Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Euskal aberriaren olerkari, antzerkigile eta artikulugile nekaezina

Joan den mendeko euskal lider politikorik handienetakoa izan zen. Jelkidea gaztetatik, jeltzalea hil arte. Baina besteak beste bere hitzaldiek famatu zuten politikariaren atzean idazlea ere bazegoen, olerkari, antzerkigile eta, batez ere, prosagile bikaina.

Monzon, Isaac Lopez de Mendizabal »Ixaka» politikari eta kultur eragilea agurtzen (Olaso Dorrea Fundazioa)
Monzon, Isaac Lopez de Mendizabal »Ixaka» politikari eta kultur eragilea agurtzen (Olaso Dorrea Fundazioa)

Telesforo Monzonen izenak Peio eta Pantxoak dotore asko zabaldutako abestiren bat bide dakarkie askori gogora: “Itziarren semea”, “Batasuna”, “Plazara”, “Euskalduna naiz”, “Lepoan hartu”... Monzonen bizitzaren eta, beraz, borrokaren hiru ardatzen ingurukoak: herria, euskara eta batasuna. Abesti horiek eta batez ere haren hitzaldiak eta, oro har, jardun politikoa datozkie burura eta ez, nonbait, haren literatura lan ugariak.

Izan ere, politikariak neurri handian idazlea zokoratu zuela esan liteke. 36ko gerratik, are lehenagotik ere, hil arte Euskal Herriko lehen lerroko eragile izan zen, eta haren konpromiso politikoak lorratz nabarmena utzi zuen Telesforo Monzon olerkari, antzerkigile eta prosagilearen ibilbide literarioan. Hala berean, haren jarrera eta jokabide politiko ezinago argiek haren obra hautemateko moduan ere eragina izan zuten, onerako nahiz txarrerako.

EAJko kide, 1931n Bergarako zinegotzi hautatu zuten eta luze gabe atentzioa eman zuen haren etorri suhar, sakon eta ulerterrazak, jende asko erakartzen baitzuen. Euskal Herriko bazterretan zehar ibili zen Jose Antonio Aguirre, Manuel Irujo, Kepa Enbeita Urretxindorra, Estepan Urkiaga Lauaxeta eta beste hainbatekin batera.

Euskara

Hizlari trebea zen gaztelaniaz bezala garai hartan ezohikoa zen euskarazko jardunean ere. Izan ere, euskara erabili ez ezik, landu ere egin zuen. Nikolas Ormaetxea Orixe-k, “Gudarien Egiñak” liburuko poesiaren metrika laudatu zuen artikulu batean, idazkera ia akats gramatikalik gabekoa zela idatzi zuen. Nabarmentzeko modukoa iruditu zitzaion, areago «euskaldun berria dela» kontuan izanda. Badirudi, ordea, Monzonek ama hizkuntza berreskuratu egin zuela, beste hainbatek bezala erdi ahaztua baitzuen, nonbait, eta Zuzenbide ikasketak egin ondoren Madrildik itzulitakoan, Tolosara joan zen. Han Lizardi, Orixe, Antonio Maria Labaien, Jose Ariztimuño Aitzol, Emeterio Arrese eta beste zenbait idazlerekin batzen omen zen solasean.

Euskara giputza oinarri, mendebaldekoa eta lapurtera ez ziren arrotzak haren hitzaldi eta idatzietan; nolanahi ere, haren euskarak bilakaera handia izan zuen, euskalkitik batura eginez.

1937ko abuztuan Ipar Euskal Herrira joan zen. Han errefuxiatuei laguntza emateko lanetan ibili zen eta naziek Estatu frantsesa okupatu zutenean, Gourseko kontzentrazio esparruan sartu zuten, berak poema batean kontatu zuenez: «Begi larri, egonean/ arantza-burdin atzean...». Ondoren Mexikora abiatu zen; Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan, Parisera, eta luze gabe, Donibane Lohizunera.

Koldo Izagirrek ondo ezagutzen du Monzonen obra, “Hitzak eta Idazkiak” (Jaizkibel, 1986) izenburuko sei liburukitara bildu zuenez gero. Hark dioenez, Donibane Lohizunen errotzeak garrantzi handia izan zuen bergararraren euskararen bilakaera horretan: «XX. mende erdialdeko prosagile hegoaldetarren hizkera lehor, bizirik gabe eta aranakeriatik osoro urrunezinaren ondoan, Monzonena harrigarri egungoa eta modernoa egiten zaigu. (...) Hangoa bezala hemengoa izate honek halako euskara berezi, aberats eta pre-batua lez post-batua ere bataia genezakeen eredua sortarazi zion euskalkien nabardurak maisuki profitatuz».

