Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

ETA erakundearen bide luzea, ‘Arroz urez’ eta esperientzia pertsonaletik idatzia

ETA erakundearen sorrera eta amaiera arteko bidea kontatzen du autobiografiatik asko duen Mikel Antzaren lan honek. Euskal Herriak ikusezin gorde behar izan dituen hainbat pasarte agerian geratuko dira, beti ere ‘Arroz urez’ idatziak.

‘Arroz urez’ lana aurkeztu du Mikel Antza idazleak. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
‘Arroz urez’ lana aurkeztu du Mikel Antza idazleak. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Burgosko auzia hari edo aitzakiatzat hartuta, ETA erakundearen hasiera bat eta bukaera bat dakartza Mikel Antza idazleak, bere biografiarekin zerikusia duena. Txalaparta editorialaren eskutik, bere bizipenetan oinarritutako hausnarketa eta gertaerak biltzen ditu ‘Arroz urez’ lanak.

«Liburu arraroa atera zait», aitortu du Antzak gaur Iruñeko Karrikirin egindako aurkezpenean. «Collage moduko bat. Ez da idazketa jarraitu bat, ez dago narrazio bat. Puska desberdinak dira eta autobiografiatik asko dago», azaldu du. Haren hitzetan, trilogia baten azken alea izango da honako hau. Martxoaren 20an Bilboko Loraldian antzeztuko den ‘Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia’, GARAren eskutik idatzitako ‘Burgosko auzia. Iraultza eta bizi’ komikia eta ‘Arroz urez’ hau.

Izan ere, komiki hartatik ernatu da lana. «Duela urtebete ez nuen intentziorik liburu hau idazteko. GARA egunkaritik proposamen bat iritsi zitzaidan komikiaren gidoia egiteko eta eranskin bat sartu behar genuen Burgosko Auzia zer izan zen azalduz. Eranskin hori egiten hasi nintzenean ohartu nintzen nire biografiak Burgosko auziarekin bazuela harreman berezi bat eta eranskina idazten nuen neurrian potolotzen joan zen, komikian ez sartzeraino. Liburu forma hau hartu du».

Prozesua bera bezala izena ere «arraroa» dela uste du Antzak, baina badu bere azalpena. «Adin batetik aurrera eta gatazkarekin lotura duen jendeak segituan ulertuko du esanahia. Liburu honen lerroartean arroz urez asko dago idatzia. Asko kenduta eta asko ez dut idatzi, ezin delako idatzi». Ez du gatazkaren generoan aditu bihurtu eta sakontzeko gogorik, ez eta «munizio» gisa erabiltzea, hori ez da helburua. «Nik neuk bizitakoa kontatu dut, ahal izan dudanera arte». Ahal izan duenera arte, baina «autozentsuratik aldenduz», beharrezko «diskrezioa» nabarmenduz. 

«ETAn militatu dutenek badakite gauza batzuk ez direla esan behar»

Horretarako, NAIZen Miguel Castells Burgosko Prozesuko abokatuari egindako elkarrizketa ekarri du gogora. «Duela 50 urte, Burgosko auzian, independentzia eta sozialismoa aldarrikatzen genuen. Ez gara independenteak eta ez dugu sozialismoa lortu, ETA erakundea desegin da, 200dik gora preso daude. Zer irabazi dugun galdetu nion. Orduan esan zidan galdera hori erantzuteko lehenbizi Audientzia Nazionala desagertu egin behar dela. Bitartean erantzungo banu, galdera egiten zuena, erantzuten zuena eta egunkariko zuzendaria Audientzia Nazionalera joan beharko ginateke. Ez dago azaltzerik nola iraun duen ETA erakunde batek hainbeste denboraz Europan, Estatu boteretsuenen aurka eta kasu bakana izanda mundu osoan. Azalpena egiten hasten banaiz, kartzelara noa. Ez da autozentsura, arroz urez idatzitako zerbait da. ETA erakundean militatu dutenek badakite gauzak batzuk ezin direla esan eta ez direla esan behar». Euskal Herriak ikusezin gorde behar izan dituen hainbat pasarte agerian geratuko dira irakurlearentzat.

Pasarte ikusezinak eta baita gatazkan ikusezin izan diren aktore ugari ere. «Herri honetan borroka egin duten batzuk ohoratzen dira eta ezagutzen dira, baina ez gehiengoa. Ezagutzen dira eta ohoratzen dira atxilotu, torturatu eta kartzelaratu dituztenak. Horiek dira ETAko gudariak. Baina izeberg baten punta dira, beste guztia ez da ezagutzen», azaldu du.

Egoera berezian idatzia

Mikel Antza donostiarra 2004an atxilotu zuten eta 14 urtez egon zen preso, 2019ko urtarrilean aske geratu arte. 1985eko uztailaren 7an ihes egin zuen eta Euskal Herrira 34 urte beranduago itzuli. Urtebete beranduago, guztion bizitzak irauli dituen pandemia iritsi eta honek ere zerikusi handia izan du lanaren idazte prozesuan. «Pandemia garaian galdu nuen bizipoza neurri handi batean itzuli dit liburak».

Bere hitzetan, prozesua «erabat organikoa, bizia» izan da. «Hasi nintzenean ez nekien zer izango zen, eta idatzi ahala gertakizunekin eta halabeharrekin forma hartu zuen. Intuizio batetik abiatu nintzen, ondoren konturatu nintzen Burgosko Auziarekin banituela lotura pertsonal batzuk eta azkeneraino atal batzuek ez dute bere forma hartu». Adibide bat jartzearren, ETA erakundearen sorrera Mikelen gurasoek elkar ezagutu zuten unearekin parekatzen da. «ETA erakundearen hasieratik bukaera arteko kontaketa bat, Mikelen buru-gorputzetik iragazia», definitu du Garazi Arrula Ruiz Txalapartako editoreak.

Txabi Etxebarrietarekin hasi eta «tia» Luzirekin bukatzen du Antzak idatzi pertsonal hau. Tartean, beste hamaika izen esanguratsu, hasiera eta amaierako muturrak lotzeko Burgosko auzian auziperatu zituzten hainbat elkarrizketatuz eta haien testigantzak atzeko oihal moduan josiz.