Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Klima eta biolentzia

Haselen aldeko protesten atzean talde antolatuak daudela aipatzen dute; ez, ordea, edukiontzi bati su ematea baino egiturazkoagoak diren indarkeriak.

Ez dut ulertzen, masokismoa ez bada, zer arrazoi dagoen ikusten jarraitzeko. Baina ezin dut utzi. Beharbada, zinema kutsuko sintoniak eta adjektiboen erabilera jarraituak harrapatzen naute, edo zapping egitean telebista katearen gainean agertzen den izenak, “Al Rojo Vivo”, ikuskizuna ziurtatuta dagoen itxurakoa.

Edonola ere, aste honetako programek, Bartzelonako protestak ardatz, goia jo dute, eta algararen bat eragin ere bai –nire adikzioaren zergatia?–. Epidemiologo baten ikuspegitik soziologo baten ikuspegira erraz mugitzen zen tertuliakide bati entzun diot «talde anarkistak eta bortitzak» heltzen ari direla Bartzelonara, «Italiatik eta Frantziatik gertu dagoelako» eta klima «zoragarria» duelako. Tenperatura hobea duten eta elikagaia –kasu honetan, istiluak– aurki dezaketen gune epeletara joaten diren hegaztiak balira bezala. Saio horretan aipatu zuten Haselen aldeko protesten atzean «talde antolatuak» daudela; ez, ordea, edukiontzi bati su ematea baino egiturazkoagoak diren indarkeriak.  

Noski, ez zuten aipatu Europar Batasunak arrakala argia erakusten duela gazteen langabeziari dagokionez: %40koa, espainiar Estatuan; enplegu bat dutenen artean lan baldintzak iraingarriak direla; eta alokairua gero eta neurrigabeagoa dela soldatarekiko. Sozializatzeko espaziorik gabe, harreman afektiboak eta hezkuntza-prozesuak etenda, gazteak dira «neke pandemiko» deritzon fenomenoak gehien kaltetu dituenak, «eta hori beren gogo-aldartean islatzen da esplizituki, gainerako biztanleena baino are okerragoa». CSICen hitzak dira.

Erabilitako hizkera horrek, alde batetik, egoera sinplifikatu, gazteak kriminalizatu eta Poliziaren bertsioari eustea du helburu; esaterako, atzo Iruñean gertatu ziren atxiloketak a posteriori justifikatzeko. Bestetik, ezkutatu egiten dute erretako edukiontzi bakoitzeko Poliziaren hamaika abusu daudela; hautsitako erakusleiho bakoitzeko, dozenaka foam bala; edo  besterik gabe sozializatzeko, antolatzeko eta langileen eskubideak defendatzeko ekimen bakoitzeko, beste hainbat kolpe; adibidez, Tubacexen, Mendillorrin eta Tuteran.