Batua

Batuaren sorrera ofizialak 1968. urtea du data eta Arantzazu sorleku; hala ere, lauzpabost urte lehenago hasi zen Baionako Euskal Idazkaritza haren oinarria zirriborratzen Txillardegiren gidaritzapean. Besteak beste, Jean Louis Davant, Piarres Lafitte, Eneko Irigarai… eta Telesforo Monzonek ere parte hartu zuten bilera haietan. 1966an euskaltzain izendatu zuten.

Euskararen batasunaren alde agertu zen, beraz, Monzon. Nekez uler zitekeen haren aurka agertu izan balitz, gaztetatik Euskal Herriaren, euskal herritarren batasuna etengabe aldarrikatu baitzuen. Eta euskara batuaren aurreko batuan josi zituen bere artikulu eta saio ugariak.

Horiez gainera, poesia eta zenbait antzezlan ere idatzi zituen. Gorka Aulestia Literatura doktoreak honela laburbildu zuen Monzonen obra idatzia: «Poesia liburu biak, bederatzi antzerki lanak, kantatzeko egindako poesia ederrak, prosa dotorean idatzitako ezin konta ahala artikulu eta saioek sentiberatasun bikainaren, umore finaren eta minik egiten ez duen ironiaren erakusgarri dira».

Herrimin olerkiak

Poema liburu bi idatzi zituen: “Urrundik”, Mexikon, eta “Gudarien Egiñak”, 1947an Lapurdin argitaratua. Hauxe dio Izagirrek haietaz: «Biak ere Lizardiren arrastoan doazen lanak dira bete-betean, baina haren bulkorik gabe, barne-urradurarik gabe». Monzonek ez omen zeukan uste handitan bere poemagintza: «Aberrigintzari eginiko ekarpenak bezala zeuzkan, ‘Amari, seme baten abesti apala’».

“Urrundik” bilduma Monzonen lehen liburua da, baita 36ko gerraren ostean argitaratu zen lehen euskal lana ere. Erbesteko herriminak eragina da –errealitatetik urrundutako herrimina, Izagirreren ustez–, gerra aurreko eta gerrako oroitzapen mingotsak: «Iparragirrerekin batera diot nik ere: Estranjeri aldean toki onak badira, baina bihotzak dio Joan Euskal Herrira!».

Jon Kortazarrek “Euskal Literatura XX. mendean” saioan (Prames, 2000) hauxe dio Monzonen lehen liburu horretaz: «Oinarri erromantikoetatik –Bakartasuna– abiatu bazen ere, ohiturazko literatura ironiatsuan barneratu zen geroago, egilea sinbolismoaren ondorengo joeran barneratu baitzen». Gerra aurreko poemagintzarekiko lotura sumatzen du literatura kritikari horrek ere, are, zenbait olerkitan, Lizardi oroitarazten duen inpresionismo kutsua ere.

Bere lan guztiei jantzi herrikoi eta irisgarria ematen die Monzonek. “Urrundik” bildumaren amaieran ageri diren partiturek iradokitzen dute olerki horiek herriak kantatzeko idatzi zituela. Ur Apalategik dio Monzonen poesia pertsonala edo intimista ez bada ere, tarteka sentimendu bereziren batek ihes egiten diola, eta “Tropikotik” olerki hunkigarria aipatzen du herrimin horren adibide gisa: «(...) Ene Negu maite...!/ zure magalera nik igesi arte/ eguzki honen min/ osatu zaidazu Lanu oroitzakin...». Edonola ere, Apalategiren ustez, oro har, «esan daiteke ikuspegi baikor eta neurri batean epikureoa dela Monzonek bere olerkien bitartez herriari eskaintzen diona, gizona halakoa zelako izatez, ala egoera latz hartan ‘herriak’ itxaropena behar zuelako…».

Epika lirikoa

“Urrundik” bildumak “Bake-Oroi” azpititulua du, eta bigarren parte bat iragartzen du Monzonek, “Guda-Oroi”, baina ez zuen inoiz argitaratu. “Gudarien Egiñak” bere bigarren bilduman jaso zituen batzuk, nonbait. Euskaldun gaztediari «biotzez» eskainitako hitzaurrean azaltzen du: «Aspaldi agindutako ‘Urrundik’ bigarren liburua –‘Guda-Oroi’– oraindik bukatu gabea det. Ez dakit iñoiz amaitu al izango ote detan ere. Bertsoak ez baitira, geienetan, artara yarrita sortzen, berez eta uste-ezian datozela baizik.

