Haritz Larrañaga

Emilio Lopez Adanek bere azken lana aurkeztu du, 'Borroka armatua Euskadin'

Hiru liburukiz osatutako bildumak 1967 eta 2011. urteen artean izandako ekintza armatuak biltzen ditu. Emilio Lopez Adan egilearen esanetan, «hemen ez da mitorik, ez da historia ofizialik, hemen egitateak agertzen dira».

Maiatz argitaletxeak Baionan duen egoitzan aurkeztu zuten liburua Luzien Etxezaharreta eta Emilio Lopez Adanek. Guillaume FAUVEAU
Maiatz argitaletxeak Baionan duen egoitzan aurkeztu zuten liburua Luzien Etxezaharreta eta Emilio Lopez Adanek. Guillaume FAUVEAU

Martxoaren 3an aurkeztu dute Luzien Etxezaharretak, Maiatz argitaletxearen koordinatzaileak eta Emilio Lopez Adan idazleak 'Borroka armatua Euskadin' lana. Hiru liburukiz osatutako bilduman 1967. eta 2011. urteen artean  izandako ekintza armatuak biltzen dira, izan ere, Baionan egindako aurkezpenean azaldu zutenez, «uste genuen beharrezkoa zela euskal borroka armatuaren kronika egitea eta egitateei loturik egitea».

Bataz beste, liburuki bakoitzak 800 orri baino gehiago ditu eta bertan ekintza bortitz guztiak banaka aztertu ditu egileak, hiru denbora tartetan sailkatuta, 1967tik 1980ra, 1981tik 1990ra, eta 1991tik 2011ra. «1.400 hildako inguru, eta baita hildakorik eragin ez zuten bestelako egitate bortitzak ere aztertu dira», nabarmendu zuen Lopez Adanek. Liburuki bakoitzak 35 euroko prezioa du eta garrantzia handia eman diote euskaraz argitaratu izanari.

Memoriari buruzko ekarpen bat
Horrela aurkeztu zuen Luzien Etxezaharretak Emilio Lopez Adanen azken lana: «Ekintza bakoitzaren ikuspegi anitzak bildu ditu, ekintzaileen motibazioak, ondorengo eztabaidak, epaiak, eta abar», azaldu zuen Maiatz argitaletxeko koordinatzaileak. Hots, aurkezpenean ohartarazi zutenez, «ez da ETAren historia, borroka armatua bere adiera eta forma desberdinetan aztertu du, ez soilik ETAren ekintzak, baita, esaterako, Komando Autonomoek, Iparretarrak edo Iraultzak egindako ekintzak ere».

Idazleak jakinarazi zuenez, duela sei urte hasi zen materiala biltzen. Bildutakoarekin erredaktatzeari, ostera, duela lau urte ekin zion, eta azken bi urteak idatzitakoa «orrazten» pasa ditu. Hasieratik lanerako hiru irizpide ezarri zituela ere azaldu zuen; «gezurrik ez esatea, jendeari minik ez egitea, eta errepresioari hausporik ez ematea».  

Egitateak aurkezteko datu zehatzak ematen dira, hau da, non, nork, nola, eta abar. Zentzu horretan izenak emateko orduan beldur zela aitortzen du egileak, baina «beste batzuek hasi dira izenak ematen, beraz, nik zergatik ez?» galdetzen du.

Edonola ere, azpimarratu zuen ekintzei lotuta agertzen diren izen guztiak publikoak direla eta «kontuz handiz» aritu dela. «Nik ez diot errepresioari arma berririk eman nahi, soilik aipatu dut dagoeneko publikoa dena, liburuetan, komunikabideetan edo sententzietan agertzen dena», azpimarratu du.

Konkretuki kontatu
«Historia ofizialak gauzak kontatu ditu modu oso traketsean, etsai terroristen gaiztotasuna erakusteko, eta gu abertzaleok mito baten inguruan ibili gara, guk egina beti asmo hoberenarekin egin dugu eta beraz ongi egina izango da... eta ez, afera askoz ere konplexuagoa da», hausnartu zuen Lopez Adanek.

Egilearen iritziz, «kontatu behar zen konkretuki zer egin zen, nork egin zuen, garaia nolakoa zen, gero zer deskubritu den, eta hori da egin dudana, eta horretarako lehen iturrietara joan naiz, garaian publikatutako egunkariek eta komunikabideek esan zutena, ekintza bakoitzaren ostean egin ziren ikerketak, eta baita ere garrantzia handia eman diet zenbait jendek orain ematen dituen testigantzei, zeren orain baketzearekin jende bat hitz egiten hasi da. Bistan da oraindik gauza anitz ezin dela kontatu, baina hala ere gauza batzuk kontatzen dira eta asko aipatu dira».

