Maider Iantzi Goienetxe

Ehun migratzaile baino gehiago Irunen harrapatuta, Frantziak muga zorroztu duelako

Normalean egunero 8-10 migrante iristen baziren, hamar egunotan 300 bat ailegatu dira Irunera. Ia denak Kanariar Uharteetatik etorri dira, Lapurdin barna bidaia jarraitzeko, Estatu frantsesa helmuga. 100-190 lagun harrapatuta gelditu dira Polizia frantsesaren jarrera zorrotzagatik.

Lakuako Gobernuak «kontingentzia plana» abiatu du Irunera iritsitako migrante ugariei harrera egiteko. (IREKIA)
Lakuako Gobernuak «kontingentzia plana» abiatu du Irunera iritsitako migrante ugariei harrera egiteko. (IREKIA)

Duela hamar bat egunetik Kanarietatik migranteak ateratzen ari dira euren bidaia jarraitzeko, Estatu frantsesa helmuga. Eta horietatik 300 bat lagun Irunera iritsi dira. Zenbaitek muga igarotzea lortu dute, baina 100-190 lagun bitartean hemen gelditu dira ezin pasatu, Polizia frantsesaren jarrera gero eta zorrotzagoa delako.

Etorritako jende kopurua handia da, normalean egunean 8-10 ailegatzen direla kontuan hartuta. Horregatik, Lakuako Gobernuak «kontingentzia plana» jarri du martxan asteburuan, harrera arintzeko. «Kasu honetan» Gobernuak «nahiko azkar erreakzionatu» duela-eta bere poza agertu du Irungo Harrera Sareak: «Inor kalean ez gelditzeko asmoarekin, beste bi aterpetxe ireki ditu eta ez du mugatu zenbat egun gera daitezkeen». Gurutze Gorriak Irunen kudeatzen duen aterpetxea ez ezik, herri horretan bertan Udalak erromesentzat duen eraikina eta Hondarribiko beste aterpetxe bat egokitu dituzte migranteentzat.

Xabier Legarreta Lakuako Migrazio eta Asilo zuzendariak larunbatean azaldu zuenez, 106 pertsona artatu zituzten. Gehienak Saharaz hegoaldekoak eta magrebtarrak, «otsailean Kanariar Uharteetatik penintsulara ailegatuak». Irunen, migratzaile hauei zuzendutako aterpetxean, 64 lagunek egin dute lo; Irungo Udalak erromesentzako duen aterpetxean 30ek; eta Hondarribikoan, beste 12k.

Lakuako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irun, Hondarribia eta Donostiako Udalak baliabide horiek prestatzen elkarlanean ari zirela ere zehaztu du. Eta nabarmendu du «ez duela inork kalean lo egin».

Erantsi zuenez, guztiei ura eta jatekoa eskaini zaizkie, baita arropa eta maskarak ere; dutxa hartzeko aukera izan dute denek eta gorputzaren tenperatura neurtu diete.

Beatriz Artolazabal Gizarte Politiketako sailburuak Onda Vascari emandako eta Europa Pressek jasotako elkarrizketa batean adierazi duenez, erakundeek «egoki» erantzun dute. «Arazo hau Europa osoan daukagu. Egiturazko egoera bat da zeinari batera erantzun behar diogun, ez Euskaditik edo estatutik, Europa osotik baizik», defendatu du. Ildo horretan, migranteen iritsierak «hobeki koordinatu» behar direla argudiatu du, elkarri informazioa emanez.

Zergatik etorri dira hainbeste?

Zergatik ari dira ohi baino migrante gehiago iristen? Irungo Harrera Sareak bi arrazoi aipatu ditu. Alde batetik, «ez dakit zer gobernuk erabaki du Kanariek migranterik gabe egon behar dutela aste santuan». Bestetik, «Estatu frantsesean hauteskundeak dituzte maiatza-ekainean eta migrazioak gelditzeko ahaleginak egiten dituztela erakutsi nahi dute».

Ondorioz, ehun pertsonatik gora harrapatuta daude astelehen honetan Irunen, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan kontrol zorrotzak ezartzen ari diren polizia frantsesek jarrera noiz aldatuko zain.

Migratzaile batzuek EITB Mediari kontatu diotenez, beharrezkoak diren dokumentu guztiak izan arren, baita PCR negatiboak ere, mugako poliziek ez diete pasatzen uzten. Haien egoera larria dela eta muga igaro duten batzuk itzularazi dituztela ere salatu du Irungo Harrera Sareak.

«Iaz 2500 migrante inguru ezagutu genituen. Horrek esan nahi du gutxi gorabehera beste hainbeste ez genuela ezagutu. Horretaz ohartu gara Baionako aterpearekin datuak kontrastatu izan ditugunean», agertu dio sare honetako kide batek GARAri. Aurten, lehenengo bi hilabeteetan 500 pertsona ezagutu dituzte. %8-9 emakumeak dira eta oraindik 18 urte bete gabeko gaztetxoak, %5-6.

Sare honetako lagunak autobus eta tren geltokira joaten dira eta migranteak jaisten direnean euren burua aurkezten dute: zeintzuk diren azaltzen diete, zer baliabide dituzten Irunen, eta informazioa nahi badute 10.00etan Irungo plazan elkartzera gonbidatzen dituzte.