NAIZ

302.000 euro bildu ditu Errigorak nafar hegoaldean euskara hauspotzeko

Martxoaren 4tik 24ra Nafarroa hegoalde eta erdialdeko oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz eta pasta-sortak eskatu ahal izango dira, Errigoraren kanpaina berrian. Jakinarazi dutenez, azkenekoan, 302.000 euro bildu dituzte «inoizko baldintza gaiztoenetan».

Errigoraren ‘Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura’ kanpaina berriak, «ekoizteko erak alda daitezen, kontsumitzeko moduak aldatzeko bide bat» proposatu du. Horretarako, martxoaren 4tik 24ra Nafarroa hegoalde eta erdialdeko oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz eta pasta-sortak eskatu ahal izango dira, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Bestetik, jakinarazi dutenez, «inoizko baldintza gaiztoenetan, inoiz baino ekarpen handiagoa» bildu dute euskalgintzarako azken kanpainarekin. Izan ere 302.000 euro bildu dituzte eskatu diren 16.000tik gorako saskiekin.

Diru hori Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematera bideratuko da. Zehazki, zonaldeko ikastolen, euskaltegien eta hezkuntza publikoko D ereduko taldeen aldeko dinamiken lana indartzera. Baita iaz aurkeztu zuten Agerraldia egitasmo berrira ere. Era berean, azpimarratu dute «pandemiak euskara eta euskalgintza hain estu» hartu dituen honetan, «Korrika atzeratu dela eta Herri Urrats zein Sortzenen jaia bertan behera geratu direla», saskiko 5 euroko ekarpen osagarria egin dute horietako bakoitzari zuzenean bideratzeko.

Egungo baldintzetan ekarpen ekonomiko hori biltzeko gai izatea «izugarria» dela iritzi dute Errigorako kideek. «Bihotzez diogu hitzez azaltzeko zaila den zirrara eragiten digula elkartasun erakustaldi honek eta inoiz baino harroago gaudela gure komunitateaz, Errigora osatzen duten sarekide, euskaltzale, ekoizle eta askotariko herritar ederrez. Eskerrik asko, beraz, erdi bakartuta gauden honetan taldean aritzeko hautua egiteagatik. Eskerrik asko egoera tamalgarri honetan euskararen alde konpromisoa hartzeagatik. Kanpainako leloak dioen bezala, egiten duguna gara».