Asier Aiestaran

Orain arteko bi bikote onenak Eibarren neurtuko dira igandean

Elezkano II-Zabaleta eta Altuna III-Mariezkurrena sailkapenaren puntan dabiltza hasieratik, baina atzetik datozen bikoteek presioa sartzen dute. «Noizean behin partida bat galtzeak oinak lurrean ipintzen laguntzen dizu», aitortu du Mariezkurrenak azken jardunaldiko porrotari buruz.

Mariezkurrena, Altuna, Elezkano eta Zabaleta, gaur goizean Eibarren (ASPE)
Mariezkurrena, Altuna, Elezkano eta Zabaleta, gaur goizean Eibarren (ASPE)

Binakako Txapelketan orain arte onenak izan diren bi bikoteak, Elezkano II-Zabaleta eta Altuna III-Mariezkurrena, elkarren aurka neurtuko dira igandean Eibarren, eta partida horretarako material aukeraketa ostegun goizean egin dute Astelena pilotalekuan.

Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta ligaxkako lehen postuan daude zortzi punturekin; Jokin Altuna eta Jon Mariezkurrena bigarren daude zazpi garaipenekin. Garrantzitsua da lehen bi postuetan amaitzea, kanporaketaz ahaztu eta finalerdietako ligaxka jokatzea ziurtatzen duelako, baina atzetik presioa sartzen ari dira aurkariak.

Altuna eta Mariezkurrena, esaterako, azken neurketa galtzetik datoz, eta Peña II-Albisu bikotea puntu bakarrera ipini zaie. «Porrota ahaztuta daukat jada. Hurrengo egunean gertatutakoa aztertzen duzu, agian gehixeago lagundu behar nion Joni, baina segituan hurrengo partidan pentsatzen hasten zara. Badakigu goian ibiltzea oso zaila dela, bikote guztiek asko jokatzen dutela», adierazi du Jokin Altunak.

«Noizean behin partida bat galtzeak oinak lurrean ipintzen laguntzen dizu. Baina ongi entrenatu dugu eta iganderako prest gaude», berretsi ditu Jon Mariezkurrenak bere aurrelariaren hitzak.

Lehen itzulian, Azpeitian jokatutako norgehiagokan, Elezkanok eta Zabaletak 22-15 irabazi zuten, eta neurketa hura gogoan, bi bikoteak elkarri laudorioka jardun dira.

«Dagoen aurrelari artistena» bezala deskribatu du adibidez Elezkanok Altuna, eta amezketarrak Zaratamokoaren lana goraipatu nahi izan du: «Beti Joseren lana nabarmentzen ari gara, asko jotzen duela eta ez duela pilotarik galtzen. Gutxi hitz egiten da Danel egiten ari den txapelketaz, eta sekulako maila ematen ari da».

Jardunaldia Muskizen amaituko da

Hamargarren jardunaldia Muskizen amaituko da astelehen gauean, Olaizola II-Rezusta eta Urrutikoetxea-Imaz bikoteen arteko partidarekin. Interesguneetako bat bertako pilotaleku urdina ezagutzea izango da, Beñat Rezustak onartu baitu lehen aldiz jokatuko duela frontoi horretan.

«Niretzako frontoi berria da, baina itxura ona dauka. Ea ongi jokatzen dugun, guretzako lasaiatasunaren puntua izan daitekeelako. Ea ateratzen dugun», aipatu du seigarren garaipenaren bila joango den Bergarako atzelariak.

Urrutikoetxea eta Imaz, bestalde, aurreko larunbatean Markinan emandako itxura txarra ahazteko gogoz daude, nahiz eta jakin lan zailak izango dituztela. Aurreneko itzulian 22-11 nagusitu ziren Olaizola eta Rezusta.