NAIZ

Beka programaren deialdi berria abiatu dute Bilbo eta New Yorkeko Guggenheim museoek

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lau gaztek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoan esperientzia profesional bat izateko aukera izango dute, Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoek eskaintzen duten bekaren bidez. Edizio birtuala izango da aurtengoa, eta izena emateko epea zabalik da jada.

New Yorkeko Guggenheimekin elkarlanean ariko dira lau hautatuak. (NAIZ)
New Yorkeko Guggenheimekin elkarlanean ariko dira lau hautatuak. (NAIZ)

Bilbo eta New Yorkeko Guggenheim museoen beka deialdiari esker lau gaztek esperientzia profesionala eta artearekin eta museoen jardunarekin zerikusia duten gaietan trebatzeko aukera izango dute New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-eko hainbat arlotan.

Aurtengo edizioa birtuala izango da erabat, aurrekoa bezala, pandemiak eragindako murrizketengatik, eta iraila eta abendua bitartean izango da. Izena emateko epea martxoaren 29an amaituko da, eta hautatutako gazteek 1.750 dolarreko dirulaguntza jasoko dute.

Graduatu berri diren ikasleei zein graduaren azken urtea edo graduondoko ikasketak egiten ari diren ikasleei zuzentzen zaizkie praktikaldiak, beti ere ondoko bi baldintza hauek betetzen badituzte: Araba, Bizkaia edo Gipuzkoan bizitzea behintzat 2019ko urtarrilaren 1etik eta ingeles maila altua izatea, ahoz nahiz idatziz.

Zehazki, hurrengo hauek dira izena eman dezaketenak: graduatu berri diren ikasleak (2018-2019 ikasturtetik aurrera graduatutakoak), graduaren azken urtean daudenak edo graduondoko bat ikasten ari direnak.

Praktikak sarean

Praktikak sarean egingo dira erabat (2020ko deialdian ere horrela gauzatu behar izan ziren eta emaitzak onak izan ziren), eta hainbat arlotan lan egiteko aukera eskaintzen dute, besteak beste, erakusketen diseinuan, hezkuntzan, komunikazioan, marketinean, kontserbazio arloan, argitalpenetan edo argazkigintzan.

Praktikaldiak irauten duen bitartean ikasleek banakako proiektu bat garatu beharko dute, bileretan parte hartuko dute eta praktikaldia egiten ari diren arloari dagozkion jarduerak beteko dituzte. Gaiera, ‘Museum Culture Seminars’ sarko mintegietan parte hartuko dute; horietan, partaideek modu birtualean ezagutuko dituzte museoko profesionalak eta beste bekadun batzuk, eta haiekin elkartrukean arituko dira alor kulturalean pil-pilean dauden gaiak eztabaidatzeko.

Interesdunek Guggenheim Bilbao Museoaren webgunean ikus ditzakete oinarriak, eta bertan eman dezakete izena martxoaren 29ra arte. Programa honi lotutako edozein zalantza edo galdera izanez gero, museoarekin harremanetan jar daiteke, basqueinternships@guggenheim-bilbao.eus helbidera idatziz.