NAIZ

Txikonen taldeak oinarrizko kanpamentuan jarraitzen du haizea eta elurra ondoren

Haize zakarra eta elurra konstante bat izaten ari dira duela astebete Manaslun 7.050 metrotik jaitsi zirenetik, eta iragarpenen arabera, datozen egunetan ere berdin jarraituko du. Taldea «oso motibatuta» dago, baina badakite egunak aurrera doazela eta gero eta aukera gutxiago dituztela.

Manasluren irudi bat. (Philipe EIZAGIRRE)
Manasluren irudi bat. (Philipe EIZAGIRRE)

Alex Txikon euskal mendizalearen taldeak heldu den 28an –hau da, igande honetan bertan– Manasluko kanpaleku nagusia utzi behar du; izan ere, baimena egun horretan amaitzen zaio. Beraz, egun gutxi dituzte aurretik zortzimilako hori neguan igo ahal izateko.

Otsailaren 19an bizkaitarrak eta bere taldeak oinarrizko kanpamentura itzuli zirenetik, bertan jarraitzen dute haize zakarra eta elur pixka bat nagusi izan diren zenbait egunen ondoren.

Eguraldiaren parteek huts egin dezakete, eta horri heltzen diote. «Hainbat egun daramatzagu oinarrizko kanpamentuan eta haizea eta elurra eten barik ari dira, baina aukerarik txikiena ikusten dugunean, aprobetxatu egingo dugu. Denbora aurrera doa, baina oraindik zerbait ona gerta daitekeela uste dugu. Ikusiko dugu», adierazi du Alex Txikonek.

Lemoarrak bideo bat grabatu du Manasluko oinarrizko kanpamentutik. Bertan, belatxingak gora eta behera hegan doazela aipatzen du, beste gauza batzuen artean.

Hori bai, taldeak oinarrizko kanpalekuan lanean jarraitzen du. Izan ere, beti dago zer eginik egoera onean izateko. Bitartean, zerura begira jarraitzen dute, eguraldiak su-etena noiz emango zain, martxan jartzeko. Oso gertu dute, baina, horretarako, ezinbestekoa da haizea eta elurra moteltzea.

Nahiz eta baimena igande honetan amaitu, duela egun batzuk lemoarra baimena luzatzeko gogoz zegoela zirudien: «Ea igandea baino lehen beste ekinaldi bat egiteko aukera dugun. Ziur naiz iragarpenak aldatuko direla, eta datozen egunotan leiho on bat zabalduko dela. Argi dut saio bat egiten badut, martxoaren lehen egunetan izan behar duela, eta ez erdi aldean».

Bost urte Nanga Parbat igo zuenetik

Gaur, otsailaren 26a, egun berezia da Alex Txikonentzat, bere sare sozialetan adierazi duenez. Izan ere, bost urte bete dira Nanga Parbatera neguan igo zenetik bere taldearekin. Hala ere, «egia esan urteurren arraroa eta tristea da Ali gabe», azpimarratu du lemoarrak.

Txikon Simone Moro eta Ali Sadpara mendizaleekin batera igo zen 8.126 metroko altuera duen mendira. Moro Manasluko espedizio honetan ere parte hartzen ari zen, baina astelehenean baieztatu zuen ez duela saio berririk egingo eta etxera itzuliko dela.

Ali Sapdara, aldiz, K2 mendian desagertu zen hilabete honetan John Snorri eta Juan Pablo Mohr mendizaleekin batera eta senitartekoek, ofizialki, hiltzat hartu dituzte.