NAIZ

Hondarribia eta Orio garaile izan dira Hondarribiko XXI. Traineru Jaitsieran

Etxeko lehen trainerua, gizonetan, eta Orioko ontzia, emakumeetan, azkarrenak izan dira Covidaren ondorioz aurten egin den lehen testan.

Gizonezkoen Hondarribia trainerua, ikurrinarekin Hondarribiko XXI. Traineru Jaitsiera irabazi ostean. (HONDARRIBIA ARRAUN ELKARTEA)
Gizonezkoen Hondarribia trainerua, ikurrinarekin Hondarribiko XXI. Traineru Jaitsiera irabazi ostean. (HONDARRIBIA ARRAUN ELKARTEA)

Larunbat honetan jokatu da Hondarribiko Traineru Jaitsieraren 21. edizioa. Aurtengo lehen testa izan da traineruentzat, aurrez egin ohi diren beste zenbait bertan behera geratu baitira Covidaren ondorioz.

Hondarribiko test honek ere jasan du Covidaren eragina: Euskal Herriko ontziek bakarrik hartu dute parte, elkarte bakoitzak ontzi bakarra aurkeztu ahal izan du maila bakoitzean (emakumezkoak eta gizonezkoak) etxekoen salbuespenarekin, eta dikea itxita egon da ikusleentzat.

Proba Hondartza pareko estropada eremuan egin da, bi luzeko ibilbidearekin. Luze bakoitza, beraz, ohikoa baino luzeagoa izan da eta ontziak itsaso zabalera irten behar izan dute. Emakumeen ibilbidea motzagoa izan da, baina txapelketa ofizialetan egin ohi dutena baino luzeagoa.

Gauzak hala, Hondarribiako lehen trainerua, mutiletan, eta Orioko ontzia, nesketan, izan dira garaileak. 2 metroko olatu eta 20 km/orduko mendebaldeko haizearekin jokatutako estropada izan da. Giro nahiko exigentea, beraz, arraunlarientzat.

Etxeko traineruak 20:25,42ko denbora behar izan du estropada-eremua betetzeko. 13 segundoko aldea atera dio Donostiarrari, bigarren, eta 18 segundo Oriori, hirugarren. Etxekoek lehen ziabogan denborarik onena markatu dute (10:05) eta erritmoari eutsi diote amaiera arte.

Nesketan, Oriok 15:35,15ko denbora behar izan du bere estropada burutzeko. 8 segundoko aldea atera dio Donostiarrari, bigarren, eta 16 segundo Arraun Lagunak ontziari, hirugarren.

Gaurko garaipena ondoren, Hondarribiak gizonezkoen palmaresan lehen postuan jarraitzen du 10 garaipenekin. Bigarren Bermeo eta Orio daude, lau garaipenekin. Emakumeetan, ordea, San Juanek 4 garaipen ditu eta gaurko garaipenarekin, Oriok 3 ditu.

SAILKAPENAK

Gizonak:

1 HONDARRIBIA "A" 20:25,42
2 DONOSTIARRA 20:39,35
3 ORIO 20:43,58
4 GETARIA 20:52,44
5 BERMEO20:53,18
6 ZUMAIA 21:11,94
7 ISUNTZA 21:12,10
8 ZARAUTZ 21:13,63
9 SAN PEDRO 21:19,75
10 SAN JUAN 21:25,89
11 ARKOTE 21:30,66
12 DEUSTO 21:40,79
13 HONDARRIBIA "B" 22:05,02
14 LAPURDI 22:10,89
15 MUTRIKU 22:48,59
16 HIBAIKA 23:03,28
17 HONDARRIBIA "C" 23:04,41
18 ILLUNBE 23:28,14

Emakumeak:

1 ORIO 15:35,15
2 DONOSTIARRA 15:43,46
3 ARRAUN LAGUNAK 15:52,08
4 HONDARRIBIA 15:57,44
5 TOLOSALDEA 15:58,84
6 HIBAIKA 16:10,58
7 ZUMAIA 16:10,65
8 DEUSTO 16:18,89
9 SAN JUAN 16:21,44
10 ONDARROA 16:49,05
11 ZARAUTZ 17:08,29