugari orokorreko kide gisa edo familia ugari bereziko kide gisa.

Arabako Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak foru lineetako autobus eta ibilgailuen terminalen programa informatikoak egokitu ditu azken urtean, Bizkaiko eta Gipuzkoako garraio publikoko txartelak erabili ahal izateko. Era berean, Bat txartela kudeatzen duen erakundearen bitartez, Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak egiaztatu dute ondo dabilela.