NAIZ

Punto de Vista jaialdiko sarrerak salgai jarri dituzte gaurtik aurrera

Salgai jarri dituzte gaur, igandean, Iruñeko Punto de Vista zinema jaialdiaren aurtengo edizioko sarrerak jaialdiaren webgunean eta Baluarteko leihatilan. 18. edizioa aurrez aurre egingo da eta eduki sorta bat online eskainiko du, Festival Scope plataformaren bidez.

Amos Vogelen lanaren atzerabegirada ‘online’ ikusi ahal izango da. (PUNTO DE VISTA)
Amos Vogelen lanaren atzerabegirada ‘online’ ikusi ahal izango da. (PUNTO DE VISTA)

Punto de Vista zinema jaialdiaren 15. edizioa aurrez aurre egingo da martxoaren 15etik 20ra Iruñeko hainbat egoitzatan eta segurtasun neurri guztiekin. Gainera, egoera sanitarioa dela eta, aurten jaialdiak online eskainiko du programazioaren zati bat, Festival Scope plataformaren bidez, egoitza horietara joan ezin duten pertsonentzat.

Sarrerak salgai daude ohiko lekuetan, gaurtik aurrera, jaialdiaren webgunean eta Punto de Vistaren egoitza nagusi den Baluarteko leihatilan. Aurrez aurreko proiekzioetarako sarreren prezioa 3 eurokoa izango da, eta emanaldi bereziena 3 eta 10 euro artekoa.

Gainera, aurten, hainbat bonu mota erosi ahalko dira programazioaren zati batez online gozatu ahal izateko, Festival Scope plataformaren bitartez. Eduki horien artean izango dira Sail Ofiziala eta Amos Vogel-i eskainitako atzera begirakoa. Eduki horietako batzuk Estatu espainiarrean bakarrik egongo dira eskuragarri.

Festival Scoperen bidez eskuragarri egongo den Punto de Vistaren programazioa hauxe da: Sail Ofiziala (martxoaren 15etik apirilaren 4ra); Amos Vogeli eskainitako atzera begirakoa (Mundu osoan eskuragarri, apirilaren 5etik 18ra); Alberto Graciaren ‘Tengan cuidado ahí fuera’ filma, Punto de Vistaren azken edizioan X Films proiektuaren irabazle izan zena (estatuan bakarrik eskuragarri, apirilaren 5etik 18ra); Nicholas Zembashi (Forensic Architecture) ikertzailea eta Lawrence Abu Hamdan soinu artista eta ikertzaileaei buruzko zikloak (mundu osoan eskuragarri, martxoaren 22tik apirilaren 18ra) eta Gutun filmatuak (Mundu osoan eskuragarri, martxoaren 22tik apirilaren 18ra).

Valentina Alvarado artistak diseinatu du aurtengo ediziorako sarrerako pieza. Jaialdiak zinemagile bati eskatzen dio urtero saio guztien hasieran proiektatzen den pieza labur hori egitea. Hala, Valentina Alvarado aurreko artista zerrendari batu zaio; bertan dira, besteak beste, Fernando Franco, Jaione Camborda eta Lois Patiño.

‘Se levanta el sol’ izena duen sarrerako piezaren hiru bertsioak ikusgarri daude jaialdiaren Vimeoko kanalean.