NAIZ

Durangoko 30 pertsona ezagunek igandeko herri galdeketan parte hartzera deitu dute

Durangoko Udalak bideo bat zabaldu du non 30 durangar ezagunek igande honetan, martxoaren 14an, Durangon trenbide zaharreko lurzoruan Lakuako Gobernuak aurrera eman nahi duen PERI 1 proiektuaren inguruan egingo den galdeketan parte hartzera animatzen duten.

30 durangar ezagunek igandeko kontsulta herritarrean parte hartzera deitu dute bideo baten bitartez. Kontsulta horretan, Durangaldeko herritarrek trenbide zaharreko lurretan PERI 1 proiektuaren inguruan duten iritzia ezagutuko da. Lakuako Gobernuak 18 solairuko bost eraikin eraiki nahi ditu, eta kolektibo batzuek baztertu egin dute proiektu hori.

Bideoan parte hartzen dute, besteak beste, Jon Andoni Goikoetxea Durangoko Cultural-eko presidenteak, Eneko Sagardoy aktoreak, Iñaki Loinaz apaizak, Andoni Lagos ‘Durangoko Pasioa’ ikuskizuneko aktoreak, Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek edota Durangoko auzoetako, mugimendu feministako zein Extremadurako eta Andaluziako Zentroetako ordezkariek.

«Durangorentzat egun historikoa izango da, historian lehen aldiz udal galdeketa herritarra egingo baitugu. Durangoren etorkizunerako berebiziko garrantzia duen gai bati buruz gure iritzia emateko aukera izango dugu durangarrok igande honetan; horregatik, herritar guztiak gonbidatzen ditugu Landako Gunera bozkatzera joan daitezen», adierazi du Durangoko Udalak.

Kontsulta Erabaki herri plataformak egindako 4.000 sinadurari esker egingo da. Horren ostean, Udaleko alderdi guztiek (EAJ, EH Bildu, Herriaren Eskubidea eta PSE) kontsulta egiteko baimena eskatu zuten 2019ko azaroaren 27an, eta ekainean jaso zuten espainiar Gobernuaren oniritzia. Orain PSE kontsulta egitearen aurka agertu da.