»Beraz, ‘Gudarien Egiñak’ dakarzkit gaur argitara. Oraindik yaiotzeko dagon ‘Guda-Oroi’ orrietatik igesiak ditut, izkutuan bizitzen aspertu zaizkidala nonbait. (...)».

Bigarren lan horretan 36ko gerraren kronika moduko bat egin zuen, lirikotasun nabarmeneko poema epiko baten bidez. Kritikari gehienek bi liburuen arteko aldea nabarmendu dute, bigarrenaren maila hobea dela iritziz. Idealizazioak indarra galtzen du eta errealismoak irabazi egiten du. Hala ere, Kortazarren ustez, «manikeismoa nagusi da eta neurri handiagoan edo txikiagoan gertakari heroikoak deskribatzeak eta kronikari-lana egiteko duen gurariak, gerra-poesia tipikoa izatea dakar». Izan ere, gudak jarraitzen zuela zioen Monzonek: «gerra ez da oraindik amaitu», eta urte batzuk geroago, ETAren borroka armatuarekin lerratuta zegoela, «gaur egungo gudariak lehengo gudarien jarraipena dira» esan zuen.

Antzerkia

Poesia bezala, herria gogoan eta herriarentzat idatzi zuen antzerkia 50 eta 60ko hamarkadetan, metafora, alegoria, ipuina nagusi direla. Arrakasta nabarmena lortu zuen antzezlan horiekin jendartean. Baserri giroko komediak egin zituen, konplexutasun handirik gabeak eta fabulak antzeztuz jendearen barrea eragitea xede. Monzonek bere obrak zuzentzen zituen, baita Piarres Larzabal lagun min eta antzerkigile oparoaren obra ugari ere.

Honako lan hauek plazaratu zituen 1956tik aurrera: “Lau kantari eta xori bat”, “Menditarrak”, “Harpeko bozkarioa”, “Zurgin zaharra”, “Ur garbi”, “Behorraren ostikoa”, “Gure behia hila da”, “Hazparneko Anderea” eta “Eneko Bizkai eta Maria Lorka”. Horietatik bost jokatu ziren.

«Sail ederra bene-benetan», idatzi zuen Santi Onaindiak: «Nolakoak ote? Urriak ez noski. Onela A.M. Labaien'ek dioskuna: ‘Laburdi aldean Monzon Olaso eta P. Larzabal dira azken urteotan aiputan daudenak. Monzon-Olasok poesiz eta zirtoz josita ‘Zurgin Zaharra’, ‘Behorraren ostikoa’, ‘Behia hila da’ komeria biziki politak egin ondoren, ‘Menditarrak’ antzerkian dramara jotzen du; eta au gogor jalgitzen da ‘Eneko Bizkai ta Maria Lorka’ deritzan dramakizun unkigarrian’».

Monzonena antzerki poetikoa dela esan izan da. Goi asmorik gabea, Koldo Izagirreren ustez: «Ikusle onbera eta aseerraz bati zuzendua, Iparraldeko gizarte tradizionalenean kokaturiko istorioak erakusten zituena». Lan horien arrakasta gorabehera, antzerki horrek ez zituen belaunaldi abertzale gazteagoen kezkak islatzen, ez edukiari ez formari dagokionez, nahiz eta Monzon garai hartarako belaunaldi abertzale gazteagoen ideietatik gero eta hurbilago zegoen. «Gaztediak berritasuna behar zuen, Euskal Herri idilikoaren ideia apurtu nahian zebilen artean eta literaturan, eta egunerokotasun anker eta etsigarriari aurre egiteko gai ikusten zuen bere burua», dio Izagirrek, eta gogora dakartza Xabier Letek 1968an, X. Bergaretxe ezizenez, “Zeruko Argia”-n idatzi zituen «hitz gogor eta aldi berean osasungarriak». Monzoni zor zion «adiskidetasun eta errespeto guztiarekin», obra hura baino hobeak bazituela eta hura baino hobeak egiteko ahalmena bazuela idatzi zuen Letek. «Noiz arte jarraitu behar dugu gure buruari kalte egiten? Noiz arte ebasioko ohitura eta itxura faltsuetara ihes egiten? Horiek al dira gure realidadearen egiak? Gainera, Euskal Herrian goi mailakoa kontsideratua dagoen teatro talde batek beste responsabilidade batzuk baditu. Forma berriak sortu, gaiak sakondu, teknika hobeagotu. Non dago hori guzia? (...) Bitartean, zai egon beharko gera, ia egun horietako batean behorraren ostikoak min emango digun toki batean harrapatzen gaitun, behin eta betirako esnatu gaitezen».

