Jon Ormazabal

Buruz Burukoak esnatu du Ducassourik lehiakorrena eta bosgarren txapela jantzi du

Hamahiru berdinketa izan dituen final batean, 40-39 gailendu zaio Luis Sanchez nafarrari, 38-39 galtzen joan ostean.

Asko kostata izan bada ere, Ducassouk jantzi du bosgarren txapela. (Guillaume FAUVEAU)
Asko kostata izan bada ere, Ducassouk jantzi du bosgarren txapela. (Guillaume FAUVEAU)

Denetariko txapelak jantzi baditu ere, Buruz Burukoa da Battitta Ducassouren bihotzeko txapelketa, bertan lortu ditu bere garaipenik sonatuenak eta azken hilabeteetan bere buruarengan galdua zuen konfiantza ere suspertu dio trinketean bakarrik sartzeak. Lehiakortasuna berpiztu dio Frantziako txapelketak eta bere onena eman behar izan du gauzak oso zail jarri dizkion Luis Sanchezen aurka bere bosgarren txapela janzteko. Final ikusgarri eta lehiatu batean, 13 berdinketa izan dira azkenerako, 38-39ko emaitzari buelta eman eta garaipena lortu du lapurtarrak, azken urteetako espezialistarik handiena dela berretsiz.

Luis Sanchezen bote bortitzei nola erantzun ahalko zion zen finalaren gakoetako bat eta hemen ere ez da alde handirik izan bi finalisten artean, biek lortu baitituzte 11 tanto lehen pilotakadarekin eta ñabardura bakarra egindako faltetan egon da, Ducassouk bat gehiago (2) egin ditu. Bigarrena, gainera, oso une txarrean egin du, partida 33-33 zela, baina akats honi buelta emateko gai ere izan da itsasuarra. Luis Sanchezek ere izan du unerik desegokienean egindako oparirik, finala erabakita uzteko paregabeko aukera izan baitu 33-36 zirela, aukera-aukerako pilota bat txapapera botaz. Huts honek bizia eman dio lapurtarrari eta amaiera ezin estuago batean, txapela Lapurdin geratzea lortu du.

Azken muga

Pilotaren azken mugaren aurka talka egin duen Luis Sanchezek ez du batere gustura amaitu egindako finalarekin «nire erritmoa aurkitu ezinik ibili naiz hasieratik», esan du, baina pozik egon daiteke, egindakoa ez baita makala izan. Lehen mailan jokatutako lehen urtean Buruz Buruko finala jokatzea ez du edonork egiten eta sake bikaina duen pilotari bat baino askoz gehiago dela berretsi du.

Partidaren beroan kexu bat ere izan du, Ducassouren garaipenari ezer kendu gabe, itsasuarraren jarrera oso desegokia izan dela salatu baitu, «pilota jotzen nuen bakoitzean oihu egiten zidan eta partida osoan zehar hizketan aritu zait. Egin duenaren inguruan hausnarketa bat egin beharko lukeela iruditzen zait», aipatu du telebista kameren aurrean.

FITXA TEKNIKOA:

Ducassou: 40

Luis Sanchez: 39

Iraupena: 80 minutu. Markagailua: 3-0, 3-8, 10-8, 10-13, 14-13, 14-14, 15-14, 16-16, 21-16, 21-18, 25-18, 25-23, 30-23, 30-31, 31-31, 31-32, 32-33, 33-33, 33-36, 36-36, 36-38, 38-38, 38-39, 40-39. Boteak: 11 eta 2 falta Ducassouk eta 11 eta falta 1 Sanchezek. Gorbeherak: Hazparneko Berria trinketean jokatu da Frantziako Berezkoen Buruz Buruko txapelketaren finala, publikorik gabe.