Ramon Sola

Galindok Kastresanari azken agurra ematea zapuzteko Lasarte-Oria okupatu zuenekoa

Hil berri den Enrique Rodriguez Galindo ez zen Intxaurrondotik kanpo gehiegi nabarmentzen, baina 1988ko irailean indar erakustaldia egin nahi izan zuen Lasarte-Oria okupatuz, tanketa eta guzti, Poliziak hildako Mikel Kastresanari azken agurra zapuztu nahian. Hauxe da orain NAIZek lortu duen bideoa.

Duela 32 urte eta erdiko pasarte hau aski ezaguna da, baina bideo irudiak orain eskuratu ditu NAIZek. Orduko giroaren adierazgarriak dira oso, bai eta hil berri den Enrique Rodriguez Galindoren jokabidearenak ere.

Intxaurrondoko burua bi egun lehenago Poliziak Donostian hil zuen Mikel Kastresanari azken agurra behar bezala eman ez zedin tematu zen. Horretarako, koarteletik atera eta herria okupatu zuen, tanketa eta guzti.

Jendez gainezka zegoen elizaren ondoan gertatu ziren tentsio une nagusiak. Apaizak berak hitz egin behar izan zuen Galindorekin, indar armatuak joan zitezen, eliza soseguz hustu ahal izateko. Gauza bera egin zuten ezker abertzaleko ordezkari ezagunek, bideoak erakusten duenez: Jose Luis Elkorok, Rafa Diez Usabiagak eta Juan Mari Olanok, besteak beste.

Grabaketan ondo jasotzen ez den arren (urrundik bai, pare bat momentutan), Kastresana agurtu nahi zuten ehunka lagunen aurka oldartu zen Guardia Zibila, zauritu ugari eraginez, bai herrian bertan baita hipodromorako bidean ere.

Errepideetan kontrolak jarri zituzten aurretik, lasartearrak ez ziren pertsonak herrira sar ez zitezen. Horrela kontatuko zuen ‘El Pais’ek, hurrengo egunean: «Los guardias separaron a los jóvenes de las mujeres que viajaban en los autobuses, les obligaron a tumbarse en el suelo y, tras cachearlos, les ordenaron dar ‘a paso ligero’ un par de vueltas por el lugar».

‘Egin’en kronikan jasotzen denez, bizilagunek hauxe aurpegiratzen zieten Galindo eta gainerako guardia zibilei: «Zuen hildakoak lurperatzea uzten dizuegu guk, gure hildakoak lurperatzen utziguzue zuek!». ETAren aldeko oihuak nabarmenak dira bideoan, PSOE eta GAL lotzen dituztenekin batera, bai eta ‘Eusko Gudariak’ eta beste zenbait kantu ere.

Lasarte-Oriako memoria partekatuan jasotzen denez, hiletan Kastresanaren gorpua izatea zen familiaren asmoa, baina hori ere ez zuen Guardia Zibilak baimendu. Lehenago lurperatu behar izan zuten, beraz. Hilerrira ere bertaratu ziren Patrolak, mehatxu gisa (Euskal Memoria Funtsa).

Ordurako Galindok jada ia hamarkada bat zeraman Intxaurrondon buru. Une hau kronologikoki kokatzeko, Joxean Lasa eta Joxi Zabala hil baino bost urte geroago gertatu zen Kastresanarena, eta Mikel Zabalza hil eta hiru beranduago.

Mikel Kastresana, «beste erremediorik ez dugu izan»

Bideoan jasotakoa 1988ko irailaren 25ean izan zen, igandearekin. Bi egun lehenago, arratsaldeko azken orduan, azken hatsa emana zuen Mikel Kastresana Razkinek, Donostiako Gipuzkoa Plazan, Poliziak tirokatuta, ETAko ‘Donostia komando’ko kide zelakoan.

Bost tiro jaso zituen, horietako bat buruan eta beste bat bihotzetik oso gertu. Baina bertsio ofizialak tiroketa gisa aurkeztu zuen gertatutakoa. «Hil behar izan dugu, ez dugu beste erremediorik izan», adierazi zuten poliziakideek (Euskal Memoria Funtsa).

Berarekin batera zihoan Begoña Uzkudunek, aldiz, argi du jazotakoa aurretik prestaturik zutela: «Gero, komisaldegian galdeketako une batean ez zeuden konforme nik esandakoekin eta zera esan zidaten: ‘Eres tú la que tenías que estar muerta y a tu amigo lo necesitábamos vivo’». Hemezortzi urtez preso izan zuten gero Begoña Uzkudun.

‘El Diario Vasco’ko argazkilariari egindako irudiak kendu zizkion Poliziak bertan. Auzibiderik ez zen abiatu, gertatutakoa ikertzeko. 29 urte baino ez zituen Kastresanak eta lau zeramatzan etxetik kanpo.

Mikel Kastresana Razkin (Euskal Memoria Funtsa)