Prosa

Hainbat aldizkari eta egunkaritan idatzi zuen politikari eta idazle bergararrak; besteak beste, “Gure Herria”, “Alderdi”, “Euzko-Gogoa”, “Enbata” eta “Egin”-en. 1995ean Elkar argitaletxeak “Langosta baten inguruan” artikulu bilduma plazaratu zuen. Berriro ere, Koldo Izagirrek aukeratu zituen artikuluak, hitzaurrea idazteaz gainera: «Lizardiri bezala gertatu izan zaio Monzoni ere neurri batean, poetaren ospeak ezkutuan utzi izan du prosagilearen handia».

Bat dator Gorka Aulestia iritzi horrekin, baina Lizardiren obrarekin barik, Orixerenarekin alderatuz: «T. Monzonen literatura produkzioarekin (Orixe-renarekin bezala) benetako maisu baten prosa ahaztu eta geroratzeko arriskua dago, hainbeste erreparatzen zaio haren poesiari». Haren prosa poetikoa dotorea eta aldi berean ulergarria dela dio, jende xumearen eskueran dauden konparazioak, metaforak eta hiztegia direla eta. «Aristokrata baten forma fin neurtsuak zituen gizon hark bazekien herri arimaraino sartzen bere mezu argi eta xumearekin».

Askotariko gaiak jorratzen dituzte haren artikuluek, batzuk bere jardun politikoari lotuak daude eta beste askok, berriz, eguneroko bizimodua eta herritarren kezkak dituzte hizpide. Prosa arinean baina, Izagirrek dioenez, ez sakontasunik gabean. Idazle pasaitarrak Monzonen naturarekiko atxikimendua eta alderdi festazalea nabarmentzen ditu, «bere kristautasunak ezin ezkuta zezakeen hedonismo zuhur eta moderno batean», eta Lizardiren arrastoan sumatzen du Monzon horretan ere: «Alderdi formalean hari zor dionaz gai –artikuluaren kentzea, aditz laguntzailea ekiditea, elementuen eta aroen antropomorfatzea, naturarekiko ekarria–, biek ere jakin izan zutelako beren jarduna luma laxo utzirik, barneak agintzen zienari bide emanez, noiz norberaren ahuldadeak azaltzeko, noiz aitorpen intimo bat egiteko, idazlearen deabrua nagusitzen zaiola politikoaren aingeruari. Eta politikoek oro har hain gorroto duten umoreak, ironia mehe eta inteligentea eginik, halako dimentsio hilezkor bat ematen die bion lerro anitzi, alderdikeriak baino zabaltasunak gehiago, konsignen fedeak baino biziaren beldurrak bortitzago eragiten zienez».

Monzonen kristautasunaz dihardu Edorta Jimenezek ere haren prosa hizpide: «Telesforok han-hemenka biltzen zituen pasadizoak, gero hiru-lau egoki josteko, arrazoibide ulergarriren bat bilatu eta, hara, alegiatxo bat, ipuintxo bat osatzen zuen, ulergarri bezain sakon. Joste-lan horretan erabiltzen zuen orratza bere humanismo kristaua zuen, Vatikanoari ere zizt egiten zekiena bera». Ustez behintzat ideologia kristau-demokrata zuen politikari bat nolatan izan zitekeen ezkerreko mugimendu baten liderretako bat? Paradoxikoa balirudike ere, kristautasunaren bidetik hurbildu zen ezkerrera bere burua inoiz ezkerrekotzat aitortu ez zuen jeltzalea. Ezkerreko jende harengan aurkitu zituen bere balio kristauak, herria, herri xehea maitatzera eraman zuten balio haiek, hain zuzen.

Kantagintza

Gerraosteko euskal kantutegi politiko mamitsuena Ipar Euskal Herrian sortu zen. Haren egileak, Labegerie, Berzaitz, Etxamendi eta, berriz ere, Monzon. 1960ko hamarkadaren amaieran sortu zituen Euskal Herrian oraindik ere entzuten diren “Itziarren semea”, “Batasuna”, “Plazara”, “Euskalduna naiz”, “Bai euskarari” eta beste hainbat abesti. Kantu horiek benetako himnoak dira. Gorka Aulestiak artikulu batean esan zuenez, Monzon bera ohartu zen, bere kantuei dagokienez, norena zen epaia: «Badira ilusio handiarekin egindako abesti batzuk herriak baztertu egin dituenak. Nire aldetik, epaituta daude. Itxaropen gutxiagorekin idatzitako beste batzuk, aldiz, dagoeneko ez dira nireak, gure herriak bere egin baititu».