Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Ertzañatik Ertzaintzara, etorkizunerako eztabaida

Ertzaintzaren izaera eta jokabidea hizpide dira aspaldi honetan. Aste honetan bertan langileak kolpatzen ikusi ditugu berriro poliziak. Arnaldo Otegik duela egun gutxi botatakoak ere eztabaida sortu zuen. Izan ere, gaiari ezin zaio luzaroan iskin egin eta, gaur egun, zoritxarrez, haren joera ez dela batere itxaropentsua esan beharra dago.

Erreferentzia historikoa Telesforo Monzonek sortutako «Ertzaña» dugu. Lauaxetak jarri zion izena. Gerra garaian, Euskal Herriaren biziraupenerako estatu egiturak sortzeko edo berreskuratzeko gogoarekin bat egin zuen Polizia haren sorrerak. Estatu egiturak sortzea eta berreskuratzea izan da, hain zuzen ere, Monzonek ordezkatzen zuen erreferentziaren eta ondoren etorritako belaunaldi berrien arteko ezkontzatik erdietsitako mugimendu politikoaren proiektu emantzipatzailearen oinarria.

Halere, gaur egungo Ertzaintzaren jatorri juridiko-politikoa frankismoaren erreformatik eratorritako Estatutua dela ezin daiteke ahantzi, eta horrek, zinez, oso jite jakina eman zion polizia indar horri hasietatik, EAJri eta EAJren apustu autonomistari lotuta.

Abiapuntu horretatik, ezker abertzalearekin talka etorri zen, ezinbestean, nahiz eta talkaren kontra hitzak ez ziren falta izan. Apenas hilabete gutxi batzuk baino ez ziren pasa 1991ko abuztuan Bilboko Etxebarria parkean izandako segadatik –bertan Juan Maria Ormazabal ETAko kidea eta Alfonso Mentxaka ertzaina hil ziren–, ETAk “Egin” egunkariari eskainitako elkarrizketa batean halako dinamika baten arriskuaz ohartarazi eta kezka agertu zuenean.

«Polizia integrala»

Halere, bidea hasia zen, Jaurlaritzak behin eta berriz azpimarratzen zuen ideia batek argi eta garbi azaltzen zuena: Ertzaintzak «polizia integrala» izan behar zuen, eta horrek, bai ala bai, ezker independentistaren kontra egitera eramango zuen, nahiz eta inplikazio horrek ez zituen Guardia Zibilaren eta Polizia espainolaren atzera-egitea ekarriko. Gaur egun egiazta daiteke kimera hutsa zela ordezkapenaren ideia hura.

Norabide horretan tematu ziren, ordea, 1991tik 1998ra arte Juan Maria Atutxak Barne Sailean izandako gidaritzak erakutsi zuenez. Ardanza lehendakariaren garaia zen. Hamaika gertakaritan azaldu zuten, eta maila txikiagoko anekdotek ere deskribatzen dute orduko giroa. Hamarkada haren lehen erdialdean Tolosan Galtzaundi Foroa jarri zen martxan. Bertatik hainbat ordezkari politiko pasa zen hitzaldiak egiteko, eta ondoren kazetariekin afari bat egin ohi zuten, «off de record» formatuan. Zinez interesgarria. Ardanza bera egon zen haietako batean. Kazetariek ordurako ezagunak ziren Ertzaintzaren kontrako tortura salaketei buruz galdetu zioten, beste gauza askoren artean. Lehendakariak ez zuen indar handirik egin salaketa horiek gezurtatzen. Bere mezuak arreta beste nonbait jarri nahi izan zuen. «Ertzainak hiltzen badituzte…», egoera gogortu baino ez zela egingo adierazi zuen. Denek zekiten tentsioak gora egingo zuela.

Lizarra-Garaziren garaiak beste ikuspuntu bat egon zitekeela pentsarazi zuen, nahiz eta testuingurua ez zen batere samurra, akordio hura lortzeko bilerak Ertzaintzak Ina Zeberio ETAko militantea tiroz josi eta egun gutxira hasi baitziren. Autonomismotik autonomismorako bide antzua ezin zela errepikatu zioen ezker abertzaleak, baina autonomiak sortutako hainbat egitura –Ertzaintza edo EiTB, esate baterako– abiarazi nahi zen burujabetza prozesuaren mesedetan jar zitekeela adierazi zuen hainbatetan. Urte dezente geroago Katalunian ikusi da horrek zer esan nahi duen, nekez egingo baitzen Urriaren 1eko erreferenduma independentistek Mossos d’Esquadra polizian gutxieneko eragin bat izan ez balute. Egiari zor, seguru asko, eragin hori ez zen nahikoa polizia indar horrek Espainiako legalitateari planto egiteko eta Errepublika benetan egikaritzeko buru-belarri inplikatzeko. Edonola ere, erabakigarri izan zen eta, Errepublikarekin aurrera segituz gero, are erabakigarriagoa izango zen, batera edo bestera.

Belaunaldi berrien bizkarrak eta ertzainen borrak

Lizarra-Garaziko garai hartan, edo garai hura okertzen hasi zenean, ezker abertzaleko buruzagiek ideia bat helarazi zieten jelkideei: ordura arteko belaunaldiek errepresioa indar armatu espainolekin identifikatzen zutela nagusiki, baina belaunaldi berrien bizkarrak ertzainen borrak gorritzen zituztela, eta hori luzera arazo sakon bat bilaka zitekeela. Ez ziren urte asko pasatu ETAk ertzain denak erakundeko helburu militartzat hartu zituen arte. Egiazki ez zen ildo jarraitu bat bilakatu, baina mezu hark esanahi ilunegia zuen etorkizunari begira.

Ertzaintzaren joera ere begien bistakoa izan da. Anekdota batek azaldu dezake argiago. Ez dira hilabete asko Ertzaintzaren sindikatu baten buru batek EH Bilduko buruzagi bati hau esan ziola: «Gu zuentzat putaseme batzuk gara, baina gure ondotik datozenak, horiek bai direla putaseme batzuk, baita guretzat ere». Eskuineko ideologia espainolista gero eta indartsuago delako bertan. Ez da beraz arinki tratatzeko gaia. Ez da ez ikusiarena egiteko garaia.