Andoni Arabaolaza

Alex Txikonen bolada txarra luzatu du Manasluk

Joan den igandean, alpinista lemoarrak «eta kito» esan zuen. Iragarri zuen Manaslu (8.163 m) neguan igotzeko ekinaldiak bertan behera utzi eta etxerako bidea hartuko zuela. Otsailaren 28a kanpaleku nagusia uzteko azken eguna zuen. Eskatutako baimenak horrela agintzen zuen.

Manaslutik 7.050 metroko kotarekin itzuliko da Alex Txikon Euskal Herrira. Datu objektiboei begiratuta, arrakastaren bidea 2016. urtean eten egin zen. Urte horretako otsailaren 26an, Simone Morok, Ali Sadparak eta Txikonek berak osatutako taldeak Nanga Parbaten (8.126 m) historia egin zuen. Hain zuzen ere, hirukote hori zortzimilako horren neguko lehen igoera sinatzeko gai izan zen. Ordutik, bost urte igaro dira, eta, alpinista lemoarrak eginiko bost espedizioetan ez du arrakastarik lortu. Hots, tontorrek ihes egin diote.

Manaslukoa izan da azkena. Eta beste behin, zortzimilakoetan egiten diren neguko jardunek erakutsi dute arrakasta erdiesteko zirrikituak oso nimiñoak direla. Zalantzarik gabe, kosta egiten da urtaro honetan erraldoi horiek “menderatzea”. Beste “joko” bat da. Mendiko modalitate honetan sona handia duen Krzysztof Wielicki alpinista poloniar historikoak Donostian eginiko elkarrizketa batean zera gehitu zuen: «Neguak zortzimilakoei beste dimentsio berezia ematen die».

Ziur gara Txikon bera iritzi berekoa dela. Bederen, neguko eskalada horietan eskarmentu zabala duten lehen lerroko alpinistek Wielicki-ren adierazpenak azpimarratzen dituzte. Batzuek, Mororen kasuan, esplorazio hitza gehitzen dute. Italiarrak dio neguan egiten den urrats bakoitzak gauza berri bat erakusten duela: «Ziurgabetasunak egundoko indarra hartzen du. Zapore horrekin itzultzen naiz etxera; zeure buruari proposatzen diozun alpinismoaren ondasuna eta aberastasuna da».

Sufrimendu fisikoa, baina, batez ere, psikologikoa. Horretan ere bat datoz espezialista guztiak. Kroniketan maiz aipatzen dugu ohiko denboraldietan zortzimilakoek dituzten zailtasunak baino neguko jardunetan klimak berebiziko garrantzia duela. Behin eta berriro, muturreko hotza azpimarratzen da. Eta egia da. Baina, azken urteotan, tresnerian asko hobetu da; bilakaera oso positiboa izan du. Hotz ikaragarria egin dezake, bai, baina jantziek, botek, berogailuek… neurri batean “leuntzen” dute eraso hori.

Haizearen aurka, ordea, ezin da ezer egin. Erraldoi horietan neguan jarduten dutenak klimaren osagai horrekin beti egoten dira beldur. Eguraldiaren iragarpenei begiratu, haize hori pixka bat altxa eta alarma guztiak pizten dira. Ibiltzeko eragozpenak biderkatzen ditu, hotza areagotzen du, pilatutako elurra garbitu du, izotz gogorra agerian uzten du, izozteen arriskua indartzen du... Haizea da, beraz, mendizaleok duten mamu handienetarikoa.

Jakina, badira klimak eragindako beste eite batzuk: elurteak, ikuspen txikia, elurroldeak… Badirudi, ohiko denboraldietan ez bezala, neguko eskaladetan arrakasta izateko alkimista bikaina izan behar dela. Aipatu ditugun osagaiok lapiko batean iltzatuta daude, eta horiek guztiak askatzeko eta era eraginkorrean kudeatzeko aparteko “ingeniaria” behar da izan. Labirintoaren atea aurkitzea helburu arras nahasia da. Eta hori erakutsi diete neguko zortzimilakoen jardunetan apustu ausarta eta indartsua egin duten guztiei.

Manaslun, gorabeherak

Nepaleko Himalaian dagoen mendi horretan amaitu berri den espedizioaren buru Moro eta Txikon izan dira. Hots, azken urteotan, Denis Urubkorekin batera, neguan zortzimilako gehien bisitatu dituzten mendizaleak. Bederen, denboraldi gogorra izateko, espedizio batzuk-batzuk antolatu dituzte. Manaslurako espedizioaren “bizkar-zakuan”, beraz, eskarmentu handia pilatuta zegoen. Lehen lerroko bi protagonistok, gainera, xede oso handia zuten esku artean: Manasluko tontorra eta Ekialdeko pinakulua lotu. Helburu hori, berez, behin sinatu da. 1986. urteko udazkenean, Jerzy Kukuczka eta Artur Hajzer alpinista poloniarrak goi mailako jardun hori biribildu zuten. Morok eta Txikonek, berriz, arrakasta bera neguan lortu nahi zuten. Baina, azken asteotan informatu dugunez, xede horretatik oso urrun geratu dira.