Iturrien kritika ere egin du Lopez Adanek, zeren  «ez da sinesgarria Poliziak esaten duena, ez dira sinesgarriak tribunal antiterroristaren sententziak, ez dira guztiz sinesgarriak militanteen oroitzapenak.... eta guzti hori kontuan hartuta guztia bildu dut, eta egitateak aurkeztu ditut egitate bezala, hipotesiak hipotesi bezala eta dudak planteatu ditut zalantza bezala».

Justizia trantsizionaletik urrun
Errepresioaren itzal luzea ere jasotzen da lanean, baina eremu horretan berrikuntza gutxi eskaintzen duela aitortzen du egileak, «berrikuntza gehiago eztabaiden atalean da, adibidez, akta klandestinoak, batzuk inoiz argitaratu gabeak», zehaztu zuen Lopez Adanek.

Egungo testuingurua kontuan hartuta, «Justizia Trantsizionala urrun» ikusten du idaazleak, baina gaiaren inguruko bere balorazioa ere egin zuen: «Errepresioak baliatu ahal izango lituzkeen datu berririk ez dugu eman. Datu berriak eman ahal izateko amnistia beharko zen. Garbi hitz egingo duenari segurtasuna bermatzen bazaio hitz egingo du, beraz nik ez dut egingo haien lekuan».

Justizia Trantsizionala eta amnistia hizpide hartuta honakoa gaineratu zuen Lopez Adanek: «Ez dut batere maite presoen gaiari gaur egun ematen zaion tratamendua, Estatuen aldetik bada mendeku borondate bat, jendea kartzelan mantentzen dute, eta egun oraindik sententziak badira pertsonak 30 urtera kondenatzen dituenak. Salatu egin behar da Estatuen aldetik ez dagoela Justizia Trantsizionala edo elkarrizketarako inongo borondaterik, haien aldetik dena gezurra eta manipulazioa da, errepresioa eta mendekua mantentzeko».

Militanteen ohorea eta etika iraultzailea
Lopez Adanen aburuz, garrantzitsua da «militanteen ohorea errespetatzea». Honela adierazten du idazleak: «Gure aldetik bada arazo bat, eta sentitzen dut norbaitek gaizki hartzen badu, nire ustez gure gudariak gudariak direla, ez dira biktima hutsak. Torturaren biktimak dira, bai, errepresioaren biktimak dira, baina haientzako ez da soilik eskatu behar Estatu demokratikoek haien legeak bete ditzatela 30 urte espetxean egoteko. Nere ustez jende hori aldarrikatu behar dugu askatasunaren alde borrokatu duen jende zintzo bezala».

Liburuan garrantzia handia du etikak, baina Lopez Adanek oinarrian «etika iraultzailea» erabilzen duela zehazten du, «hau da, tiranoen kontra altxatzea jende xehearen askatasuna eta duintasuna bermatzeko, heriotzaraino behar bada, hor da etika, alegia, palazioei eta jauregiei gerla, eta etxolei bakea». Eta zera gaineratzen du: «Etika hori aipatua izan da ETAren sorreratik azken eguneraino, eta liburuan agertzen dira etika hori hausteko batzuek urratsak eman dituztenean izandako eztabaidak».

Irakaspen nagusiak
Hainbeste datu bildu eta halako lan bat egin ostean, zer nolako irakaspena atera daitekeen galdetuta, honakoa erantzun zuen Lopez Adanek: «Nire ustez, momentu batean herriari protagonismoa emateko jarreratik erakunde politiko-militar konkretu eta autoritario bati lehentasuna ematera nola pasatu den da problema nagusia. Hor izan zen haustura bat, iraun duena eta ondorio oso txarrak izan dituena».

Adibide moduan Aljerreko elkarrizketak aipatu zituen idazleak, eta honako erreflexioa egin zuen: «Hasiera batean borroka armatuaren helburua etsaia menderatzea zen, herriak autoorganizazioaren protagonismoa har zezan, eta momentu batean erabakitzen da ezetz, erakundeak baduela gaitasuna berak Estatuarekin nahi duena negoziatzeko, eta horretarako indarrak metatu behar direla, Estatuaren aurrean indarra izateko. Borrokaren ardatza erakundeen ordezkarien arteko elkarrizketa horietan oinarritzea akats larria izan dela iruditzen zait».