NAIZ

Ertzaintzaren operazioa Araban espoliazio arkeologikoaren aurka

Ertzantzak bi pertsonei Euskadiko kultura ondasunaren kontrako delitua leporatu die, garai ezberdinetako aztarna arkeologikoak biltzeagatik Arabako hainbat aztarnategietan.

«Burdin» operazioan Ertzaintzak antzemandako materiala (Argazkia: Ertzaintza)
«Burdin» operazioan Ertzaintzak antzemandako materiala (Argazkia: Ertzaintza)

Ertzaintzak «Burdin» operazioa burutu du Arabako espoliazio arkeologikoaren kontra. Operazio horretan bi pertsona ikertu ditu eta Euskadiko Kultura Ondasunaren kontrako delitua leporatu die. Garai ezberdinetako metalezko aztarna arkeologiko ugari berreskuratu ditu eta ikertuek aztarnak aurkitzeko ustez erabiltzen zuten metal-detektagailu bat atzeman du.

Ikerketa 2020ko ekainean hasi zen. Arabako Foru Aldundiak eta arkeologo profesionalek Arabako hainbat aztarnategitan aztarna historikoetan sumatutako kalteak eta lapurretak salatu zituzten. Arabako Foru Aldundiak hainbat salaketa jarri zituen, besteak beste, Iruña-Veleiako aztarnategikoa, espoliazio arkeologikoagatik.

Ikerketa 2020ko azaroan hasi zen eta Gasteizen bizi ziren eta ustez aztarnategi arkeologikoak, horien artean, Iruña-Veleiakoa, Arkaiakoa eta beste batzuk, etengabe espoliatzen zituzten bi pertsona identifikatu ahal izan zituen. Bi pertsona horiek metal-detektagailu bat pasatzen zuten intereseko lekuetatik, palak eta aitzurrak erabiliz eta metodologia arkeologikorik jarraitu gabe kata klandestinoak egiten zituzten. Horrela, aurkitzen zituzten metalezko hondar guztiak hartzen zituzten, ingurune arkeologikoetan kalteak eginez eta hondarrekin erlazionatutako informazio zientifikoa betiko galtzea eraginez.

2021eko otsailaren 13an Ertzaintzak bi pertsona horiek ikerketapean jarri zituen, detektagailua konfiskatu zuen eta metalezko aztarna ugari, besteak beste, garai ezberdinetako tresnak eta erremintak, txanponak, balak eta iltzeak berreskuratu zituen.

Ertzaintzak eginbideak eta ebidentziak Gasteizko Instrukzioko 4. Epaitegira bidaliko ditu, hura arduratzen baita ikerketez, eta atzemandako aztarnak Arabako Arkeologia Museora igorriko dituzte dagokion peritu-txostena egin dezan eta horien jatorrizko aztarnategiak zein diren zehaztu dezan.

Aurrekaria: «Ondare» operazioa

«Ondare» izeneko operazioa pasa den urteko abenduan burutu zen. Ertzaintzak egoitza Agurainen zuen eta Euskadiko eta Nafarroako haitzuloak eta aztarnategiak etengabe espoliatzen zituen talde kriminal bat desegin zuen. Operazio hartan agenteek legez kanpoko 20.000 aztarna arkeologiko inguru (litikoak, hezurrak eta zeramika-zatiak) atzeman zituzten taldeko kideetako baten etxean.