Mendizale lemoarrak Manasluren espedizioa aurkeztu zuenean, itxaropenerako tartea ematen zuen. Arestian aipatu dugun bezala, espedizio buruen eskarmentua urre balioa duen osagaia zen. Eta hauekin “atzean” geratzen ez diren xerpa etniako lau alpinista izan dira: Cheppal, Kalden Phurba, Namja eta Gelum. Guztiak ala guztiak Txikonen konfiantzazko kideak. Hurbiltasuna zein konfiantza ematen zion beste espediziokide bat alboan izan du: Iñaki Alvarez. Gipuzkoarra aspalditik ezagutzen du; hots, Txikonen lehen espedizioetatik. Baina, taldekideek ez bezala, neguko jardun horietan lehen eskarmentua zuen.

Manasluko tontorra eta Ekialdeko pinakulua lotzeko otsailaren 28a arte epea zuten. Baimenak hala zioen, baina gogoratu behar dugu data horrek beste ukitu berezia zuela. Morok, behintzat, hilabete hori bukatu baino lehen helburua sinatu nahi zuen; izan ere, egun hainbat espezialisten artean lehenesten den epeak argi behar zuen egon. Negu meteorologikoa, astronomikoa… ohiko eztabaidari buruz ari gatzaizkizue. Morok, adibidez, eguraldiaren iragarpenek baldintzatuta data hori iritsi baino lehen espedizioa bertan behera utzi zuen. Txikonek, ordea, aipatu zuen martxoaren lehen egunetan beste ekinaldi bat egiteko pronto zegoela. Baina dena kontra izan du. Bat, baimena luzatzeko diru-iturririk ez zuen. Eta bestetik, eguraldia ez du lagun izan.

Laburbilduta, kronikaren hasieran aipatzen genuen kota horri begiratzea baino ez zaigu geratzen: 7.050 metro. Hori da talde horrek lortu duen garaiera handiena. Gailurra lortzeko oraindik 1.000 metro geratzen zitzaizkien, baina hori gainditu ahal izateko eite ezberdin batzuk alde behar zituzten.

Nahiz eta izaera horretako espedizioetan normala den, Manasluko espedizio honek gorabehera ugari izan ditu. Covid-19ak behartuta, oinarrizko kanpalekura nahiko “berandu” heldu ziren; hain zuzen ere, urtarrilaren 12an. Lanean hasi eta bi astera, lehen eta bigarren kanpalekuen artean, 6.300 metrora, errimaia erraldoi batekin egin zuten topo. Eragozpen hori saihesteko, ibilbide berri bat bilatu eta aukera izan zuten aldaera alpino bat irekitzeko.

Otsailaren hasieran, haizete oso bortitzek kanpaleku nagusia ondo baino hobeto astindu zuten. Triskantza handia eragin zuten, eta espedizioa amaitzeko zorian utzi ere. Baina aurrera jarraitu eta berriro lanean jarri ziren. Ekinaldi garrantzitsuenean 7.050 metroko kota lortu eta gero, haizete indartsuek eten zuten taldearen asmoa.

Gogoratu behar da ere, talde horrek hainbat astetan Vinayak Jai Malla eta Tenji Xerparekin lanak partekatu zituela. Bi alpinista hauen helburua, espedizio autonomo batean, Manaslu estilo alpinoan igotzea zen. Baina arestian aipatu dugun errimaia horrek Txikonen taldearekin bat egitea behartu zituen. Alabaina, belaunaldi berriko alpinista nepaldar indartsuenetariko hauek lehenago erretiratu ziren.

Bostetik bat lortu du

Manaslun amaitu berri duen espedizioarekin, euskal mendizaleak neguko zortzimilakoetan beste etapa bat itxi du. Ziur gaude ez dela azkena. Hasi, berez, 2011. urtean hasi zuen Gasherbrum I mendiarekin (8.080 m). 7.100 metrora iritsi zen. Hurrengo urtean itzuli zen, eta bide berri batetik 7.400 metroko kota lortu zuen. Gailurra ez, baina, bederen, Gasherbrum South-en (7.109 m) lehen igoera erdietsi zuen.

Zalantzarik gabe, Txikon mendizaletasunaren historian urrezko letrekin sartu den jarduera baten protagonista izan da. 2016. urtean, Sadpararekin eta Mororekin Nanga Parbat-en neguko lehen igoera egin zuen.

Nolabait esateko, eskalada horrek proiektu oso handi batera eraman zuen. Everest mendiaren (8.848 m) “benetako” neguko lehen igoera poltsikoratu nahi zuen. Hiru espedizio egin ditu: 2017, 2018 eta 2020. urteetan. Eta, gehienez, laugarren kanpalekuak duen 8.000 metroko kota lortu zuen.

Tartean, 2019. urtean, K2ra (8.611 m) joan zen, eta 7.100 metrora atzera egin zuen. Gogoratu behar dugu joan den urtarrilean hamar alpinista nepaldar gai izan zirela munduko bigarren mendi garaiena igotzeko. Hau da, neguko lehen igoera izan da; zortzimilakoen artean falta zen bakarra. Ondoren, beste ekinaldi batean, bizkaitarraren kide Sadpara zendu zen.

Espedizio horietan guztietan ez du bilatzen ari zen arrakastarik lortu, baina ezbairik gabe azpimarratu behar dugu Txikonek orain arte lortu duen arrakasta handiena espedizio horietatik guztietatik onik ateratzea izan dela. Eta hori mendizale ororentzat arrakasta handiena da.