Asier Aiestaran

Larunbatean hasiko da ohiko «irekia» ordezkatuko duen Binakako Masterra

Ehun emakume pilotari baino gehiago izena emanda zeuden arren, antolatzaileek lehiaketa erabat aldatu behar izan dute mugikortasun murrizketen ondorioz. Azkenean, punta-puntako zortzi bikotek hartuko dute parte pilota mistoarekin jokatuko den goi-mailako txapelketan.

Bilboko Euskal Museoan egin dute aurkezpena (EMC)
Bilboko Euskal Museoan egin dute aurkezpena (EMC)

Datorren larunbatean hasiko da Asteasun emakumezkoen Eskuz Binakako Laboral Kutxa Masterra, emakume pilotari onenak bilduko dituen txapelketa berria. Denera 16 pilotarik, zortzi bikotek, izango dute pilota mistoarekin jokatuko den txapelketa honetan parte hartzeko aukera.

Urtero legez, asmoa Emakume Master Cup lehiaketa irekia egitea zen: izen emate epea abenduan ireki zen eta ehun pilotarik baino gehiagok eman zuten izena, 80 emakumek pilota goxoko mailan eta 28k pilota mistoko mailan. Baina mugikortasun murrizketak tarteko, aukera hori baztertu egin behar izan dute antolatzaileek eta azkenean eliteko txapelketa laburrago bat adostu dute Lakuako gobernuarekin.

Martxoaren 6an ekingo zaio lehiaketari Asteasun, final-laurdenekin. Goizez bi partida jokatuko dira: A taldeko Irantzu Etxebeste-Olatz Ruiz de Larramendi / Amaia Aldai-Gentzane Aldai eta B-ko Leire Garai-Oihana Orbegozo / Miren Larrarte-Ane Urkizu. Arratsaldeko jaialdia ETBk zuzenean emango du, 15.30etatik aurrera, eta bertan jokatuko direnak A multzoko Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi / Andrea Aldaregia-Nora Mendizabal eta B-ko Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre / Ainhoa Ruiz de Infante-Arrate Bergara izango dira.

Kanporaketa hauetan irabazle irtetzen diren bikoteek finalerdiak bi aste geroago, martxoaren 20an, jokatuko dituzte, 15.30etatik aurrera Irungo Urantzu pilotalekuan. Eta finala ere, iaz bezala, Irunen jokatuko da apirilaren 4an, igande eguerdian. Partida horiek denak ETBk eskainiko ditu.

Txapelketa Bilboko Euskal Museoan aurkeztu dute eta bertan Emakume Master Cupen web orrialde berria (www.emakumemastercup.eus) eta pilotariek erabiliko dituzten arropa teknikoak ere erakutsi dituzte.